Kito. Realak egin ditu etxeko lanak Espainiako Ligan, eta ziurtatu egin du beste urtebetez Lehen Mailan jokatzea. Esku-eskura zuen mailari eustea, baina puntu bat lortu beharra zuen azken orduko estutasunak saihesteko. Gaur lortu du puntu hori, Gironan (Herrialde Katalanak), etxeko taldearen aurka bana berdinduta. Realzaleak, beraz, lasai egon daitezke. Baita athleticzaleak ere, emaitza horrekin talde zuri-gorriak mailari eutsi baitio.
Etxeko lanak egin izanak ez du esan nahi Realak egitekoa ondo bete duenik. Izan ere, ez da irabazteko gai izan seigarrenez jarraian, eta horrek agerian uzten du aspaldiko arazoa konpondu ezinik dabilela. Pellegrino Matarazzok behin eta berriro esan du azken txanparako helburua datorren denboraldirako konfiantzaz eta gogotsu egotea dela. Bada, helburu hori bete ezinik dabiltza txuri-urdinak. Gaur ere eskas aritu dira: aurretik jarri dira, baina gutxigatik ez dira geratu gero esku hutsik. Gironak ate aurrean asmatu izan balu, irabazi egingo zukeen. Â
Gironak jaitsiera postuetan ekin dio partidari, eta, premiak behartuta, gogotsu zelairatu da. Hasi eta berehala, Remirok zutoinera urrundu du Tsigankoven jaurtiketa. Arriskatzen ari ziren etxekoak, eta Barrenetxea hori aprobetxatzekotan egon da: bakarrik geratu da Gazzanigaren aurrean, baina atezainak baloia urrundu du. 28. minutuan, ordea, Jon Martinek ez du huts egin, eta gola sartu du buruz korner batean. Pozak, baina, gutxi iraun du, Barrenetxeak min hartu baitu. Matarazzok Pablo Marin atera du. 0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Zelaian nagusi zen Girona, baina emaitzan Reala.
Bigarren zatia bide beretik hasi da: Girona estutzen, eta, Reala, nola edo hala eusten. Matarazzok Soler eta Karrera zelairatu ditu Gorrotxategiren eta Kuboren ordez, baina aldaketek ez dute ezer aldatu, eta etxekoek nagusi izaten jarraitu dute. 66. minutuan jaso dute nagusitasun horren saria, eta Stuanik banakoa lortu du.
Berdindu eta gero, Gironak ekinean jarraitu du, bigarren gola sartu nahian. Aukerak izan ditu hori lortzeko, baina, Realaren zorionerako, ez du asmatu. Amaieran, puntu bat batu du talde bakoitzak. Gironari ez dio balio oraindik mailari eusteko. Realari, bai, baina ez suspertzeko. Bi partida ditu denboraldia ondo bukatzeko.
GIRONA-REALA
Girona. Gazzaniga; Arnau, Frances, Vitor Reis, Alex Moreno; Ivan Martin (Lema, 57. min.), Witsel (Beltran, 57. min.), Ounahi; Tsigankov (Echeverri, 80. min.), Bryan Gil (Stuani, 57. min.) eta Joel Roca.
Reala. Remiro; Aramburu (Turrientes, 86. min.), Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez; Herrera (Zubeldia, 86. min.), Gorrotxategi (Soler, 57. min.); Kubo (Karrera, 57. min.), Sucic, Barrenetxea (Marin, 33. min.); eta Oiartzabal.
Golak. 0-1. Jon Martinek (28. min.). 1-1. Stuanik (66. min.).