Osasuna 1-Reala 3

Realak hiru puntuak eraman ditu Sadarretik

Txuri-urdinek oso ondo jokatu dute, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu Anoetatik urrun. Ander Barrenetxeak gol ikusgarria sartu du. Gorritxoak, berriz, ataka zailean joango dira etenera, eta etxean zuten sendotasuna galduta.

Realeko eta Osasunako jokalariak lehian, gaurko derbian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Realeko eta Osasunako jokalariak lehian, gaurko derbian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko azaroaren 22a
21:12
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oso diferente. Hala amaitu dute Realak eta Osasunak gaur Sadarren jokatu duten derbia. Txuri-urdinek pozik bukatu dute, eta ez da gutxiagorako. 1-3 irabazi dute, partida ona jokatuta; sasoiko lehen garaipena lortu dute etxetik urrun; eta, urtebete eta zortzi hilabeteren ondoren, partida bat iraultzea lortu dute. Aurreko etenetik hona jokoan izan diren 15 puntuetatik 11 lortu, eta sailkapenaren erdialdean finkatu dira. Bestela amaitu dute gorritxoek: kezkatuta. Sadar jada ez da gotorleku bat, azken bi partidak galdu egin baitituzte, aldiro aurkariak hiru gol sartuta, gainera; jaitsiera postuak puntu batera dituzte; eta kezkagarriena, hauxe: jokatzeko orduan ideiarik gabe ari dira. 

Dena den, Osasunak hobeto ekin dio partidari. Oso goian egin du presioa, eta Realari kostatu egin zaio baloia atzetik ateratzea. Hala, gorritxoek izan dute aurretik jartzeko lehen aukera. Moi Gomezek baloia lapurtu dio zelai erdian Brais Mendezi. Ondoren, pase sakona eman dio Victor Muñozi, eta hark Raul Garcia de Harori. Aurrelariak izkin egin dio Remirori, baina jaurtitzeko tokirik gabe geratu da. Realak Zakharianen erremate batekin erantzun du, baina baloia gora joan zaio.

Bizi ari ziren bi taldeak, eta hala komeni zitzaion Osasunari. Hurrengo minutuetan txuri-urdinak patxada handiagoz jokatzen ahalegindu dira, eta jokaldiak gehiago lantzen. Osasunak, berriz, presioa goian egiten jarraitu du, Reala baloiarekin deseroso egoteko. Liga hasieratik Realak trantsizioetan egin dituen hutsez ere baliatu nahi zuen Osasunak horrela.

Realak gehiago izan du baloia, eta, gainera, ondo mugitu du batetik bestera. Dena den, toki arriskutsuetan galdu duenean, Gorrotxategik behin baino gehiagotan zuzendu behar izan du taldekideen jarduna. Partida bikaina egin du euskarrian aritzen den jokalariak. 

Tarte horretan Reala hobea izan da, eta kontrolpean izan du neurketa. Baina Osasunak tokia hartu du berriz ere zelaian, eta, zuzen jokatuta, min egin dio Realari. beste behin, txuri-urdinak bigun aritu dira defentsan, batez ere Caleta-Car. Hala, Raul Garciaren abisu baten ostean, gorritxoek gola sartu dute. Korner batean izan da. Aimar Orozek bikain atera du, eta Catenak sartu du gola, buruz. Caleta-Carrek ez du ondo zaindu, eta atzelariak ez du huts egin. Beste behin, Realari gola sartu diote geldikako jokaldi batean.

Sergio Franciscoren taldearentzat, kolpe bat izan da aurkarien gola, eta gorritxoak bigarrena sartzear egon dira atsedenaldia baino lehen. Baloiak Gorrotxategi jo du erdiraketa batean, eta Remirok ozta-ozta atera du. Hala amaitu da lehen zatia. Txuri-urdinek hobeto jokatu dute, baina Osasuna merezita joan da aurretik atsedenaldira, gol aukerarik argienak harenak izan baitira. 

Sei minutuan aurretik

Bigarren zatiari askoz hobeto ekin zion Realak. Baloia bere esku eduki du, eta nagusitasun horrek saria izan du. Brais Mendezek neurketa berdindu du 53. minutuan. Galiziako jokalariak zortea alde izan du. Izan ere, hark jaurtitako baloiak Juan Cruz jo du, eta ezustean harrapatu du Sergio Herrera.

Hurrengo jokaldian, Aimar Orozek falta bat jaurti du, eta gola sartzear egon da. Baina neurketa irauli duena Reala izan da, 59. minutuan. Oiartzabalek Guedesi pasatu dio baloia, eta portugaldarrak maisuki gurutzatu du.

Sergio Franciscok bi aldaketa egin ditu orduan. Zakharianen eta Guedesen ordez, Kubo eta Barrenetxea zelairatu ditu. Haien buruz buruko jokaldiak eta abiadura baliatu nahi zituen. Hurrengo minutuetan, Realak atzerapausoa eman du, eta baloia Osasunari utzi. Apustu arriskutsua zen hori, kontuan hartuta Reala defentsan nola aritu den sasoi honetan.

Liscik zerbait aldatu beharra zuen, eta Herrando, Kike Barja eta Budimir zelairatu ditu. 78. minutua zen, eta estutu beharra zuten gorritxoek. Baina Realak hirugarren gola sartu du. Ikusgarria izan da oso. Sergio Herrera aurreratua zegoela ikusi du Barrenetxeak, eta, zelai erditik jaurtita, sareetara bidali du baloia. 

82. minutua zen, eta norgehiagoka erabakita zegoen. Baina Osasunarentzat izan da beste albiste txar bat ere, epaileak txartel gorria atera baitio Argibideri. Debut tristea izan da harrobiko jokalariarentzat.

Osasuna-Reala

Osasuna: Herrera; Moncayola (Argibide, 71. min.), Boyomo (Herrando, 79. min.), Catena, Juan Cruz (Ruben Garcia, 61. min.), Bretones; Lucas Torro, Moi Gomez (Budimir, 78. min.), Aimar Oroz; Víctor Muñoz (Barja, 79. min.), Raul García de Haro.

Reala: Remiro; Aramburu, Jon Martin, Caleta-Car, Aihen (Sergio Gomez, 75. min.); Carlos Soler (Elustondo,  85. min.), Gorrotxategi, Brais Mendez (Marin,75. min.); Guedes (Kubo, 60. min.), Oiartzabal eta Zakharian (Barrenetxea, 60. min.).

Golak: 1-0: Catenak (42. min.). 1-1: Brais Mendezek (53. min.), 1-2: Guedesek (59. min.).1-3: Barrenetxeak  (82. min.).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.