Vila-real 3-1 Reala

Realak galdu egin du Vila-realen zelaian

Txuri-urdinak bigun aritu dira defentsan, eta garesti ordaindu dute. Etxeko taldeak hiru gol sartu dizkie lehen zatian, eta donostiarrak ez dira gai izan markagailua iraultzeko. 3-1 amaitu da neurketa.

Remiro, Barrenetxea eta Oiartzabal Realeko jokalariak burumakur, Vila-realen aurka galdu ostean. ANDREU ESTEBAN / EFE
Remiro, Barrenetxea eta Oiartzabal Realeko jokalariak burumakur, Vila-realen aurka galdu ostean. ANDREU ESTEBAN / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko martxoaren 20a
23:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Defentsan hain bigun arituta, zaila da partidak irabaztea. Realak merezita galdu du Vila-realen zelaian: 3-1. Etxekoek lehen zatian sartu dituzte hiru golak, eta ia-ia erabakita utzi dute neurketa. Gainera, askoz gehiago izan zitezkeen, aukera ugari izan baitituzte. Txuri-urdinek ez dute amore eman, baina nahi baino gutxiago estutu dute aurkaria. Hobeto aritu da Vila-real, eta horixe erakutsi du markagailuak ere. 

Ondo zelairatu da Reala, baina lehen kornerrean gola sartu dio Vila-realek, eta goitik behera aldatu da partida. Remirok baloia urrundu nahian egindako huts baten ondorioz etorri da kornerra, eta area txikian bakar-bakarrik errematatu du Gerard Morenok. Geldikako jokaldietan sufritu egiten dute txuri-urdinek, eta halako aurkariek ez dute barkatzen. Ohartzerako, korapilatu egin zaio partida Realari.

Are gehiago ordu laurdena betetzerako bigarrena sartu diotenean. Kontraeraso bizia egin du Vila-realek. Gerard Morenoren jaurtiketa Remirok geratu du, baina atzetik zetorren, badaezpada ere, Mikautadze, baloia sarera botatzeko. Bi jaurtiketa egin ditu atera aurkariak, eta biak golak izan dira.

Gutxira, hirugarrena ere gertu izan dute etxekoek. Zelai erditik bakarrik joan da Moleiro Remiroren pareraino, eta atezainak salbatu du Reala. Segidan, Mikautadzek kanpora bota du aldaratzea, dena alde zuela.

Hala ere, hurrengo kontraerasoan gola sartu du Vila-realek, hirugarrena. Bigun defendatu du atea Realak, eta Peperen jaurtiketak ate barruan bukatu du, Sergio Gomez jo ostean.

Erraz ari zen aurkaria, eta ezinean zebiltzan txuri-urdinak. Baloia zuen Realak, baina min egiten ari zena etxeko taldea zen. Peperen beste jaurtiketa indartsu batek zutoina jo du.

Oiartzabalek izan du aldea gutxitzeko aukera, baina atezaina agertu da. Txuri-urdinak saiatu dira aurrera egin eta neurketaren gidoia aldatzen, baina, ordurako, zaila zuten Ceramican punturen bat eskuratzea. Defentsan erraztasun gehiegi eman dizkiote aurkariari, eta garesti ordaindu dute.

Bigarren zatian ere, ezin

Ikusitakoak ikusita, atsedenaldian aldaketa bat egin du Matarazzok: Sucic sartu du Gorrotxategiren ordez. Eta kroaziarrak sarera bota du ukitu duen lehen baloia. Gaizki irten da Junior atezaina, eta aldaratzean Sucicek ez du huts egin.

Gol horren aurretik ere joan-etorriko neurketa ari zen izaten, eta orduan hautsi egin da partida. Realak golak behar zituen, eta ez zuen ezer galtzeko. Hori jakinda, erasora jo du. Vila-realek, berriz, kontraeraso arriskutsuak egiteko aprobetxatu du.

Orduantxe, beste kolpe bat jaso du Realak: Zubeldiak min hartu du, eta Caleta-Car sartu da haren ordez, 53. minutuan.

Realak izan du baloia hurrengo minutuetan, baina Vila-realek izan ditu aukerarik argienak. Mikautadzek, esaterako, kanpora bota du baloia Remiroren aurrean bakarrik zela, 73. minutuan.

Txuri-urdinek borrokan segitu dute epaileak amaierako txistua jo arte, baina alferrik. Esku hutsik itzuliko dira Donostiara. 

Vila-real-Reala

Vila-real. Junior; Mouriño, Pau Navarro, Renato Veiga, Pedraza; Pepe, Comesaña (Partey, 89. min.), Gueye (Parejo, 89. min.), Moleiro (Alfon, 74. min.); Gerard (Buchanan, 74. min.) eta Mikautadze (Oluwaseyi, 89. min.).

Reala. Remiro; Aramburu (Aritz, 68. min.), Jon Martin, Zubeldia (Caleta-Car, 53. min.), Sergio Gomez; Gorrotxategi (Sucic, 46. min.), Soler; Barrenetxea, Brais (Oskarsson, 68. min.), Guedes; eta Oiartzabal (Zakharian, 82. min.).

Golak. 1-0: Gerardek (7. min.); 2-0: Mikautadzek (15. min.); 3-0: Pepe (23. min.); 3-1: Sucicek (47. min.)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!