Aspaldian irribarretsu dabiltza Realeko zaleak. Pellegrino Matarazzok taldea zuzentzeko ardura hartu zuenetik, goitik behera aldatu da donostiarren egoera, eta ilusioa piztu da inguruan. Txuri-urdinek Kopako finala jokatuko dute hilabete barru, eta ligan ere Europarako sailkatzea dute helburu. Orain dela ez hainbeste, etsita zeuden asko, eta, orain, denboraldiaren azken txanpari itxaropentsu begiratzen diote guztiek. Realak bolada onari segida eman nahi dio, eta eskailerak igotzen segitu asmo du. Horretarako, aukera ona izango du gaur: Vila-realen aurka jokatuko du, etxetik urrun (21:00, DAZN).
Aurkari gogorra izango du parean. Ligan laugarren dago Vila-real, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan, eta jokalari arriskutsuz osatuta dago. Etxean talde sendoa da, gainera. Ceramica estadioan ligan jokatutako hamalau partidetatik 11 irabazi ditu, bat berdindu du, eta bi galdu ditu. Etxean Real Madrilen eta Bartzelonaren aurka soilik geratu da esku hutsik, eta ez da hori nolanahiko datua. Ez hori bakarrik: ligan orain arte jokatu diren 28 partidak kontuan hartuta, Vila-realek lautan soilik ez du sartu golik. Eta batez ere etxean ari da eraginkorren.Â
Defentsa lanetan adi egon beharko du Realak, eta, hain justu, horretan du gabeziarik handiena. Hala ere, txuri-urdinek erakutsi dute edonori aurre egiteko gai direla. Take Kubo, Yangel Herrera eta Alvaro Odriozola min hartuta daude, eta ezingo dute jokatu; ezta Beñat Turrientesek ere, txartelak pilatu zaizkiolako. Beasaindarra funtsezko jokalaria bilakatu da Matarazzorentzat.
Taldea, «ondo»
Dena den, donostiarrek konfiantzaz egingo diote aurre partidari, eta ez da gutxiagorako. Txuri-urdinak asmatzen ari dira nola egin min aurkariari: bizi eta zuzen jokatzen ari dira, eta jokalari asko daude denboraldiko garairik gozoenean; horietako bat da Guedes. Oiartzabal kapitaina ere bikain ari da. Donostiarrek ligan jokatutako azken hamar partidetatik sei irabazi dituzte, bi berdindu dituzte, eta beste bi galdu. Eta bitarte horretan, Kopako finalerako sailkatu dira. Badituzte, beraz, baikorrak izateko motiboak.
Matarazzok atzo prentsaurrekoan adierazi zuenez, taldea «ondo» dago: «Vila-reali irabazteko aukerak izateko gure onena eman beharko dugu. Sailkapenean gora egiteko halako partidak irabazi behar dira».
Lehen itzuliko neurketan, Realak galdu egin zuen Anoetan Vila-realen aurka: 2-3. Orduan Sergio Francisco zen Realaren entrenatzailea. Matarazzoren esanetara, amaiera bestelakoa izatea espero dute.