Gutxirekin asko egiten du Pellegrino Matarazzoren taldeak. Reala ezer bada, talde eraginkorra da, eta horixe ikusi da gaur Son Moixeko zelaian. Donostiako taldeak jokoan nabarmentzeko askorik egin ez duen arren, atera egindako lehen jaurtiketa sareratu egin du Carlos Solerrek, eta, horri esker, garaipenaren bidera itzuli dira txuri-urdinak, Oviedoren eta Real Madrilen aurka berdindu eta galdu ondotik.
Gainera, Alex Remirok zaindutako atea hutsean uztea lortu dute txuri-urdinek. Realak partida ugari zeramatzan gutxienez gol bat jasotzen; atea hutsean mantentzea lortu zuen ligako azken partida, hain zuzen, Mallorcaren aurka etxean jokatutakoa izan zen, joan den irailean.
Gaur, baina, lortu du. 0-1 irabazita eta Donostiara hiru puntu ekarrita, Europara begira jarri da Reala: zazpigarren dira sailkapenean. Gainera, datorren asteazkenean Athleticen aurka jokatuko duten Kopako finalerdietara konfiantzaz iritsiko dira txuri-urdinak.
Orri Oscarsson azken unean deialditik at geratu da, eskuin soleoan mina zuelako. Matarazzok dagoeneko ohikoak diren bizpahiru aldaketa egin ditu hamaikakoan. Oviedoren aurkakoarekin alderatuta, Igor Zubeldia, Carlos Soler eta Arsen Zakharian izan ziren berritasunak. Errusiarra joan den abenduan atera zen azkenekoz hasierako hamaikakoan, Eldenseren aurkako Kopako partidan.
Realak neurketa hasieratik goian estutu du Mallorca, nahiz eta etxekoek ez duten arrisku askorik hartu baloia motzean jokatzean, eta, horren ordez, luze jo duten, batez ere Vedat Muriqi bilatzeko asmoz. Duje Caleta-Carrek, baina, ondo eutsi dio aurrelariari, lehen zatiko jokaldi batean txartel horia ikustetik gertu egon zen arren, Mallorcako jokalariak arriskua sortu ondotik.
Jokaldi hori kenduta, ez bata ez bestea ez da apenas gerturatu aurkariaren areara. Donostiako taldeak distirarik gabeko lehen zatia egin du. Nolanahi ere, Matarazzo aulkira iritsi zenetik ezer gutxi behar dute txuri-urdinek aurkariaren atea zulatzeko. Eta gaur, beste behin erakutsi dute hori, gutxirekin asko egiten dutela. Mallorcako atera egin duten lehen jaurtiketa sarera bidali du Solerrek, 36. minutuan. Mikel Oiartzabalek lerro artean gidatu du baloia, eta segituan pasatu dio Guedesi, ikusita portugaldarra aurkariaren bizkarra erasotzen ari zela. Guedesek area zapaltzean ez du lortu baloia jaurtitzea, baina aldaratzea penaltiaren puntuan jaso du valentziarrak, eta ez du barkatu. Atsedenaldira 0-1 aurretik joan dira txuri-urdinak.
Sufrimendurik gabe
Realak ondo irakurri du bigarren zatiak behar zuen gidoia, are gehiago, gainera, ikusita Mallorcak ez zuela aurrerapausorik ematen lerroak aurreratzeko. Lehen zatian ez bezala, txuri-urdinek bigarren zatian baloi jabetza luzeagoak izan dituzte. Defentsan lasai asko mugitu dute baloia alde batetik bestera, Mallorcako aurrelariak presiora noiz etorriko zain.
Donostiako taldea eroso zegoen egoera horretan. Zakharianen eta Solerren ordez Ander Barrenetxea eta Luca Sucic jokalariak zelairatu direnean, gainera, Reala askoz ere nagusiago izan da jokoan. Txuri-urdinak gertuago egon dira bigarrena egitetik, etxekoek lehena sartzetik baino, nahiz eta Muriquik izan dituen bi aukera Alex Remiroren atea zulatzeko. Dena den, Realak ez du askorik sufritu hiru puntuak Donostiara ekartzeko.
Mallorca-Reala
Mallorca. Leo Roman; Maffeo, Valjent, Raillo, Mojica; Mascarell, Samu Costa (Llabres, 84. min.); Mateo Joseph (Luvumbo, 69. min.), Darder, Virgili (Prats, 84. min.); eta Muriqi.
Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Caleta-Car, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Yangel, 84. min.), Turrientes; Zakharian (Sucic, 63. min.), Soler (Barrenetxea, 63. min.), Guedes; eta Oiartzabal (Marin, 84. min.).
Golak. 0-1: Solerrek (36. min.).