FUTBOLA

Realak irabazi egin du (3-0) eta Alavesek galdu (1-2)

Donostiarrek erakustaldia eman dute Anoetan, eta nagusitasunez hartu dute mendean Atletico Madril. Gasteiztarrek ez dute partida ona jokatu, baina gutxienez puntu bat lortzeko merituak egin dituzte. 

2018ko apirilaren 19a
05:15
Entzun

Bikain jarraitzen du Realak Imanol Alguacilen aginduetara. Lau partidatan eseri da aulkian entrenatzaile oriotarra, eta talde txuri-urdinak hiru irabazi ditu, eta bat berdindu. Bederatzi gol sartu ditu, eta alerik ez du jaso. Gaur astindua eman dio Atletico Madrili. Willian Josek sartu du lehen gola, aurreneko zatian, 27. minutuan, eta Juanmik bigarrena eta hirugarrena, neurketako azken txanpan, 80. eta 92. minutuetan, hurrenez hurren. Garaipenari esker, Realak bost puntura du zazpigarren sailkatua, Sevilla. Beraz, oraindik badu aukera Europarako sailkatzeko. Bost jardunaldi falta dira jokatzeko.

Alaves, ordea, esku hutsik geratu da Mendizorrotzan. Ez da Girona baino gutxiago izan, baina ez du asmatu izan dituen aukerak aprobetxatzen. Gainera, epaileak lau gol baliogabetu dizkio. Bisitariek bigarren zatian sartu dituzte bi golak: lehena, Aleix Garciak, 58. minutuan, etxekoen defentsaren eta Pachecoren hutsa baliatuta; eta bigarrena, Stuanik, penaltiz, 86. minutuan. Tomas Pinak gola sartu du 91. minutuan, baina ez da gehiagorako denborarik izan. Galdu arren, Alavesek oso gertu du mailari eustea. Izan ere, 11 puntu ateratzen dizkio Deportivori, eta hamabost puntu geratzen dira jokoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.