Realak jakinarazi du Lucia Rodriguezek, Lucia Pardok, Emmak, Andreiak eta Lavoguezek ez dutela jarraituko

Igandean jokatuko dute azken neurketa elastiko txuri-urdinarekin, Zubietan, Atletico Madrilen kontra. Athleticen, berriz, Olatz Santanak ez du jarraituko, klubean denboraldi bat egin eta gero.

Realeko Lucia Rodriguez erdiraketa bat egin nahian, aurrean Athleticeko Nerea Nevado duela. JON URBE / FOKU
Realeko Lucia Rodriguez erdiraketa bat egin nahian, aurrean Athleticeko Nerea Nevado duela. JON URBE / FOKU
2026ko maiatzaren 29a
17:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak iragarri du zein jokalarik ez duten jarraituko taldean datorren denboraldian. Bost dira: Lucia Rodriguez, Andreia Jacinto, Emma Ramirez, Claire Lavogez eta Lucia Pardo. Igandean jokatuko dute azken neurketa elastiko txuri-urdinarekin, Atletico Madrilen aurka, Zubietan (12:00). 

Rodriguezek eta Ramirezek bigarren aldia izan dute taldean, eta hunkituta mintzatu dira. «Eskerrak eman behar dizkiot Realari, zoriontsu izateko itzuli bainintzen, eta futbolari sentitzeko», esan du Rodriguezek. «Nire kirol ibilbideko unerik onenak azken hauek izan dira. izugarri ondo pasatu dut, eta horrek nire onena ematen lagundu dit. Zaleei eskerrak ematea besterik ez dut, haiek erakutsi dute klub hau nola bitzitzen den. Oso maitatua sentitu naiz». Ramirez «zoriontsu eta harro doa». «Bigarren aldi hau lehenengoa bezala amaitu da: Txapeldunen Ligarako sailkatuta. Reala, Donostia, nire bigarren etxea izango dira beti, eta jende asko daramat nire barenean. Nire onena eman dut beti».

Jacintok adierazi du «oso gustura» egon dela Realean: «Futbolaren eta pertsonen onena hemen aurkitu dut. Klub hau, hemengo jendea, berezia da, familia bat. Gertutasun horrek berezi sentiarazi nau. Realean egin ditudan lau urteak ez ditut sekula ahaztuko». Lavoguezek «penatuta» hitz egin du: «Askotan gure kirolean dena ez dago gure esku. Ez naiz hemengoa, baina elastiko hau hemengoa banintz bezala defendatu dut». Lucia Pardorentzat «pribilegioa» izan da Realean jokatzea. «Garbiñek [Etxeberria, kirol zuzendaria] deitu ninduenetik ez nuen bitan pentsatu hona etortzea. Realaren balioak zeintzuk ziren azaldu zizkidan, eta harro nago horiek ordezkatu ditudalako. Une gogorrak bizi izan ditut, eta laguntza izugarria jaso dut. Esker hitzak baino ez ditut. Beti izango naiz Realekoa».

Athleticek, bestalde, jakinarazi du Olatz Santana atezainak ez duela datorren denboraldian taldean jarraituko. Atezaina iazko udan iritsi zen talde zuri-gorrira Athleticetik, eta bost partida jokatu ditu. Naroa Uriartek ere erretiroa hartuko duela iragarri du. Igandean Athleticek Alhamaren kontra jokatuko du Lezaman (16:00). Ezusterik ezean Nerea Nevadok eta Maite Zubietak ere taldea utziko dute. Ekainaren 30ean amaitzen zaie kontratua. Jabi Lerga teknikariaren etorkizuna ere ez dago argi. 

Eibarren Arene Altonaga kapitainak herenegun jakinarazi zuen ez duela segituko. 2018tik zegoen taldean, eta Logroñoren aurkakoa izango du azken neurketa (12:00), Ipuruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE