Duela ez asko, gozagarria zen Realaren partidak ikustea, eta taldearen jokoak lilura piztu zuen realzaleen, eta, oro har, futbolzaleen artean. Bada, sasoi honetan sufrimendua da nagusi. 0-1 galdu du Celtaren aurka, Anoetan, eta agur esan dio Europari. Izan ere, matematikoki ez bada ere, ia ezinezkoa du sailkatzea. Bi jardunaldi falta ditu liga amaitzeko, eta orain lau puntura dauka Konferentzia ligarako zortzigarren postua; gainera, aurretik dituen aurkarietako batzuek partida bat gutxiago jokatu dute.
Bukaerara arte borrokatu dira txuri-urdinak, baina ez da nahikoa izan. Erasoan kamuts dabiltza denboraldi honetan: gol aukera gutxi sortzen dituzte, eta, sortutakoan ere, ez dute asmatzen. Zaila da hala Europarako sailkatzea, eta ezintasun horren isla baino ez da sailkapena. Baita gaurko emaitza ere.
Partida hasi eta gutxira hartu du lehen sustoa Realak. Atzeko lerroa gaizki kokatua zela, Borja Iglesiasi iritsi zaio baloia, eta hura bakar-bakarrik geratu da Remiroren aurrean. Dena alde zuen Celtako aurrelariak, baina, Realaren zorionerako, gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Oso bigun ibili dira donostiarrak defentsan, eta zaleen haserrea piztu du horrek. Txistu batzuk ere entzun dira harmailetatik.
Esnatzeko balio izan die, behintzat. Hurrengo minutuetan oldarkor aritu dira txuri-urdinak, presio itogarria eginez, eta Celtak lanak izan ditu baloia atzetik ateratzeko. Imanolek zuzendutakoak saiatu dira aurkariari min egiten, maiz geldikako jokaldien bidez, eta tarteka pase asko harilkatuz. Lanean ari ziren, grinatsu, baina argitasun gutxirekin. Pixkanaka Celta ere pizten hasi da, nahiz eta ezerezean geratu diren bataren eta bestearen eraso saiakera gehienak.
Hala, bazirudien ez zela aparteko ezer gertatuko lehen zatian, baina sasoi honetan hamaika aldiz egindako hutsa errepikatu du Realak. Eta oraingoan ez du huts egin Galiziako taldeak. Celtako jokalariak jokoz kanpo utzi nahi zituzten txuri-urdinek, baina, horren ordez, sekulako zuloa utzi dute lerroartean eta defentsaren bizkarrean. Bi baten aurka, Borja Iglesiasek Alfoni oparitu dio baloia, eta, Remirok haren aurreneko errematea gelditu badu ere, bigarrengoan, aldaratzean, sarea zulatu du. 44. minutuan egin du Celtak 0-1ekoa. Animo oihu batzuk entzun badira ere, txistu artean utzi dute zelaia jokalariek.
Hankaz gora jarri zaio partida Realari. Agerikoa da denboraldi honetan golak sartzeko duen ezina, eta horrela zaila da puntuak hirunaka biltzea. Hala ere, aldageletatik bueltan kementsu ekin diote lehiari, emaitza iraultzeko gogoz. Zaleek ere hauspotu dute taldea, eta berotu egin da partida.
Realak 59. minutuan egin du lehen errematea bi zutoinen artera. Pablo Marinek errematatu du Traoreren erdiraketa, eta Guaitari gerri eta beso azpitik ihes egin dio baloiak. Ez du ateko marra zeharkatu, ordea. Bi aldaketa egin ditu segidan Imanolek.
Berean segitu du Realak, estutzen. Gero eta arrisku handiagoa sortzen zuen, gainera, aurkariaren area inguruan. 65. minutuan Oiartzabalek gertu izan du gola, baina haren erremateak langa jo du. Handik bost minutura, Guaitak salbatu du Celta. Jo eta jo jarraitu dute donostiarrek, eta izan dituzte abagune gehiago, baina ez dute asmatu.
Beste itxura bat eman du Realak bigarren zatian, baina, beste behin, esku hutsik amaitu du partida. Igandean jokatuko du ligako azken-aurreko partida, eta Anoetako azkena. Partida irabazita agurtu nahi dute oriotarra. Ea hala den.
Reala-Celta
Reala. Remiro; Traore (Jon Mikel Aramburu, 61. min.), Aritz, Zubeldia, Aihen (Javi Lopez, 77. min.); Brais Mendez (Sucic, 77. min.), Zubimendi, Marin; Kubo, Oiartzabal (Mariezkurrena, 87. min.) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 61. min.).
Celta.Guaita; Javi Rodriguez, Carlos Dominguez, Mihailo (Lago, 77. min.); Carreira Fran Beltran (Sotelo, 91. min.), Moriba, Mingueza; Fer Lopez (Pablo Duran, 66. min.), Borja Iglesias (Losada, 77. min.) eta Alfon (Williot, 77. min.).
Golak. 0-1: Alfonek (44. min.).