Realak irabazi du Mendizorrotzan jokatutako derbia

Jon Pachecok korner batean sartutako golak erabaki du neurketa. Txuri-urdinek bost urte zeramatzaten Gasteizen irabazi gabe.

Realeko jokalariak Pachecoren gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan (Gasteiz). ADRIÁN RUIZ HIERRO / EFE
Realeko jokalariak Pachecoren gola ospatzen, gaur, Mendizorrotzan (Gasteiz). ADRIÁN RUIZ HIERRO / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 31
20:50
Entzun

Jon Pachecok Lehen Mailan sartutako lehen golak hiru puntu balio izan ditu. Elizondoko atzelariak sekulako abagunea izan du 53. minutuan, baina Siveraren geldiketa bikain batek ekidin du gola. Bost minutu geroago heldu zaio saria. Bi jokaldiak kornerretan sortu dira, bietan buruz errematatu du, baina amaiera ez da berdina izan, eta bigarrenak sareetan amaitu du realzaleen zorionerako. Nahikoa izan da Alaves garaitzeko (0-1).

Realari ongi etorri zaio azken asteetako atsedena, eta denboraldi hasierako irudia berreskuratzen hasi da. Gaur, aspaldi partez, Barrenetxeak, Kubok eta Oiartzabalek jokatu dute aurrealdean, japoniarrak 43. minutuan zelaia utzi duen arren min hartuta. Lehen zatian etengabe sortu dute arriskua txuri-urdinek, eta etxekoek ahal moduan eutsi diote gipuzkoarren joari. Baina gauzak nola diren: aukera argiena babazorroek izan dute. Kontraeraso batean, Luis Riojak area kanpotik egindako jaurtiketak zutoinean jo du. Salbuespena izan da.

Bigarren zatia bide beretik hasi da, Pachecoren gola heldu den arte. Zakharianena izan da erdiraketa. Gaurkoa da, ezbairik gabe, errusiarrak Realarekin jokatu duen norgehiagokarik onena. Golak partida aldatu du; Luis Garcia Plazak aulkian zituen aurrelari guztiak zelairatu ditu (Simeone, Kike Garcia eta Panichelli), eta Imanol Alguacilek bosteko defentsa jarriz erantzun dio. 

Arriskurik ez

Lehia taktiko horretan hil da partida. Alaves saiatu da arriskua sortzen, baina arrakasta gutxirekin. Reala saiatu da kontraerasoan min egiten, baina are arrakasta gutxiagorekin. Hori, noski, txuri-urdinen aldekoa zen, eta horrelaxe amaitu da lehia: 0-1.

Goiko postuetan borrokan jarraitzeko hiru puntu garrantzitsu donostiarrentzat. Gasteiztarrak ezin dira lasaitu: jaitsiera postuetarako zazpi puntuko tartea dute, baina oraindik zortzi neurketa falta dira jokatzeko. 32 puntu ez dira nahikoa mailari eusteko.

Alaves: Sivera; Gorosabel, Marin, Abqar, Javi Lopez; Blanco; Gebara (Benavidez, 65'), Guridi (Panichelli, 65'); Rioja (Abde, 74'), Vicente (Simeone,74') eta Omorodion (Kike Garcia, 74').

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Pacheco, Galan; Zubimendi, Merino, Zakharian (Turrientes, 82'); Take (Becker, 43'), Barrenetxea (Tierney, 68') eta Oiartzabal (Andre Silva, 68').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.