Realak iragan asteburuan galdu zuen lehen partida Pellegrino Matarazzo aulkian dagoenetik. Porrot horretaz ahaztu nahi dute gaur txuri-urdinek, eta ordura arteko emaitza eta joko bolada onari eutsi. Horretarako aurkari aproposa dirudi Oviedok, azken postuan baitago. Are gehiago Anoetan jokatuta (14:00, Movistar Plus). Matarazzok argi esan zuen atzo: «Bete-betean zelairatu behar dugu, eta gehiago nahi dugula berretsi. Horri esker iritsi gara gauden tokira». Teknikariak ez du ezusterik nahi.
Zuhur mintzatu zen aurkariaren inguruan, eta haren indarguneak nabarmendu: «Ondo lehiatzen da. Ligan dauden talde guztiak hartu behar dira kontuan, ezin bakar bat ere gutxietsi. Zuzen jokatzen du Oviedok, eta jokalari bizkorrak ditu, barrutik baloiari eusteko gaitasuna dutenak. Oso talde borrokalaria da». Realeko jokalariek zer egitea nahi duen ere kontatu zuen:  «Partidaren erritmoa eta kontrola guk izan zehar dugu. Horretarako, goian egin behar dugu presioa, horretan asmatu, eta bloke baxuan defendatu».
Min hartuta zeuden jokalarietatik bat berreskuratu du Matarazzok: Zakharian. Agirreren ordez sartu da deialdian. Nolanahi ere, osatu ezinik dabiltza oraindik Barrenetxea, Sucic eta Kubo. Real Madrilen aurkako partidarekin alderatuz, ezusterik ezean, Guedes hasierako hamaikakora itzuliko da, Wesleyren ordez. Soler apenas entrenatu den astea osoan, eta litekeena da aulkian geratzea. Hala, posible da Turrientes itzultzea, eta Oskarssonek ere aukeraren bat izatea hasieratik aritzeko. «Oso pozik nago haren lanarekin».
Matarazzok berretsi zuen hamaikakoa neurketaren eta aurkariaren arabera aukeratzen duela, eta ez diola erreparatzen Athleticen aurkako Kopako partidari: «Niretzat garrantzitsuena biharko [gaurko] partida da».Â