Duela bi aste bete dira bost urte Realak azkenekoz Espainiako Kopa irabazi zuenetik. 2021eko apirilaren 3an izan zen, Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan. Talde txuri-urdinak 1-0 irabazi zion Athletici Mikel Oiarzabalek penaltiz sartutako gol bati esker. 34 urteren ostean, Reala berriro izan zen Kopako txapeldun. Asier Illarramendik altxatu zuten zerura kopa. Titulu horrek sekulako poza eragin zuen jarraitzaile txuri-urdinen artean, baina ospakizuna ez zen izan erabatekoa. COVID-19 birusaren pandemiaren eraginez, behar baino urtebete geroago jokatu zen finala, ikuslerik gabe, eta zaleak ezin izan ziren Sevillara joan. Jarraitzaile txuri-urdinek ezin izan zuten lorpen historiko horretaz behar bezala gozatu.
Bost urteren ostean aterako dute arantza hori. Realak Kopako finala jokatuko du gaur toki berean: Cartujan. Jokalekua da aldatuko ez den bakarra, beste guztiak ez baitu inolako antzik izango duela bost urtekoarekin konparatuta. Gaur, 26.000 jarraitzaile txuri-urdin baino gehiago egongo dira harmailetan. Aurreko finalaren isiltasunaren aldean, sekulako burrunba egongo da estadioan. Finala bertatik bertara ikusiko duten 26.000 zortedun horietaz gain, Realaren milaka zale egongo dira Sevillan. Handik urrun, berriz, Euskal Herrian, eta batez ere Gipuzkoan, milaka eta milaka zalek ikusiko dute partida. Guztiek desio bera dute: taldeak bueltan ekartzea kopa. Taldeak ere horixe egin nahi du.
Aurkaria ez da izango azken aldiko bera ere: txuri-urdinek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute. Bi taldeek badakite zer den elkarren aurka jokatzea Kopako final bat, gizonezkoetan zein emakumezkoetan, eta bietan izan zen txapeldun Reala. 1987an, Zaragozako (Espainia) Romareda estadioan, gizonezkoen taldeak penalti jaurtiketetan irabazi zuen, arauzko denboran bina berdindu eta gero. 2019an, berriz, Granadako (Espainia) Los Carmenes estadioan, emakumezkoen taldea 2-1 gailendu zen. Realzale guztiek itsu-itsuan sinatuko lukete berriro gauza bera gertatzea. Esaera zaharrak dioena betetzea nahi dute: bitan datorrena hirutan ere aurki datorrela.
Bolada bikaina Matarazzorekin
Realeko kide guztiak gogoz eta ilusioz gainezka daude. Motiboak dituzte konfiantzaz lepo egoteko, bikain ari baitira azkenaldian. Pellegrino Matarazzok itxuraldatu egin du taldea. Entrenatzaile estatubatuarrak lau hilabete daramatza Reala zuzentzen, eta haren esanetara, taldeak sekulako gorakada izan du. Klubak Sergio Francisco kargutik kendu zuenean, taldea jaitsiera postuetan zegoen ia, eta, gaur-gaurkoz, Europa ligarako sailkatzeko postuetan dago. Kopan, berriz, finala jokatuko du. Bi lehiaketa horiek kontuan hartuta, hemezortzi partidetan zuzendu du Matarazzok Reala, eta taldeak hamar irabazi ditu, bost berdindu, eta hiru baino ez ditu galdu. Datu bikainak dira. Hiru talde baino ez dira Reala baino hobeto aritu ligan 2026an: Bartzelona, Real Madril eta Vila-real.
Giltzak
Tarte erabakigarriak. Finaletan, oso garrantzitsuak dira zati bakoitzeko lehen eta azken minutuak. Realeko jokalariek oso adi aritu beharko dute horietan.
Oparirik ez. Txuri-urdinek ezin dute baloia galdu, Atletico Madrilek min handia egiten baitu kontraerasoan. Jokalari oso azkarrak ditu.
Aukerak aprobetxatu. Ondo bidean, Realak aukeraren bat izango du gola sartzeko. Eraginkor aritu behar du, eta edozein aukera aprobetxatu.
Emaitzez harago, taldeari indarra eta konfiantza handia eman dio Matarazzok. Jokoari dagokionez, berriz, taldea askoz hobeto ari da, eta aise ari da golak sartzen. Defentsan, ordea, sendotasuna falta zaio: aurkariek erraz sartzen dizkiote golak. Hori da daukan ahuleziarik handiena. Taldeko kide guztiek oso argi dute gaur ezin dutela hutsik egin, Atletico Madril iaioa baita aurkariaren hutsak baliatzen. Julian Alvarez, Antoine Griezmann, Ademola Lookman, Alexander Sorloth eta enparauak ez daude barkatzeko. Galde diezaiotela Bartzelonari. Espainiako taldeak Kataluniakoa kanporatu du Kopan eta Txapeldunen Ligan. Azken horretako final-laurdenetako itzuliko partida asteartean jokatu zuen Atletico Madrilek, eta, beraz, Diego Pablo Simeonek entrenatutakoek nekea pilatua izango dute, Realeko jokalariek baino hiru egun gutxiago izan baitute atseden hartzeko. Baina konfiantzaz lepo egongo dira finalerdietarako sailkatu eta gero. Gainera, pentsatzekoa da entrenatzaile argentinarrak aldaketak egingo dituela taldea indarberritzeko.
Matarazzo Realean dagoenetik bitan jokatu dute elkarren aurka Realak eta Atletico Madrilek: estatubatuarraren estreinakoan, bana berdindu zuten Anoetan. Duela hilabete, berriz, Atletico Madrilek 3-2 irabazi zion Realari Metropolitanon. Gaurko neurketak, ordea, ez du inolako antzik bi norgehiagoka horiekin; titulu bat dago jokoan.
Talde txuri-urdinaren hamaikakoari dagokionez, postu gehienek jabea dute. Unai Marrero ariko da atean, eta Jon Mikel Aramburu, Duje Caleta-Car, Jon Martin eta Sergio Gomez defentsan. Carlos Soler eta Beñat Turrientes seguru dira zelai erdian, baita Gonzalo Guedes eta Oiarzabal ere erasoan. Zelai erdian eta erasoan toki bana falta da zehazteko. Jon Gorrotxategik eta Ander Barrenetxeak dute aukera gehien jokatzeko.
2021ean Kopako txapeldun izan ziren zazpi jokalari ari dira orain taldean jokatzen: Alex Remiro, Marrero, Igor Zubeldia, Aritz Elustondo, Barrenetxea, Oiartzabal eta Aihen Muñoz. Euskal herritarrak dira guztiak, eta, Remiro ez beste, harrobikoak dira denak. Herritik eta herriarentzat. Horixe egin nahi du Realak: kopa bueltan ekarri etxera, festa bete-betea izan dadin.
ATLETICO MADRIL-REALA
Atletico Madril. Musso; Molina, Pubill, Le Normand, Ruggeri; Giuliano, Koke, Marcos Llorente; Lookman, Julian Alvarez eta Griezmann.
Reala. Marrero; Aramburu, Caleta-Car, Jon Martin, Sergio Gomez; Turrientes, Gorrotxategi, Soler; Barrenetxea, Oiarzabal eta Guedes.
Epailea. Alberola Rojas.
Lekua. Cartuja (70.000 ikusle).
Ordua. 21:00 (ETB1 eta La1).