Realaren zaleek nekez ahaztuko dute asteburu hau. Atzo, gizonezkoen taldeak derbia irabazi zuten Athleticen aurka; gaur, berriz, emakumezkoen taldeak egin du balentria. 1-0 irabazi dio Bartzelona ahaltsuari. Edna Imadek sartu du lehia ebatzi duen gola, penaltiz, 37. minutuan. Txuri-urdinek hortzak estutu dituzte, eta ondo eutsi diete Bartzelonaren ekinaldiei. Bartzelona 2020an geratu zen azken aldiz ligako partida batean golik sartu gabe. Martxoan galdu zuen azken partida ligan. Txuri-urdinek hogei puntu dituzte, eta hirugarren daude sailkapenean, bigarrenarekin, Real Madrilekin, berdinduta.Â
Erronka handia zen. Bi taldeek jokalari garrantzitsuak falta zituzten. Realean, adibidez, Nahia Aparizio ez dute sartu deialdian, eta Nerea Eizagirrek eta Aiara Agirrezabalak aulkian hasi dute partida, asteotan min hartuta egon baitira; Bartzelonan, berriz, Eva Pajor, Salma Paralluelo eta Patri Guijarro falta izan dira. Espero bezala, bisitariek izan dute baloia, baita jokoaren ekimena ere. Baina Reala ondo kokatuta egon da zelaian, eta laguntzetan asmatu du. Julia Arrula atezainak, gainera, neurketa bikaina egin du. Halaber, Reala bizkor atera da erasora ahal izan duenean, Edna Imaderen abiadura baliatuz. Bartzelonak 21. minutuan izan du aurretik jartzeko lehen aukera, baina Maria Molinak atera egin du Esmee Brugtsen errematea, gol arrastoan.Â
Azkenerako Reala jarri da aurretik, 37. minutuan. Txuri-urdinek korner bat atera dute, eta baloiak eskuan jo du Laia Alexandri. Jokalari txuri-urdinek argi ikusi dute, eta Arturo Ruiz entrenatzaileari galdegin diote eska zezala VARean begiratzeko. Epaileak hala egin du, eta, azkenerako, penaltia adierazi . Edna Imadek jaurti du, eta sareetara bidali. Bartzelonari denboraldi honetan ligan egin dioten bigarren gola izan da. Hala, 1-0 amaitu da lehen zatia.

Â
Bide beretik
Bigarren zatian norgehiagokak bide beretik segitu du. Bartzelonak izan du partidaren aginte makila, baina Reala bete-betean aritu da emaitzari eusteko lanean. Kezka zera zen: minutuek aurrera egin ahala eutsiko ote zion. Izan ere, ahalegin fisiko handia egin dute jokalari guztiek. Halere, lortu du, eta 57. minutuan Edna Imadek berak eskura izan du bigarren gola, baina ez du sartu.
Partidaren azken txanpari begira, Arturo Ruizek aldaketak egin ditu. Irten diren jokalariek hauspoa eman diote taldeari, eta, horri esker, eutsi egin diote. 85. minutuan Irene Paredesek erremate on bat egin du buruz, baina Julia Arrulak ondo geratu du. Luzapenean, berriz, Fengerrek, Bartzelonako jokalariak, gola sartu du buruz, korner batean. Baina epaileak ez du ontzat eman, jokoz kanpo zegoelako. Hala amaitu da partida, eta taldeak eta zaleek egindako balentria ospatu dute. Festa betea izan da Zubietan.

Â