Nekeza izan ohi da berdinketa batek aho zapore gozoa uztea, eta Athleticek eta Realak ere ez dute guztiz asebeteta amaitu gaur derbia, San Mamesen. Zati bakoitzean talde banak agindu du: lehenengoan Realak, eta bigarrenean Athleticek. Guedesen gol ikusgarri batek aurretik jarri ditu txuri-urdinak 36. minutuan. Partida ongi irakurtzen jakin du Pellegrino Matarazzoren taldeak, eta eskura izan du garaipena. Bigarren zatian sakontasun handiagoa falta izan zaio, baina ez du askorik sufritu. Ordea, epaileak Brais Mendez kanporatu izanak aldatu du gidoia, 83. minutuan. Hortik aurrera, berdinketaren bila itsu-itsuan joan dira zuri-gorriak, eta Ruiz de Galarretaren maisulan baten ondorioz iritsi da banakoa. Puntua poltsikoan zutela, bigarren gola sartzen ahalegindu dira azken txanpan bi taldeak, baina ez dute asmatu. Hala, sailkapenean lehen bezala jarraituko dute bi taldeek, hiru punturen aldearekin. Realak 28 puntu ditu, eta Athleticek, 25.
Bi taldeek aurkeztu dituzte berritasunak hasierako hamaikakoan, batez ere zelai erdian. Athletici dagokionez, Regok lagundu dio Jauregizarri; Realean Gorrotxategik izan du taldeari oreka emateko ardura. Bizi eta intentsitate handian abiatu da neurketa, eta txuri-urdinek lehen gola sartzeko aukera ezin hobea izan dute laugarren minutuan. Denboraldi honetako joera errepikatuta, zuri-gorriak ez dira fin aritu atzeko lerroan, eta Pablo Marin bakar-bakarrik sartu da atzetik aurrera Unai Simonen ingurura. Ongi jaurti du, baina baloia geratu egin dio atezainak. Aldaratzean, Oiartzabal ez da garaiz mugitu, eta Aresok kornerrera bidali du baloia. Ohartzerako aurrea hartzeko aukera ona izan dute gipuzkoarrek.
Sustoa gaindituta, partidan sartuz joan da Athletic pixkanaka, eta bere egin du baloia. Aurkariaren zelaian presioa egiteari lehentasuna eman dio, eta Realak zailtasunak izan ditu hiruzpalau pase jarraian emateko. Dena den, talde landuaren itxura eman dute bisitariek. Eroso sentitu dira atzean sartuta, eta Remirok ez du batere sufritu. Ideiarik eta argitasunik gabe jokatu du Athleticek erasoan. Baloia eduki du, baina kasik alferrik. Ez du minik edo mehatxurik egin. Nico Williams ahalegindu da ezker hegaletik jokaldi arriskutsuak sortzen, baina ez da fin ibili. Lehen ordu laurdenean hiru korner alde ere izan dituzte etxekoek, baina ez dute erremate bakar bat egin.
Minutuek aurrera egin ahala, metroak irabaziz joan da Reala. Soler eta Guedes fin ibili dira zelaiaren hiru laurdenetan, eta korner batean iritsi da txuri-urdinen bigarren gol aukera garbia. Jon Martinek ederki jo du buruz baloia, baina geldiketa ikusgarria egin du Unai Simonek. Gidoiari eutsi dio Matarazzoren taldeak, eta ongi interpretatu du jokoa. Athleticek baloia oinetan izan duenean atzean itxaron du, batere sufritu gabe, eta ondoren sakontasuna bilatu du aurrean. Geldikako jokaldietan ere min handia egin du, eta horrela iritsi da 0-1ekoa.
Lehenbizi, falta baten bitartez aukera dotorea izan du Guedesek. Maisuki sartu da arean atzetik aurrera, baina haren burukada Unai Simonek geratu du. Kornerrera joan da baloia. Bada, kornerrean heldu da gola. Motzean atera du Realak, baloia Guedesi iritsi zaio, eta areaz kanpotik gol ikusgarria sartu du aurrelariak, 36. minutuan. Goi mailako gola izan da. Kolpea hartu du Athleticek, eta ez du suspertzeko zantzurik ere erakutsi atsedenaldira bitarte. Lehen zatian sei gol aukera izan dituzte txuri-urdinek, eta alerik ez zuri-gorriek. Horren jakitun, aldageletara bidean txistu hots batzuk entzun behar izan dituzte etxeko jokalariek.
Presa eta urduritasuna
Bigarrenean beste ganora batekin zelairatu da Athletic. Ernesto Valverdek Ruiz de Galarreta zelairatu du Regoren ordez, eta taldeak galanki eskertu du. Indartsu sentitu da jokoan Athletic, eta kosk egitera zelairatu dira jokalariak. Gehiegi, akaso. Izan ere, defentsako lanaz ahaztu dira, eta Oiartzabalek barkatu ezin den gol aukera horietako bat huts egin du, 51. minutuan. Sekulako jokaldia osatu du bakarrik, baina Unai Simonen ate aurrean kanpora bidali du baloia. Txuri-urdin guztiek burura eraman dituzte bi eskuak.
Pixkanaka indarra eta aparra apalduz joan zaizkio Athletici, eta presa eta urduritasuna nagusitu zaizkio. Erabaki txarrak hartu dituzte zuri-gorriek, eta aldaketek ere ez dute aldatu partida. Robert Navarro eta Iñaki Williams zelairatu dira, baina ez da askorik antzeman. Jokoa egoki interpretatu du Realak. Erritmoa pausatu du, falta asko egon dira partidan zehar, eta jarraitutasunik lortu ezinda ibili da etxeko taldea. Bere onetik atera da hainbatetan, eta Valverde ere bere gidoitik atera da. Izeta zelairatzea erabaki du, baina Guruzeta ez du kendu. Hortaz, denboraldi honetan lehen aldiz bi aurrelarirekin jokatu du.
Eroso sentitu da Reala, eta eskura izan du garaipena. Defentsan sendotasuna lortzeko asmoz, Matarazzok aldaketak egin ditu, eta Brais Mendez izan da hautatuetako bat. Ordea, 83. minutuan txartel gorria atera dio epaileak. Paredesi masaileko txiki bat eman dio, eta akaso zigor handiegia jaso du. Horrek aldatu du partida. Reala atzean sartu da, eta erabat erasoan jardun dute etxekoek. Ruiz de Galarretak sartu du banakoa, eta bigarren gola sartzeko aukerak ere izan dituzte zuri-gorriek. Oskarssonek ere izan du okasio ederra zelaiaren beste aldean.
Azkenean, puntuarekin konformatu behar izan dute bi taldeek. Realak olatuari eusten dio, eta Athleticek ez du bururik altxatzen. Puntuak makillatu dio partida Valverderi, baina begien bistan geratu da taldeak ez diola funtzionatzen. Orain, ligako lanak alde batera utzi eta Espainiako Kopari heldu beharko diote bi taldeek, final-laurdenetako kanporaketan. Datorren asteazkenean jokatuko dute biek, 21:00etan. Realak Alavesen zelaian jokatuko du, eta Athleticek Valentziarenean.
ATHLETIC-REALA
Athletic. Unai Simon; Areso (Gorosabel, 78. min), Paredes, Yuri; Adama; Rego (Ruiz de Galarreta, 46. min), Jauregizar; Berenguer (Izeta, 71. min), Unai Gomez (Robert Navarro, 62. min), Nico Williams (Iñaki Williams, 71. min); eta Guruzeta.
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Turrientes, 62. min), Pablo Marin (Aihen, 84. min), Sucic (Brais Mendez, 62. min); Soler, Guedes (Wesley, 76. min) eta Oiartzabal (Oskarsson, 76. min).
Golak. 0-1: Guedesek (37. min). 1-1: Ruiz de Galarretak (87. min).