Realak eta Alavesek segida eman nahi diote Kopak utzitako aho zapore onari

Gipuzkoarrek Bartzelona hartuko dute Anoetan, eta arabarrek Atletico Madrilen zelaian jokatuko dute. Aurkari zailak izan arren, bi euskal taldeak punturen bat batzen saiatuko dira, eta jaitsiera postuetatik aldentzen.

Realeko jokalariak Kopako final-laurdenetarako sailkapena ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Realeko jokalariak Kopako final-laurdenetarako sailkapena ospatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko urtarrilaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Kopan final-laurdenetarako sailkatu eta gero, ligari helduko diote gaur Realak eta Alavesek. Biak sailkapenaren beheko postuetatik aldentzen saiatuko dira, baina aurkari gaiztoak izango dituzte hiru puntuak batzeko. Gipuzkoarrek Bartzelonaren aurka jokatuko dute, Anoetan (21:00, Movistar+); arabarrak, berriz, Atletico Madrilen zelaian arituko dira (16:15, Movistar+). 

San Sebastian egunerako gutxi falta dela, txuri-urdinak festa giroa aurreratzeko asmoz zelairatuko dira. Lehen itzulian, Realak estu hartu hartu zuen Hansi Flicken taldea, nahiz eta azkenerako galdu egin zuen. Gaur emaitza bestelakoa izan dadin ahaleginduko da. Ikusteko dago Pellegrino Matarazzok marrazkia aldatu eta bost atzelarirekin jokatuko duen. Ezusterik ezean, Remiro, Jon Martin, Turrientes eta Brais Mendez hasierako hamaikakora itzuliko dira. Yangel Herrera, Oskarsson, Zakharian eta Ruperez min hartuta daude, eta ez daude deialdian; bai, ordea, bigarren taldeko Ochieng.  

Matarazzok honela aztertu du gaurko neurketa: «Argi dugu Bartzelonari irabazteko gure onena eman beharko dugula. Non eta noiz defendatu asmatu behar dugu, une egokian aurrera egin, eta presioan ondo aritu».

Alavesek puntu bakarra batu du ligako azken lau partidetan, eta jaitsiera postuetara gerturatu da. Gainera, 2002tik ez du irabazi Atletico Madrilen zelaian. Dena den, Eduardo Coudetek, arabarren entrenatzaileak, baikor hitz egin du. «Uste dut ondo jokatzen ari garela, eta hori dela joera aldatzeko lehen pausoa. Biharko [gaurko] partida gogorra izango da, baina ziurtasunez aritu behar dugu».

Toni Martinezek min hartuta amaitu zuen Kopako partida, baina osatu da; baita Lucas Boye ere. Min hartuta egon ez arren, Coudetek deialditik kanpo utzi ditu Maras, Diarra eta Mariano. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.