Bittor Alkiza. Numantziako bigarren entrenatzailea

«Realak kasta falta duela esateak ez du inolako zentzurik»

Realean eta Athleticen jokalari gisa distira lortu ostean, Euskal Herritik kanpoko lehen esperientzia du Sorian: Jagoba Arrasateren laguntzaile da Numantzian. Pozik dago bizimoduarekin eta lanarekin.

VALENTIN GUISANDE SANCHO.
jon eskudero
2016ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Etxean bezala. Halaxe sentitzen da Sorian (Espainia) Bittor Alkiza (Donostia, 1970). Futbolari gisa Realean eta Athleticen jokatu ondoren, Donostiako klubeko harrobian hasi zuen entrenatzaile ibilbidea, eta, lehen taldetik igaro ondoren, Numantziako aulkian dago orain, Jagoba Arrasateren laguntzaile. «Oso gustura gaude. Bizimodu ona daramagu, eta lanean pozik ari gara». Euskal Herritik kanpo estreinako esperientzia du, eta ez da ezeren damu. Hori bai, «ahal bezain gertutik» jarraitzen ditu hemengo taldeak. Realaren bolada txarra zuzentzea jendeak uste baino zailagoa izango dela aurreratu du, eta liluraturik dauka Athleticen jokoak. Osasuna eta Alaves, berriz, igotzeko hautagai sendoak direla uste du, «batez ere, Alaves».

Erretiroa hartu ondoren, Realaren harrobian hasi zinen lanean. Nolako esperientzia izan zen?

Oso polita. Futbola utzi ondoren, mundu horretatik aldenduta egon nintzen denbora batez, baina harrobian sartzeko eskaintza iritsi zitzaidan. Ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Profesionalen munduarekin zerikusi gutxi zeukan harrobiak, eta pertsona eta entrenatzaile gisa aberasteko baliagarria egin zitzaidan. Klubeko entrenatzaileekin, gazteekin, gurasoekin eta ikastetxeekin harremanak egin nituen, eta gehien nik ikasi nuen. Jokalari gazteei balioak irakastea izan zen nire zeregin nagusia.

Pentsatzekoa da harrobian garrantzia dutela balioek. Baina profesionaletan?

Ez horrenbeste, eta pena da. Harrobian garrantzitsuena ez da emaitza, ikastea baizik. Profesionaletan, alderantziz. Azkenean, gazte asko ibili ziren Zubietan, eta garbi utzi nahi nuen gutxi helduko zirela Lehen Mailan jokatzera. Horregatik, garrantzitsuena gazteak pertsona gisa haztea da. Profesionaletan, askotan, ahaztu egiten dituzte halakoak, gauza itsusiak ikusten baitira. Ez dago pazientziarik, eta denak itsutu egiten dira emaitzaren bila.

Zubietan zinela ezagutu zenuen Jagoba Arrasate. Nola izan zen?

Harrobirako entrenatzaile bat behar genuen. Luki Iriarte arduraduna eta neroni elkartu ginen, eta Jagobaren izena atera zen mahai gainera. Elgoibarren entrenatzaile zegoen, eta ezagutzen genuen, besteak beste, lan bikaina egiten ari zelako. Harekin hizketaldia izan, eta onartu zuen gure eskaintza. Berehala ohartu ginen nahi genuen pertsona topatu genuela. Futbolaz asko zekiena baina, batez ere, pertsona ona zena. Gainera, irakaslea zen, eta hori ere gustatu zitzaigun.

Ez dago esan beharrik ondo ulertzen zenutela elkar. Harekin batera, lehen taldean sartu zinen. Nola ausartu zinen jauzi hori egitera?

Ez zen pertsona bakarraren erabakia izan. Lan talde hartan sartzeko, klubak etxeko norbait nahi zuen, eta niri proposatu zidaten. 2013a zen. Buruari buelta bat eman, eta trena hartzea erabaki nuen. Ezin nuen aukera pasatzen utzi. Horrez gain, uste nuen prestatuta nengoela betebehar horretarako.

Trenak Sorian egin du geldialdia. Hori bi aldiz pentsatu beharrekoa izango zen, ezta?

Bai, noski. Ordura arte Donostia eta Bilbon ibilia nintzen, baina Soriara etortzeak esan nahi zuen familiak ere mugitu beharko zuela. Zalantzak izan nituen, baina ez naiz ezertaz damutzen. Urteotan ongi ezagutu dut Jagoba, eta harengan konfiantza osoa dudalako nago hemen. Berak proposatu zidan erronkari elkarrekin aurre egitea, eta pozik gaude. Entrenatzaile ona da.

Lanerako toki erosoa da Soria?

Ez daukagu inolako aitzakiarik. Hiria baino gehiago herri txiki bat dela esango nuke nik. Izaerari dagokionez ere, Euskal Herriko jendearen antzik badu hemengoak. Lasaiak dira, eta ongi hartzen gaituzte kalean. Kluba bera ere familia bat da. Gauzak oso garbi ditu. Badaki ekonomikoki Bigarren Mailako taldea duela, eta oreka topatzen saiatzen da beti. Erabaki neurtuak hartzen ditu. Lanerako eta bizitzeko toki aproposean gaude.

Reala bera ere familia moduko bat dela esan ohi da. Zer moduz ikusten duzu taldea?

Ezin izaten dut nahi adina jarraitu. Saiatzen naiz astebururo Bigarren Mailako partida guztiak ikusten, eta denera ezin naiz iritsi. Ahalegina egiten dut gertutik jarraitzeko Reala, eta badakit burua guztiz altxatu ezinik segitzen duela. Talde bat aldapa behera hasten denean, oso zaila da dinamika aldatzea, eta hori gertatzen zaio. Ea laster konpontzen den dena.

Aldapa behera zuek aulkian zinetela hasi zen. Nola gogoratzen duzu hura?

Lehenengo denboraldia ona egin genuen. Ligaren amaiera ez zen izan espero bezalakoa, baina, oro har, emaitzak onak izan ziren. Kopan finalerdietara iritsi ginen, eta ligan Europarako sailkatu. Txapeldunen Ligan ere duintasunez jokatu genuen. Orduan ez zen baloratu egindako lana, baina orain ikusten da zein zaila den maila horretan egotea.

Bigarren denboraldia, ordea...

Bai, bigarrena txarra izan zen. Giroa hasieratik okertu zen, eta Europa ligatik kanpo geratzea kolpe handia izan zen. Partida asko jokatu behar izan genituen sasoi osoan; akaso, taldearen kudeaketan ez genuen oso ondo asmatu, eta kargutik kendu gintuzten. Ligako lehen hamar jardunaldietan emaitza txarrak izan genituen, eta badakigu futbolean zerk agintzen duen. Emaitza txarrekin batera, giroa petraldu egin zen, eta guganako konfiantza galduz joan zen kluba. Pena izan zen Realetik joan beharra, baina ikusten genuen egun hori gero eta gertuago zegoela, eta naturaltasunez egin genion aurre. Ez nuke esango minduta amaitu genuenik, baizik pena handiz. Halere, bizitakoa ona izan zen, eta horrekin geratzen naiz.

Ikusi da arazoa ez zela zuen lantaldearena. Realak zer behar du arazoari buelta emateko? Udan hutsetik hastea?

Inoizko talde garestiena edukirik, denboraldi-aurrean denok uste genuen Reala onenen artean egongo zela. Baina ez. Fitxaketek ez diote espero bezainbeste eman, oraingoz. Jende guztia erabakien zain bizi da halakoetan, eta erabakiak hartzen dira. Pentsa, entrenatzailea birritan aldatu dute gu bota gintuztenetik. Ez dakit zein den arazoa. Udan hutsetik hastea? Auskalo. Baina ez dut uste. Jendeak uste baino zailagoa da dinamika txar bat aldatzea, eta uste dut Eusebiok dohainak badituela horretarako.

Zuzendaritzak asmatu du, beraz, Eusebio ekarrita?

Entrenatzaile berriarekin antzematen da aldaketa. Estilo propioa erantsi nahi dio taldeari, baina horretarako denbora behar du. Eta denbora aipatzean, hilabeteak esan nahi dut. Hobekuntza ez da goizetik gauera lortzen. Pazientzia izan behar da. Behintzat, ikusten da Eusebiok garrantzia ematen diola harrobiari. Lehengoan ere, Hector eta Oiartzabal hasieratik zelairatu zituen, eta hala egitea ondo iruditzen zait. Hori da Realaren balio nagusia: harrobia. Eta horri eutsi behar dio. Nik ez dut ikusi hark gidatutako lan saiorik, baina esan didate ongi ari dela lanean. Klubean pozik daude.

Zure ustez, arazoa ez al da jokalarien kasta falta?

Bai zera! Reala gaizki dagoenean beti esan ohi da hori. Errazena kritikatzea da, baina ezin da ahaztu Realak ere denboraldi bikainak izan dituela azken urteotan. Bolada kontuak dira. Kasta falta dela esaten denean ez nago ados. Gero, norbait Realetik Athleticera joaten denean, kasta hartzen duela esaten da. Hori nola izango da posible? Ezinezkoa da. Zentzurik ez du.

Realetik Athleticera esan duzu. Garai batean zeuk egin bezala, Gorka Elustondok ere bide hori hartu zuen joan den udan.

Niretzat gogorra izan zen aldaketa, etxetik ateratzen nintzen lehen aldia zelako. 24 urte besterik ez nuen, eta uste nuen dena nekiela. Gero ohartu nintzen ezetz. Talde batek diru kopuru bat ordaintzen duenean, zuk ahalik eta ondoen erantzun nahi izaten duzu, baina pazientzia behar da. Hasiera gogorra da beti. Eta Gorka Elustondo bera ere hasieran dago. Egia da minutu gutxi izaten ari dela, eta hamaikako horretan sartzea oso zail duela, baina ezin du etsi. Lanean segitu behar du.

Unai Lopezek ere San Mames hautatu zuen, Reala utzita. Kadetea zen, eta artean zu zinen Realaren harrobiaren arduradun. Athleticen fitxaketa politika gogor kritikatu zenuen. Berdin pentsatzen duzu?

Denbora pixka bat igaro da, eta ez dut berdin pentsatzen, ez. Unai Lopez etorkizuneko izarretako bat zela banekien, eta harreman handia nuen harekin eta gurasoekin. Horregatik, oso mingarria egin zitzaidan egun batetik bestera Athleticera joan izana. Nire lehen esperientzia izan zen kontu horretan, eta pena eman zidan. Baina ziur orain beste modu batera erreakzionatuko nukeela. Gehiegi hitz egin nuen.

Zer moduz ikusten duzu Athletic?

Zoragarri. Eta ez da denboraldi bakar bateko kontua. Denbora asko darama goi mailan jokatzen. Miretsi egiten dut egiten ari den lana. Ernesto Valverde aipatuko nuke; harrobiko norbait ikusten badu hasieratik jokatzeko moduan, ez du dudarik egiten. Berdin zaio ohiko jokalari bat aldagelan utzi behar badu ere. Eta ondo ateratzen zaio beti apustua. Williamsen jarduna ikusi besterik ez dago. Jokalari guztiak derrigortuta daude belarriak tente egotera, eta horregatik doazkie gauzak hain ondo. Lehiakortasun izugarria dago, eta norbaitek duen guztia ematen ez badu, badaki jai daukala. Inor ez da lasai bizi.

Athleticek eskaintza egin omen zizun harrobian lanean hasteko.

Gezurra da.

Zer iruditzen zaizu Alaves eta Osasuna nola dabiltzan?

Gauza bitxia gertatzen ari da Bigarren Mailan. Denboraldi oro, ustezko talde indartsuenak goian ibili ohi dira, baina, orain, Kordoba soilik ari da ondo. Alaves bikain baliatzen ari da aukera. Garbi dauka zertara jokatu nahi duen, eta partida guztietan erakutsi du irabazteko gai dela. Osasunak, berriz, behera egin du azken hilabetean, baina ongi kokatuta dago sailkapenean, eta erne. Igotzeko hautagaietako bat da.

Zein da Numantziaren xedea?

Bigarren Mailan mantentzea. Lehen egunetik garbi utzi digute hori, eta asko eskertzen da. Bikain hasi ginen, eta azkenaldian gehiago sufritzen ari gara. Presioa beti daukagu, zuzendaritzak erabakiren bat hartuko ote duen edo, baina egunerokoan dugu jarria arreta. Eta, horretan, ondo ari gara.

Inoiz izango al zara lehen entrenatzaile?

Ez dut uste. Baina auskalo. Futbola uztean, ez nuen berehala pentsatuko hemen egongo nintzenik, eta begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.