REALA 3-3 OVIEDO

Realak eta Oviedok berdindu egin dute Anoetan, partida ero batean

Txuri-urdinak galtzen ari ziren, baina azken minutuetan aurretik jarri dira, Oskarssonek eta Caleta-Carrek sartutako golei esker. Amaieran, baina, Oviedok berriz ere kolpea eman, eta neurketa berdindu du.

Mikel Oiartzabal. JON URBE / FOKU
Mikel Oiartzabal, lehian Oviedoko bi jokalariren aurka. JON URBE / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
Donostia
2026ko otsailaren 21a
16:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaurko partidaren amaiera zoramena izan da zale txuri-urdinentzat. Reala galtzen ari zen, baina, Oskarssonek eta Caleta-Carrek azken minutuetan sartutako golei esker, markagailua iraultzea lortu du (3-2). Bazirudien zailena egina zuela. Luzapenean, baina, Oviedok hirugarren gola sartu du, beste behin ere geldikako jokaldi baten bitartez. Berdinketarekin konformatu behar izan du Donostiako taldeak. Lehen zatiak ez bezala, bigarrenak gatza eta piperra izan ditu, talde bakoitzak hiru gol egitea lortu baitu. Polemikarako tartea ere egon da: Baillyk eta Yangel Herrerak txartel gorria merezi ote zuten ala ez.

Jokoari dagokionez, lehen zatian ez batak ez besteak ez dute distira handirik egin. Pellegrino Matarazzo etorri denetik ezarri duen zigiluetako bat goiko presioan buruz buru aritzea izan da, eta halaxe egin du Realak gaur ere. Presio itogarriari neurketa askotan Donostiako taldeak etekin handia atera dion arren, gaur ez du saririk izan. Oviedok ez baitu arrisku handirik hartu baloia ateratzeko garaian. Txuri-urdinei asko kosta zaie bisitarien lerroak apurtzea. Bloke ertainean kokatu da Oviedo, eta Gorrotxategik eta Turrientesek nekez topatu dituzte Brais eta Oiartzabal, besteak beste. Lehen zatia amaitzeko bost minuturen faltan egin dituzte bi taldeek jokaldirik arriskutsuenak, kontraerasoan. Oviedoren erasoetan, protagonista berbera izan da: Ilyas. Realak, berriz, beste behin erakutsi du hobeto moldatzen dela trantsizio azkarretan baloiaren jabetzaren bitartez aurkariaren lerroak gainditu behar dituenean baino. Oiartzabalek gidatu du baloia, eta, zenbait jokalari bisitari erakarri dituenean, Brais bakar-bakarrik utzi du Oviedoren atezainaren aurrean. Galiziarrak, ordea, huts egin du jaurtiketan.

Bigarren zatia oso bestelakoa izan da. Hasi eta berehala izan da lehen jokaldi polemikoa. Bailly Oviedoko atzelariak pasean huts egin, eta Realeko kapitaina azkar ibili da baloiaren bila joateko, area ertzean baitzegoen. Bazirudien aurrea hartua ziola atzelariari, eta orduantxe lurrera joan da kapitaina, Bailly atzetik zetorrela. Epaileak ez du ezer adierazi. Falta edo penaltia izan, Oviedoren azken jokalaria izanik, txartel gorria litzateke, kapitaina atezainaren aurrean bakar-bakarrik zegoelako.

Jokaldia eztabaidatzeko tarterik utzi gabe, Oviedoren lehen gola iritsi da. Fede Viñasek sareratu du erdiraketa baten ondotik. Segidan iritsi da bisitarien bigarren kolpea, berriz ere geldikako jokaldi batean. Dena den, Remirok hutsegite larria egin du. Oviedok baloia erdiratu ondotik, eskuekin aldaratzen saiatu da, baina ez du lortu, eta Viñasek bigarrena egin du ia ateko marratik buruz errematatuz.

Reala berpiztu egin da

Reala 0-2 zihoan atzetik markagailuan, eta Matarazzok Oskarsson eta Odriozola zelairatu ditu. Donostiarra zorigaiztoko denboraldia izaten ari da, zelairatu orduko mina hartu baitu belaunean. Aritz Elustondo sartu da haren ordez. Aldaketek fruitua eman dute, 63. minutuan sartu baitute lehen gola txuri-urdinek. Sergio Gomezek erdiraketa bikaina ipini dio Islandiako aurrelariari, eta hark buruz sareratu du, bakar-bakarrik.

Ordutik aurrerako jokaldiak harrabotsa sortu du. Yangel Herrerak jaurtiketa bat egitean, Alberto Reinaren berna hezurra kolpatu du. Oviedoko erdilariak zelaia utzi behar izan du, eta epaileak ez du ezer adierazi. Reala ekinean zebilen, eta saria azken minutuetan iritsi da. Caleta-Carrek buruz egin du berdinketaren gola, eta, 90. minutuan, Guedesek bakar-bakarrik utzi du ate aurrean Oskarsson, eta islandiarrak ez du hutsik egin. Bazirudien hiru puntuak eramango zituela Realak, baina orduantxe iritsi da Oviedoren azken kolpea, berriz ere geldikako jokaldi batean. Baillyk sartu du berdinketaren gola. Txuri-urdinek beste bi aukera garbi izan dituzten arren, ez dute asmatu, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan dute.

REALA-OVIEDO
Reala. Remiro; Aranburu (Odriozola, 53. min.; Aritz Elustondo, 56. min.), Jon Martin, Caleta-Car, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Zakharian, 77. min.), Turrientes (Herrera, 46. min.); Marin (Oskarsson, 53. min.), Brais Mendez, Guedes; eta Oiartzabal. 
Oviedo. Aaron; Nacho Vidal, Bailly, David Carmo, Javi Lopez; Sibo (Dendoncker, 76. min.), Fonseca (Fores, 92. min.); Hassan (Thiago, 76. min.), Reina (Cazorla, 76. min.), Ilyas; eta Fede Viñas (Thiago Borbas, 84. min.).
Golak. 0-1: Fede Viñasek (50. min.). 0-2: Fede Viñasek (52. min.). 1-2: Oskarssonek (64. min.). 2-2: Caleta-Carrek (87. min.). 3-2: Oskarssonek (90. min.). 3-3: Baillyk (92. min.).

ALAVESEK GIRONARI IRABAZI NAHI DIO ASTELEHENEAN, MENDIZORROTZAN

Espainiako Lehen Mailako 25. jardunaldiko azkeneko partida jokatuko dute astelehenean Alavesek eta Gironak Mendizorrotzan, 21:00etan hasita (Movistar). Sailkapena oso estu dago, eta puntu guztiak dira oso garrantzitsuak, gora egiteko balio baitute. Hain zuzen, horixe egin nahi du Alavesek, gora egin, bi puntura baino ez baititu jaisteko postuak. Hori dela eta, taldeko kide guztiek azpimarratu dute «oso garrantzitsua» dela Gironaren aurkako partida. Taldeak aldarte hobea du azkeneko neurketan Sevillaren zelaian bana berdindu eta gero, baina arabarrek oso argi dute puntu horrek ezer gutxi balio duela astelehenean Mendizorrotzan irabazi ezean. Girona gogotsu iritsiko da Gasteizera Bartzelonari 2-1 irabazi eta gero. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.