Zaila da Realak gaur eskuratu duen puntua ona edo txarra den esatea. Zaleek gogoa zuten Sergio Franciscoren talde berria ikusteko, baina Reala gaizki aritu da lehen zatian, oso gaizki, eta 0-2 galtzen heldu da atsedenaldira. Bigarren zatia, ordea, oso bestelakoa izan da; txuri-urdinek 68. minuturako lortu dute berdintzea, eta irabaztea helburutzat hartuta ibili dira azken minutuetan.
Lehen hamar minutuak oso onak izan dira. Bizi-bizi zelairatu da Reala, joko zuzena egin du, eta etengabe sortu du arriskua Dmitrovicen ate inguruan. Bederatzigarren minutuko golak, ordea, goitik behera aldatu du dena: Luka Sucicek baloi bat galdu du zelai erdian, eta Espanyolek kontraeraso bikaina egin du. Pere Millak sartu du gola.
Hortik aurrera, Reala itzali egin da. Ez du baloia eduki, ez du arriskurik sortu, eta, oro har, nabaritu da taldea urduri zegoela.

Hamaikakoan hiru berrikuntza egin ditu Sergiok, eta horietako bi seinalatuta geratu dira lehen zatian: Sucic izan da bat, eta Jon Martin bestea. Atzelariak zenbait huts egin ditu, baina 42. minutuan Roberto Fernandezi egin dion penaltia izan da guztietan larriena. Aurrelariak ihes egin dio, eta Martinek bizkarretik heldu dio.
Puadoren jaurtiketa gelditu egin du Remirok, baina epaileak penaltia berriro botarazi du, Aramburu behar baino lehenago sartu delako arean. Bigarrengoan, Espanyoleko kapitainak ez du barkatu, eta Realari joera aldatzeko modua eman ziezaiokeen zerbait are kolpe handiagoa izan da azkenean.

Bestelakoa izan da bigarren zatia. Sergiok aldaketak egin ditu 57. minutuan: Gorrotxategik hartu du Turrientesen lekua, eta Oskarssonek Sucicena. Eskema ere aldatu du Sergiok, eta beste itxura bat hartu du Realak. 60. minutuan El-Hilalik irrist egin du Marinen pase bat urruntzean, eta Barrenetxeak, bizkor ibili, eta gola sartu du —zorte apur bat ere izan du—. Hortik aurrera, bestelakoa izan da Reala. Zortzi minutu geroago, Oskarssonek bikain baliatu du Oiartzabalen pase bat. Valentzian zorretan geratu zen aurrelaria, eta gaur kitatu ditu. Amorruz ospatu du gola.
Azken minutuetan estutu egin du etxeko taldeak, Brais Mendezek gol aukera on bat ere izan du Oskarssonen beste pase eder bati esker, baina Dmitrovicen erantzuna hobea izan da. Orain bakoitzak erabaki beharko du, ikusitakoak ikusi eta gero, Realak puntua ontzat eman dezakeen edo ez.