Benfica 0-1 Reala

Realak garaipen handia lortu du Lisboan

Txuri-urdinak 0-1 gailendu dira, Txapeldunen Ligan, Brais Mendezek 63. minutuan sartutako gol bati esker. Hala, multzoko lehen postuan dira, zazpi punturekin, Interrekin berdinduta.

Ander Barrenetxea eta Brais Mendez, galiziarraren gola ospatzen. TIAGO PETINGA / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urriaren 24a
23:33
Entzun

Reala hazkunde betean da, eta horren adibide da aurtengo Txapeldunen Liga. Donostiako taldea Interrekin ari da buruz buru, D multzoaren lidergoa eskuratzeko borrokan, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, Italiako taldea da txapelketaren egungo txapeldunordea. Reala helduarora ailegatu da Europan, eta horren adibide da kontrario guztiekin aurrez aurre lehiatzen dela. Benfica bi aldiz txapeldun izandakoa da menderatu duen azken taldea. Txuri-urdinak gol baten aldeaz nagusitu dira Lisboan, eta urrats handia egin dute final-zortzirenei begira. Gola Brais Mendezek sartu du 63. minutuan.

Benfica hitza handia da Europako futbolari dagokionez. Ez alferrik, Lisboako taldeak urrezko aroa bizi izan zuen joan zen mendearen 60ko hamarkadan, txapelketa kontinental gorena birritan irabazita. Maitea dute Txapeldunen Liga, eta hori agerian utzi dute partidaren atarian hasita. Argi joko distiratsu batek argiztatu dute bi taldeen zelairatzea, neurketaren distiraren lekuko, Lehen zatian bi gol izan dira, bat alde bakoitzetik, baina alerik ere ez baliozkoa. Bi jokaldietan, Benficako eta Realeko jokalariak jokoz kanpo zeuden. Golik ezean, baina, jokoari erreparatu behar. Reala ondo moldatu da zeregin horretan; etxetik kanpora jokatu arren, ausart zelairatu da, eta txuri-urdinenak izan ziren arearako lehen gerturatzeak. Benficaren gerturatzeak tartean behinekoak izan dira, baita donostiarrenak ere, baina azken metroetan gehiago eduki dute baloia.

Egiari zor, ordea, bi taldeek ez dute atera jaurtiketarik egin lehendabiziko zatian. Bigarrena hasi eta gutxira jazo da lehendabizikoa, 52. minutuan. Martin Zubimendik ezkerrez egindako jaurtiketa eroso aldendu du portugaldarren atezainak. Aparteko eraginkortasunik gabe, baina estreinako abagunea izan da. Ordutik eta hurrengo minutuetan ez da gorabehera askorik izan. Benficako teknikariak hiru aldaketa egin ditu, gauzak gustuko ez zituenaren seinale. Uste hori 63. minutuan baieztatu zen. Realak ordura arteko nagusitasuna islatu du markagailuan, ezker hegaletik egindako jokaldi bati esker. Ander Barrenetxearen pase bat bikain aprobetxatu du Brais Mendezek, neurketako lehen gola egiteko. Erdilari galiziarraren hirugarren gola izan da Txapeldunen Ligan, beste horrenbeste norgehiagokatan.

Interrekin buruz buru
Benficak aurrera egin du ezinbestean, eta estu hartu du Reala zenbait unetan, baina gipuzkoarrek ondo eutsi diote emaitzari. Hala, multzoaren lidergoan da zazpi puntu bilduta. Beste horrenbeste ditu Inter Milanek ere. Lombardiako taldeak irabazi egin dio Salzburgori, eta Realak adina puntu ditu Txapeldunen Ligan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.