Reala 1-1 Athletic

Realak gutxien espero zuenean berdindu du Athleticek

Muniainek 91. minutuan berdindu du Realak eskuetan zuen neurketa. Aurretik, Isakek sartu du txuri-urdinen gola, penaltiz, eta Iñigo Martinezek txartel gorria ikusi du. Donostiarrek lehen postuan diraute; bilbotarrek zortzigarren.

Muniain, neurketa berdindu duen gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 01a
00:20
Entzun

Garaipena ospatzen hasiak ziren Realeko zaleak. 1-0 aurretik, jokalari bat gehiagorekin, eta erasoan gauza gutxi egiten ari zen Athleticen aurka. Jokoa, ordea, ez da errenta, eta horrelako kontuak ditu futbolak. Muniainek, faltaz, eta Alex Remiroren huts bat tarteko, puntu bat lortu du Marcelino Garciaren taldearentzat. Ezbairik gabe, puntu bat irabazi du Athleticek, eta bi galdu Realak.

Bero hasi zen norgehiagoka atzo: Lehen minutuan gaizki irten zen Remiro areatik, Williamsi geratu zitzaion baloia, eta bultza soilik egin behar zuenean bikain kendu zion hanketatik Aritzek. Penaltia eskatu zuten zuri-gorriek. Gainontzean, ordea, lehen zatia espero bezalakoa izan zen: baloi jabetza Realari utzi zion Athleticek, eta kontraerasorako aukerak baliatzen saiatu zen. Realak aukera gutxi izan ditu —onenak Isaken bi jaurtiketa izan dira—, eta Athleticek, are eta gutxiago.

Bestela hasi zen bigarrena: Raul Garciaren burukada bati zoragarri erantzun zion Remirok, eta, handik gutxira, 58. minutuan, Iñigo Martinezek penalti egin zion Mikel Merinori. Isakek sartu zuen, atzo Anoetan bildu diren 37.000 zaleen zoramenerako. Estadioko errekorra hautsi dute.

Golaren ostean partida lasaitzea lortu zuen Imanol Alguacilek, eta erasora jo beharko zukeen taldeak, Athleticek, ezer gutxi sortu zuen. Hori erraztu zuen, gainera, 84. minutuan Iñigo Martinezek ikusi duen txartel gorriak, Isakekin izandako lehia bat tarteko. Ondarroako atzelariak epelak entzun behar izan zituen; Realeko zaleek argi utzi zioten Anoetan ez dela ongi etorria.

Realzale asko garaipena ospatzen ari zirela iritsi zen ezustekoa: Lobetek beharrezkoa ez zen falta bat egin zuen area ertzean, Muniainek amorruz jaurti zuen, eta Remirok ez zuen asmatu. Ordura arte bikain ari zen atezain nafarra, baina hutsegite horrek kondenatu zuen.

Gauzak hala, lider da Reala, 25 punturekin, eta Athletic zortzigarren da, 18rekin.

Urbizuren emanaldia

Atzoko neurketak, halako derbi batek izan ditzakeen beste hamaika berezitasunen artean, bazuen nabarmentzeko bat: Anoetan izan zen Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jotzailea zena, eta abesti batzuk jo zituen.

Partida hasi aurretik zelai erdira atera zen gitarra eskuan, eta euripean jo zuen Katedral bat abestia. Atsedenaldian, berriz, harmailetatik jardun zuen: Berri Txarraken Eskuak,Maravillas (Aitor Zabaletaren omenez) eta Lemak, Aingurak jo ditu, Peiremansen Zuretzako Hitz Ederrak eta Anoeta hunkitu zuen Txoriak Txori, Mikel Laboaren bertsioa.

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Le Normand, Rico (Aihen, 78'); Zubimendi, Merino, Silva (Zubeldia, 78'); Januzaj (Gebara, 78'), Isak (Lobete, 85') eta Sorloth (Portu, 68').

Athletic: Unai Simon; De Marcos (Petxarroman, 78'), Yeray, Iñigo, Lekue; Vencedor, Dani Garcia (Nuñez, 86'), Muniain, Berenguer (Nico Williams, 78'); Iñaki Williams eta Raul Garcia (Sancet, 65').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.