Reala 0-1 Rayo

Realak egoera txarrari buelta eman ezinda segitzen du

Txuri-urdinek 0-1 galdu dute Anoetan Rayoren. Zortzi jardunalditan bost puntu lortuta, jaitsiera postuetan daude.

Realeko jokalariak lur jota, gaur, partida amaitu berritan. JON URBE / FOKU
Realeko jokalariak lur jota, gaur, partida amaitu berritan. JON URBE / FOKU
Paulo Ostolaza.
2025eko urriaren 5a
21:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joera aldatzen ari zela zirudienean, beste kolpe bat jaso du Realak. Mallorcaren eta Bartzelonaren aurka partida onak jokatu ostean, txuri-urdinek beraiek bezain pattal dabilen Rayoren aurka galdu dute Anoetan (0-1), eta datorren asteko etenaldira egoera oso txarrean iritsiko dira, jaitsiera postuetan: zortzi jardunalditan bost puntu soilik lortu dituzte. 

Gaur aldaketa gutxi egin ditu Sergio Franciscok. Mallorcari irabazi zion hamaikakoa zelairatu du, aldaketa bakarrarekin: Guedes sartu du Take Kuboren postuan. Horkatilean duen lesioari buelta eman ezinda dabil japoniarra. Lehen zatian Guedes bera izan da Realeko jokalari arriskutsuena, baina ez du meritu handiegirik ere egin behar izan titulu hori eskuratzeko.

(ID_15390839) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Pacha Espino gola ospatzen, gaur, Anoetan. JUAN HERRERO / EFE

Nahi bai, baina arrisku gutxi sortu dute etxekoek erasoan. Rayok, beste hainbeste. Abagune argiena, ordea, madrildarrek izan dute, Gorrotxategik area ertzean galdu duen baloi bati esker. Gutxigatik joan da kanpora De Frutosen errematea.

Bigarren zatian hobeto zelairatu da Reala. Arriskua sortu du lehen minutuetan, lehen zatian baino gehiago agertu dira Barrenetxea eta Oiartzabal, baina hala ere ez dute arrisku gehiegirik sortu. Uneotan talde tristea da Franciscorena, eta horixe da zelaian ematen duen sentsazioa ere.

Espinoren gola

Minutuek aurrera egin ahala, geroz eta urduriago jarri dira jokalari txuri-urdinak, baita zaleak ere, eta kontra eraso batean iritsi da danbatekoa: Ratiuk egin du jokaldia hegaletik, eta erdiraketa bakar-bakarrik errematatu du Pacha Espinok penalti puntuan. Remirok ikutu eta barrura. 83. minutua zen.

Amaierara arte saiatu da Reala, baina futbola baino bihotz gehiagorekin. Datorren bi asteak luzeak izango dira Zubietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.