Negreira 0-3 Reala

Realak aurrera egin du Kopan, baina ez du partida ona jokatu

Negreira Galiziako taldea kanporatu dute txuri-urdinek. Lehen zati oso txarra jokatu dute; hobeto ibili dira bigarrengoan.

Turrientes baloia jotzeko prest, Negreiraren aurkako partidan. Lavandeira Jr. / EFE
Turrientes baloia jotzeko prest, Negreiraren aurkako partidan. Lavandeira Jr. / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 28a
23:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin zuen huts egin Realak, Espainiako Kopako lehen kanporaketa gainditzeko obligazioa zuen, eta lortu du. Hala ere, ez dute pozik amaitu txuri-urdinek, edo ez lukete hala bukatu beharko. Partida hasi eta gutxira gola sartu arren, lehen zati oso txarra jokatu dute, eta denbora luzez hobea izan da aurkaria: Negreira, Galiziako preferente mailakoa; hau da, bost maila beherago dagoen talde bat. Bigarren zatian esnatu dira donostiarrak, eta beste itxura bat eman dute: bai jokoan, bai erritmoan. Azkenerako, 0-3 bukatu da partida. Hala ere, beste behin, agerian geratu dira Sergio Franciscoren taldeak dituen hutsuneak.

Reala ezinean dabil denboraldi honetan: makal aritu da partida gehienetan, zaleak haserretzeraino. Bada, Negreiraren aurkako lehen zatia ikusten ere desesperatuko ziren asko. Garrantzitsuena egin du: irabazi, eta aurrera egin. Baina nola. Eta ez da ahaztu behar parean nor zuen.

Espero zitekeen txuri-urdinek izatea baloiaren jabetza, eta atzean kokatzea Galiziako taldea. Eta halaxe hasi da partida. Erasokor ekin diote lehiari Realeko jokalariek, Zakharian gidari, eta partidari neurria hartu nahian aritu dira Negreirakoak.

Sadiq izan da protagonista nagusia hasieran. Aurrelaria majo saiatu da, eta presioan gogor lan egin du, baina onetik eta txarretik izan du. Bi aukera garbi-garbi huts egin ditu, barkaezinak zirenak, eta trakets aritu da jokaldi askotan. Kontrara, hark eman du lehen goleko pasea, 13. minutuan. Jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, irmo sartu da area barrura, eta Gotiri atzera pasea egin dio, hark baloia sarera botatzeko. 

Hain zuzen, azkar sartu du lehen gola Realak. Bazirudien zailena egina zuela, eta gozatzeko partida izan zitekeela. Baina ezta pentsatu ere. Hogeigarren minututik aurrera partidaren kontrola galdu dute, eta apal aritu dira. Erritmoa bizitu du etxeko taldeak, eta utzikeriaz erantzun dute txuri-urdinek. Atsedenaldira arte arrisku gehiago sortu du Galiziako taldeak, nahiz Marrero atezainak apenas parte hartu behar izan duen. Goian presio itogarria egin du Negreirak, eta Realari asko kostatu zaio aurrera egitea. Gainera, donostiarrak hain galduta ikusita, konfiantza hartu dute galiziarrek, eta parez pare lehiatu dira.

Kezkagarria zen partidaren gidoia, eta, batez ere, taldea ematen ari zen itxura. Oso zaila da halako talde batek goreneko klub baten aurka ezustekoa ematea, baina, ordura arte ikusitakoak ikusita, nork jakin. 

Jarrera eta jokoa aldatu behar zituen Realak ezinbestean, eta aldageletatik bueltan sumatu da aldaketa. Kanporaketa ahalik azkarren erabakita uzteko asmoz zelairatu dira txuri-urdinak, erasokor, eta Zakharianen oinetatik iritsi da saria, 54. minutuan. Erdilariak irrist egin eta behartuta egin du jaurtiketa area kanpotik, baina ona, eta atezainak ezin izan du ezer egin.

Pixkanaka, nekea sumatzen hasi dira aurkariak, eta Reala izan da nagusi, baina joko ikusgarria egin gabe. Etxekoek ez dute etsi, gainera. 82. minutuan sartu du hirugarren gola Donostiako taldeak, partidako azkena. Jokaldi ona josi dute txuri-urdinek, eta area barrutik jaurtiketa indartsua egin du Turrientesek. Haren aurpegiera serioak, hala ere, garbi utzi du ez zela gustura oro har partidan egindakoarekin.

Kopako lehen kanporaketetan ohikoa izaten da gehien jokatzen ari direnei atseden ematea eta gutxien ari direnen alde egitea. Halaxe egin du Realeko entrenatzaileak, baina zelairatutako guztiak ziren lehen taldeko jokalariak. Kanporaketa gainditu dute, bai, baina nola.

Gainerakoen txanda

Euskal Herriko bederatzi taldek jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa, eta Reala izan da jokatzen lehena. Hurrengo egunetan izango da gainerakoen txanda: Sant Jordi-Osasuna (asteazkenean, 19:00etan), Mutilvera-Zaragoza (asteazkenean, 19:00etan), Numantzia-Arenas Getxo (asteazkenean, 20:00etan), Naxara-Eibar (asteazkenean, 20:00etan), Portugalete-Valladolid (asteazkenean, 20:00etan), Eguesibar-Andorra (ostegunean, 19:30etan) eta Getxo-Alaves (ostegunean, 20:00etan).

Negreira-Reala

Negreira. Dacuña (Bedrullas, 82. min.) ; Sanchez, Lopez, Paco (Liñares, 72. min.), Diego; Freire, Lagares, Martin Pereira (Hugo Vazquez, 82. min.);  De Selia (Mayan, 82. min.), Suarez eta Adrian Pereira (Raul Garcia, 72. min.).

Reala. Marrero; Aihen, Caleta-Car, Aritz, Odriozola (Aramburu, 78. min.); Turrientes (Soler, 84. min.), Sucic, Zakharian (Sergio Gomez, 71. min.); Goti, Marin (Gorrotxa, 71. min.); eta Sadiq (Oiartzabal, 78. min.).

Golak. 0-1: Gotik (13. min.); 0-2: Zakharianek (54. min.). 0-3: Turrientesek (82. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.