Aspaldiko lagunak dira Reala eta Osasuna, eta gaur elkarren aurka ariko dira Anoetan (21:00, DAZN). Gorritxoek Anoetan jokatu dituzten ligako azken bi partidak irabazi dituzten arren, aurretik Donostian aritutako hamabost neurketetan nafarrek ez dute hirunaka zenbatzerik izan: lau partida berdindu dituzte, eta hamar galdu. Txuri-urdinak, beraz, azken bi partidetako joera hausten saiatuko dira. Gorritxoek, berriz, bolada on hori luzatu nahi dute. Gainera, Europarako lehia betean daude sartuta Reala zein Osasuna: Donostiako taldeak bost puntura du Europa, eta Nafarroakoak, seira; bi taldeen artean puntu baten aldea dago sailkapenean.
Pellegrino Matarazzoren taldeak Espainiako Kopako finaleko zurrunbilotik aldendu nahi du, eta ligan garaipenaren bidera itzuli, Atletico Madrilen aurka jokatutako azken neurketan 3-2 galdu ondotik. Dena den, txuri-urdinek azken hamasei partidetan bi partida bakarrik galdu dituzte. Horren inguruan, Matarazzok adierazi du «bide onean» doazela: «Nahi ditugun emaitzak lortzen ari gara, baina partidaz partida joan behar dugu. Osasunaren aurkako neurketa momentu egokia da ligan erakusteko zer egiteko gai garen». Realaren gotorlekua Anoeta da, joan den abendutik ez baitu lehiarik galdu etxean.
Deialdiari dagokionez, Jon Gorrotxategi zerrendan dago. Taldearekin entrenatu da azken lan saioetan, aste hasieran min hartuta egon ondoren. Aihen Muñoz, berriz, ez da deialdian sartu, oraindik mina baitu aldakan. Gainerakoan, Alvaro Odriozolak, Iñaki Ruperezek eta Take Kubok min hartuta jarraitzen dute. Japoniarraren inguruan, entrenatzaile estatubatuarrak esan du geldialdiaren ondotik taldearekin entrenatuko dela, eta espero duela Levanteren aurkako partidarako prest egotea.
Lisci, Realarekin ezinean
Osasuna bolada onean da. Valentziaren aurkako partida kenduta, azken zortzi partidetatik lau irabazi ditu, eta hiru berdindu. Horrek bide eman dio jaitsiera postuetatik aldendu eta Europara begira jartzeko. Oraindik, baina, badu zer hobetua bisitari gisara. Hamalau neurketatan bederatzi puntu soilik eskuratu ditu. Gaur erronka handia izango dute gorritxoek Anoetatik hiru puntuak Iruñera eramateko.
Alessio Lisciren aginduetara, ordea, Osasunak ez du Reala mendean hartu: ez ligako lehen itzulian Sadarren jokatutako partidan —1-3 galdu zuten gorritxoek—, ezta Espainiako Kopako final-zortzirenetan Anoetan ere. Nafarrek berdintzea lortu bazuten ere, azkenerako, penaltietan lehiaketatik kanpo geratu ziren. Entrenatzaile italiarraren hitzetan, Kopako kanporaketa «mugarria» izan zen taldearentzat ligarako: «Kolpe gogorra izan zen, baina uste dut taldeak ondo erreakzionatu zuela. Geroztik, gol asko sartu ditugu luzapenean». Liscik, beraz, gaur izango du beste aukera bat txuri-urdinak mendean hartzeko. Entrenatzailearen esanetan, Kopako partidan ikasitako lezioa da ezin dela «atzera egin, markagailuan aurretik joanda ere».
Deialdiari dagokionez, Raul Garcia eta Ruben Garcia ez dira Donostiara joango, biak ala biak zigortuta baitaude. Ikusteko dago entrenatzaile italiarrak noren aldeko apustua egingo duen Ruben Garcia ordezkatzeko. Normalean, Liscik Raul Moro aukeratu izan du Ante Budimirren atzeko lerroan inork min hartu duenean. Baliteke Kike Barja ere Ruben Garcia ordezkatzeko hautagaien artean egotea, Mallorcaren aurka gola sartu baitzuen. Iker Benito ere ez dago deialdian, min hartuta baitago.