Jardunaldiek aurrera egin ahala, aurrera egin beharrean, atzera ari da Reala, jokoan eta, batez ere, emaitzetan. Gaur, berriro partida eskasa jokatu du Getafen (Espainia), eta larrutik ordaindu du, galdu egin baitu. Gaurkoarekin, talde txuri-urdinak jokatu dituen azken hiru partidak galdu ditu; beraz, argi dago bolada txarrean dagoela. Sailkapenean ere atzera egiten ari da pixkana-pixkana. Gero eta urrutiago ditu Europarako sailkapena ematen duten postuak.
Beste askotan gertatu zaien bezala, txuri-urdinek oso garesti ordaindu dute norgehiagokari adi-adi ez ekin izana. Izan ere, partida hasi eta hiru minutura Getafek gola sartu du, partidako gol bakarra. Gorosabelek huts larria egin du, eta Jorge Molinak ez du aukera galdu. Neurketaren hasiera besterik ez, eta txuri-urdinek jada kontrakarrean aritu behar izan dute.
Hala ere, gai izan dira gora egin eta aurkariaren atera arriskua sortuz iristeko. Oiartzabalek, Juanmik... Berdinketa lortzeko aukera argiak izan dituzte Realeko jokalariek, baina, beste behin, eskas aritu dira ate aurrean. Getafe partidaren erritmoa moteltzen saiatu da. Saiatu, eta lortu. Epailearen lanak ere zeresana izan du. Nahiko argiak ziren bi penalti egin ditu Getafek, baina ez epaileak ez VARak ez dute ezer ikusi.