Futbola

Realak eta Alavesek asko dute jokoan

Gipuzkoarrek eta arabarrek derbia jokatuko dute gaur Anoetan. Matarazzok zuzentzen duen taldeak lau puntura ditu Txapeldunen Liga jokatzeko postuak; Quique Sanchez Floresenak, berriz, hiru puntura jaitsierakoak.

Denis Suarez eta Guedes, lehia betean, lehen itzuliko partidan. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Denis Suarez eta Guedes, lehia betean, lehen itzuliko partidan. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
2026ko apirilaren 11
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak eta Alavesek derbia jokatuko dute gaur Anoetan (14:00, Movistar La Liga). Bi taldeek asko dute jokoan, baina, era berean, helburu ezberdinak dituzte. Realarentzat funtsezko neurketa da gaurkoa Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian jarraitzeko. Lau puntura ditu postu horiek. Beraz, bi orduz bada ere, txuri-urdinek ahaztu egin beharko dute astebete barru jokatuko duten Espainiako Kopako finala. Alavesek, berriz, jaisteko postuen ingurutik urruntzen segitzea izango du xede. Oraintxe bertan hiru puntura ditu toki horiek.

Realak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Levanteren aurka joan den asteburuan, Anoetan (2-0);  Alavesek, berriz, derbia jokatu zuen Osasunaren aurka, eta berdindu egin zuen (2-2). Denboraldi honetan bi aldiz aritu dira bi taldeak nor baino nor gehiago. Ligan, Alaves gailendu zen: 1-0. Espainiako Kopan, berriz, final-laurdenetan aritu ziren elkarren aurka, kasu honetan ere Mendizorrotzan, eta gipuzkoarrek irabazi zuten: 2-3. 

Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeak erritmo bizian jokatzen du, eta horretan saiatuko da gaur ere Alavesi min egiteko. Ikusi beharko da Arabako taldea zer moduz moldatzen den atzealdean. Barrenetxeak eta Caleta Carrek zelaia utzi behar izan zuten Levanteren aurkako partidan nekeagatik. Baina gaurko partidarako deialdian dira; ez, ordea, Jon Martin eta Gorrotxategi. Erdiko atzelaria zigortuta dago txartel pilaketengatik; euskarriak, berriz, min hartuta segitzen du.

Matarazzok deialdian sartu ditu bigarren taldeko Beitia eta Ibai Agirre. Litekeena da Realaren prestatzaileak zenbait jokalariri atseden ematea, eta txandakatzeak egitea. «Badakigu partida garrantzitsu bat dugula datorren larunbatean. Jokalariren batekin zalantza egonez gero, ez du jokatuko, edo denbora gutxi izango du». Hala ere, argi du gaurko partida «oso garrantzitsua» dela. «Arreta osoa hor daukagu. Datorkiguna prestatzeko modurik onena bihar [gaur] irabaztea da. Ez da partida erraza izango. Alaves talde lehiakorra da, eta entrenatzaile berriarekin oso ondo ari da jokatzen. Celtaren aurka partida iraultzeko gai izan zen». Matarazzok aurreratu zuen Elustondok hasieratik jokatuko duela gaur, eta espero duela Yangel Herrera eta Gorrotxategi finalerako prest egotea: «Igorrek [Zubeldia] denbora gehiago beharko du». 

Koparen amua

Alavesentzat ere funtsezko norgehiagoka izango da gaurkoa. Jaisteko postuetatik hiru puntura daude, eta gaur irabazteak arnasa sakon hartzera eramango luke Arabako taldea. Quique Sanchez Flores entrenatzaileak orain hilabete eskas hartu zuen Eduardo Coudetek aulkian utzitako lekua. Geroztik lau norgehiagoka zuzendu ditu, eta guztira bost puntu atera ditu. Alavesek neurketa bakarra galdu du hura aulkian dagoenetik.

Sanchez Floresek honela aztertu du aurkaria: «Bolada onean dagoen taldea da, jokalari oso onak dituena. Intentsitate eta zentzu handiz jokatzen ditu partida guztiak. Adi egon beharko dugu, batez ere defentsan, horretan ari baikara batez ere huts egiten».

Realak datorren larunbatean garaikur bat jokoan izan arren, ez du uste burua hor izango duenik: «Ez dakit Matarazzok jokalariak gordeko dituen ala ez. Baina entrenatzaile zuhurra da, eta uste dut Realarentzat hau finalaren aurreko entsegu bat izan daitekeela. Egoera bestelakoa balitz, finala prestatzeko egun gutxiago izango balitu, beharbada jokalariak gordeko lituzke, baina ligan ere asko dauka jokoan».

Protesoni izan ezik, Sanchez Floresek jokatzeko moduan ditu beste jokalari guztiak. Gainera, aurrean aritzen diren jokalariak, Lucas Boye eta Toni Martinez, bolada onean dira, eta Realak atzean erakutsi izan duen sendotasun falta baliatu nahiko dute. Izan ere, denboraldi honetan gipuzkoarrek hiru partidetan baino ez dute utzi hutsean beren atea. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA