Derbietan gol gutxi izan ohi dira. Baina kontrakoa gertatu da gaur Anoetan Realak eta Alavesek Lehen Mailako 31. Jardunaldian jokatu duten derbian: 3-3 amaitu da norgehiagoka. Alaves bi aldiz jarri da aurretik lehen zatian, baina Realak erantzun egin du, eta 60. minutuan aurreratzea lortu. Realak hamar jokalarirekin jokatu du azken minutuetan, epaileak txartel gorria atera baitio Sergio Gomezi. Alavesek ez ditu besoak jaitsi, eta partidako azken minutuan berdintzea lortu du Lucas Boyek erdietsitako gol bati esker.
Realak 2-0 irabazi zion joan den jardunaldian Levanteri, eta horrek Europako postuetan finkatzeko beta eman zion Pellegrino Matarazzok zuzentzen duen taldeari. Alavesek berriz, 2-2 berdindu zuen Osasunaren aurka, eta gaurko norgehiagoka funtsezkoa zen Arabako taldearentzat jaitsiera postuetatik urrundu ahal izateko. Horrenbestez, helburu ezberdinak zituztela zelairatu dira.
Realak aldaketak egin ditu hasierako hamaikakoan, eta nabarmenena ondorengoa izan da: Orri Oskarssonek Mikel Oiartzabalen ordez jokatu duela aurrealdean. Kapitainak norgehiagoka ugari zeramatzan jarraian hasieratik jokatzen, minez egon da, eta ostegunean probak egin zizkioten. Ez du ezer larririk, baina Matarazzok atsedena ematea erabaki du, datorren larunbateko Espainiako Kopako finala ate joka baitago. Guedes ere aulkian geratu da hasieran. Alavesek, berriz, aldaketa bakarra egin du. Rebbach aritu da gaur Enriquezen ordez.
Quique Sanchez Floresek hasieratik erakutsi nahi izan du erasora joz taldeak jokoaren ekimena edukitzeko asmoa zuela. Bigarren minutuan, oraindik ikusle ugari zelaira sartzen ari zirela, Rebbachek ezkerraldetik erdiraketa bat egin du, eta Caleta Carrek baloia bere atera bidali du. Hala, Alaves 0-1 jarri da aurretik.
Reala denboraldi honetan zulo ugari edukitzen ari da atzealdean, eta Kroaziako atzelariaren gol horrek berretsi egin ditu. Dena den, bosgarren minutuan gola sartzear egon da, buruz errematatutako korner batean. Baina Sivera erne egon da, eta jokaldia ezerezean geratu da. Realak ongi erreakzionatu du, eta hamahirugarren minutuan partida berdintzea lortu du. Luka Sucicek sekulako zartakoa eman dio baloiari areaz kanpotik, eta sareetara bidali du.Â
Alaves, baina, ez da lokartu, eta 24. minutuan Diabatek 1-2ko emaitza ipini du markagailuan. Aurrelariak zortea lagun izan du jokaldi horretan; izan ere, Turrientesen aldaratze saiakerak haren gorputzean jo ondoren joan da baloia sareetara. Gol horren ondoren, Reala berriro ere markagailua iraultzera behartuta zegoen, baina, Matarazzo entrenatzaile denetik, taldeak erakutsi du norgehiagoketan azkenera arte lehiatu eta borrokatzen dela, eta gaurkoan ere hala izan da. 27. minutuan, Turrientesek jaurtiketa bikaina egin du areaz kanpotik; baloiak zutoinean jo du aurrena, ondoren Siveraren gorputzean, eta azkenerako sareetara joan da.Â
Gol festa eta zoramena izan dira nagusi Anoetan, lehen zatia amaitzerako jadanik lau gol baitzituzten ikusiak bertaratutako zaleek. Ez talde batek ez besteak ez dute lortu partidaren ekimena izatea, eta berretsi dute hobeto moldatzen direla erasoko jokoan defentsako lanean baino.
Bigarren zatian hasterako, Matarazzok Barrenetxeari atseden eman, eta Guedes sartu du. Jokalariak erakutsi du arrisku gehiago sortzeko gaitasuna duela ezkerretik, eskuinetik baino. 54. minutuan, beste aldaketa bat egin du Matarazzok, eta Kubo atera du Braisen ordez. Hiru hilabeteren ostean, berriro ere jokatu du Japoniako jokalariak. Gainera, erabakigarria izan da Realak 60. minutuan sartutako hirugarren golean. Falta baten ondoren, Guedesek aldaratzea jaso du, eta bigarren zutoinera bidali du baloia; eta hor agertu da Kubo, baloia buruz jo eta Oskarssonek sareraino bidaltzeko. 3-2koa zen hori, eta Alaveseko jokalarien artean etsipena zen nagusi, bi aldiz aurretik egon badira ere Realak gain hartu baitie.
Txartel gorria Sergiori
Realak norgehiagoka kontrolpean izan du hirugarren golaren ondoren, baina Alavesek borrokan jarraitu du. 90. minutuan, Sergio Gomezek orpazurda inguruan zapaldu du Aleña, eta, epaileak hasieran txartel horia atera badio ere, VAR-era joan ondoren txartel gorria atera eta kalera bidali du. Hamarrekin geratu da Reala. Hala, azken norgehiagoketako ohiturari jarraikiz, azken unean partida berdintzea lortu du Alavesek. 96. minutuan, Denis Suarezek area barruan Boyeri pasea eman, eta hark baloia indartsu jaurtiz 3-3ko emaitza jarri du markagailuan.
Horrelaxe amaitu da norgehiagoka. Realarentzat zapore garratza duen berdinketa izan da, denbora luzez aurretik joan baita aeta zaleei Kopako finalaren aurretik garaipen bat eskaini nahi baitzien. Alavesentzat, berriz, zapore gozoa du berdinketak, mailari eusteko borrokan beste urrats bat egin baitu.
Reala Alaves
Reala. Remiro; Aramburu, Elustondo, Caleta Car, Sergio Gomez; Turrientes, Soler, Brais Mendez (Kubo, 54. min), Sucic (Aihen, 86. min); Barrenetxea (Guedes, 46. min), Oskarsson (Marin,72. min)
Alaves: Sivera; Jonny, Tenaglia, Parada; Blanco, Guridi (Aleña, 66. min), Ibañez (Guevara, 66. min); Rebbach, Perez (Denis Suarez, 86. min), Diabate (Boye, 60. min), Toni Martinez
Golak. 0-1: Caleta Carrek (B.A.) (3. min); 1-1: Sucicek (14. min); 1-2: Diabatek (24. min); 2-2: Siverak (B.A.) (27. min); 3-2: Oskarssonek (60. min); 3-3: Boyek (97. min)