Athleticek eta Realak lehen aldiz jokatu dute gaur San Mamesen, eta txuri-urdinek eskuratu dute garaipena lehen derbi horretan. 6.000 lagun bildu dira futbol zelaian, eta Morazak bere atean sartutako gol batek erabaki du partida. Partida hasi aurretik, Athleticek Ainhoa Tirapu omendu du, Bilboko klubarekin 358 partida jokatzeagatik.
Athleticek estu hartu zituen gipuzkoarrak, baina Natalia Arroyoren jokalariek pixkanaka zelaian lekua hartu dute. Txuri-urdinak nagusi izan dira gaur, baina gol aukerak sortu arren, batiak bat lehen zatian, ezin izan diote golik sartu Athletici. Ezintasun hori dela eta, bukaeran estu pasarazi diete zuri-gorriek.
Gola partidaren hasieran iritsi da, 13. minutuan. Eizagirrek korner bat atera eta Morazak baloia urruntzeko ahaleginean bere atean sartu du. Athleticek ez du askorik egin erasoan, eta, hala ere, partida berdintzeko zorian izan da, Izarnek eta Letek elkar ulertu ez duten jokaldi batean, baina Azkonari ihes egin dio gol aukerak.
Bigarren zatian Athletic berriro gogotsu zelairatu da, baina Lete bikain aritu da, eta Azkonaren aurrean bakarrik zela, haren jaurtiketa gelditu du. Realean bi jokalarik min hartu dute, eta zelaia utzi behar izan dute: Ceciliak lehen zatiaren amaieran, eta Arnaizek bigarren zatian.
Hala ere, bigarren zatian ere txuri-urdinak nagusitu dira pixkanaka. Ez du erakutsi lehen zatiko nagusitasuna, eta zuri-gorriek hori baliatu dute gora igotzeko. Baina Realeko atzelariak sendo aritu dira.