REALA 1-1 MALLORCA

Realak ez du jokatuko Espainiako Kopako finala

Talde txuri-urdinak penaltietan galdu du Mallorcaren aurka Anoetan, eta ez da ariko Espainiako Kopako finalean. Zapuztu egin zaio finala bere jarraitzaileekin bizitzeko ametsa.

(ID_13649821) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-02-26, Donostia. Futbola
Realeko jokalariak, jota, penaltietan galdu eta gero. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko otsailaren 28a
01:11
Entzun

Kolpe latza hartu du Realaren inguruak, izugarrizko mina eragiten dutenetakoa, eta erabat inoiz ahazten ez diren horietakoa. Talde txuri-urdinak ez du jokatuko aurten Espainiako Kopako finala.

Oso gertu zuen: urrats bakarra falta zitzaion, eta abantaila zuen. Mallorcan (Herrialde Katalanak) jokatutako finalerdietako joaneko partidak ez zuen ezer argitu. Hau da, Donostian jokatu beharreko itzulikoa erabakigarria izango zen. Etxean ariko zen talde txuri-urdina, etxekoen babesean. Baina alferrik. Azken urratsa egin nahi, eta erdibidean geratu da. Penaltietan galdu du gaur gauean Mallorcaren aurka Anoetan, bana berdindu eta gero. Beraz, Balearretako taldea ariko da finalean, apirilaren 6an, Sevillako (Espainia) Cartuja estadioan.

Akabo hiru urteren ostean berriro final bat jokatzeko ametsa. Akabo final bat bete-betean eta inolako mugarik gabe bizitzeko ametsa. Ametsa zapuztu zaie jarraitzaile txuri-urdinei, eta ilusioa etsipena bilakatu. Hori gertatu ohi da zerbait esku-eskura izan eta gabe geratzekoan. Sentipen ezin txarragoa eragiten du horrek: zulo itzel bat izatearen sentipena. Horixe sentitzen du momentu hauetan Reala maite duen orok.

Gaizki bukatu da ilusio handiz hasi dena. Realaren zaleek ongietorri beroa egin diote taldeari Anoetan. Ertzaintzak hala aginduta, Errondo pasealekutik iritsi da taldearen autobusa, eta ez Madril hiribidetik. Ertzainak errepidea itxi du, eta hesiak jarri. Horrek eragotzi egin du taldeak zaleen berotasuna gertutik sentitzea. Tentsio uneak egon dira. Hala ere, nahi baino modu apalagoan izan bada ere, taldeak sentitu egin du etxekoen babesa. Su Ta Gar taldeak, berriz, zaleak piztu ditu neurketa hasi aurretik, Jo ta ke kanta ezaguna abestuz. Lehen urratsa egina zegoen.

Baina zelaitik kanpoko nagusitasuna ez da islatu zelaian. Beste behin, Reala ez da ondo aritu bere zaleen aurrean. Zazpigarrenez jarraian, ez da gai izan irabazteko. Oraingoan, oso handia izan da zigorra: Kopatik kanpo geratzea, finalaren atarian. Orban handia izango da denboraldi honetan.

Giroak kutsatuta, bizi ekin dio Realak neurketari, baina Mallorcak hortzak erakutsi dizkio hasieratik. Txuri-urdinak konturatu egin dira patxadaz jokatu behar zutela baloia, erritmo bizian, gustura zebilen-eta Mallorca. Nabari zen asko zegoela jokoan. Hutsik ez egitea zen lehentasuna. Zakharian saiatu da lehenbizi, 28. minutuan, urrutitik, baina Greifek ondo gelditu dio baloia. Bisitarien artean, berriz, Abdon Pratsek izan du argiena, 39. minutuan: gutxigatik joan zaio kanpora area barrutik egindako errematea.

Baina lehen zatia amaitzear zela, Realak aukera ederra izan du aurretik jartzeko. Kubok erdiratu egin du, eta Raillok eskuarekin ukitu du baloia. Epaileak penaltia adierazi du. Brais Mendezek jaurti du, gaizki, erdira, eta Greifek baloia urrundu du hankekin. Galiziarrak azken hiru penaltiak huts egin ditu. Halaxe amaitu da lehen zatia. Kolpea izan da penaltia huts egitea, baina bigarren zati osoa falta zen jokatzeko. Hori bai, txuri-urdinek hobetu beharra zuten. Deseroso zebiltzan.

Gora egin nahian, Imanolek Becker zelairatu du Andre Silvaren ordez. Helburua lortu du: taldeak hobeto ekin dio. Baina hobeto ari zela, kolpea hartu du: Jaume Costak ezkerretik erdiratu du baloia, eta Gio Gonzalezek bakarrik errematatu du buruz sareetara. 50. minutua zen, eta maldan gora jarri zaio partida Realari.

Imanolek Oiartzabal zelairatu du Zakharianen ordez 63. minutuan, eta kapitainak berdinketaren gola sartu du haren itzuleran, 71. minutuan. Bikain biribildu du Kubok hasi eta Brais Mendezek jarraipena emandako jokaldia. Golak etxekoen nagusitasuna areagotu du. Baina ez dute golik sartu, eta partida luzapenera joan da.

Luzapenaren lehen zatian, Merino eta Tierney gola sartzear izan dira jokaldi berean, baina zelaiko eta VAReko epaileen ustez, baloiak ez du gainditu golaren marra. Bigarren zatian, berriz, ez da aukera garbirik izan. Azkenean, penaltietan erabaki da kanporaketa, eta horietan Mallorca nagusitu da. Oiartzabalek huts erabakigarria egin du.

«Min handia egiten dit, batez ere jokalariengatik eta zaleengatik. Gau oso txarra pasatuko dugu, baina altxatu beharra dugu: ligako partida dugu larunbatean, eta Europarako sailkatzeko lehian jarraitu behar dugu. Txapeldunen Ligako kanporaketa ere hortxe dugu», esan du Imanolek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.