Julen Etxeberria
Realak hurrengo orduetan joko du ofizialki kiebra eta ziur asko bihar aurkeztuko du merkataritza epaitegian Konkurtso Legea baliatu ahal izateko dokumentazio guztia. Hori egindakoan, epaile batek izango du ardura klubak aurkeztutako paper guztiak berrikusteko. Berak izango du azken hitza. Berak erabakiko du Realak Konkurtso Legea erabili ahal duen edo ez. Hurrengo egunetan emango du erabaki horren berri.
Konkurtso Legea baliatuta, Reala ez legoke Espainiako Bigarren B Mailara jaisteko arriskuan. Talde txuri-urdinak 4,8 milioi euro inguru zor dizkie lehen taldeko jokalariei, baina Realak Konkurtso Legea baliatzen duen unetik jokalariekin duen zorra bertan behera geratuko litzateke. Ezer gutxirako balioko die jokalariei Reala Espainiako Futbol Jokalarien Elkartean salatzea, Konkurtso Legea indarrean egonda, jokalariak hartzekodunak bilakatzen baitira, beste hainbat erakunde eta enpresa bezala. Jokalarien soldaten zati handi bat lehentasunezko mailegutza izango litzateke, eta apurka-apurka jasoko lukete diru hori, gutxi gorabeherako berme batekin. Soldaten beste zatia, berriz, mailegu arrunta litzateke, eta hartzekodunen konkurtsoaren garapenaren arabera jasoko lukete dirua.
Realak bere ekimenez egingo du Konkurtso Legea baliatzeko eskaera. Deialdi boluntarioa da, beraz, zordunak eskatzen duenean. Behin eskaera eginda, epaileak erabakiko du eskaera horri baiezkoa ematen dion. Eskaera onartuz gero, kluba kudeatuko duten administratzaile judizialak aukeratu beharko dira. Epaile batek aukeratuko ditu, eta administratzaileek klubak hartzen dituen erabaki guztiak onartu beharko dituzte: zein jokalari fitxatu eta zein jokalari saldu, besteak beste.
Realaren hartzekodunek kluba kudeatuko duten administratzaile judizialen artean bat aukera dezakete. Hala, litekeena da administratzaile judizial horietako bat Gipuzkoako Aldundiko ordezkari bat izatea. Pello Gonzalez Gipuzkoako Aldundiko Ogasun diputatuak joan zen ostegunean jakinarazi zuen Realak Konkurtso Legea baliatuz gero administratzaile bat bere eskuetan egotea nahiko lukeela. Ezustekorik ezean, epaileak eskaera onartuko du, Gipuzkoako Aldundia baita Realaren hartzekodun nagusia. Kutxa eta Lighthouse Consulting -Iñaki Badiola Realeko presidentearen enpresa- ere hartzekodunak dira, beraz, baliteke horiek ere administratzaile bat euren eskuetan nahi izatea.
Administratzaileek egingo duten lehen gauza enpresaren ondasunen benetako balorazioa egitea izango da. Hartzekodunen Ituna egitea edo enpresa saltzea da azken urratsa. Ituna eginez gero, enpresak akordioa lortzen du hartzekodunekin jaso beharreko zorraren zati bati uko egin diezaioten. Hartzekodunekin akordiorik lortu ezean, ituna betetzen ez bada edo enpresari ondasunak saltzea komeni bazaio, enpresa salduko litzateke.
Futbola
Realak bihar egingo du ziur asko Konkurtso Legea baliatzeko eskaera
Epaile batek izango du ardura klubak aurkeztutako paper guztiak berrikusteko, eta Reala ez legoke Espainiako Bigarren B Mailara jaisteko arriskuan. 4,8 milioi euro inguru zor dizkie lehen taldeko jokalariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu