Reala 2 - 1 Celta

Realak kolpea jo du

Irabazi egin dio Celtari (2-1), eta bosgarren lekuaren jabe egin da, sei partidaren faltan. Portuk eta Januzajk irauli dute kontrako emaitza.

Januzajek egin du Realaren garaipeneko gola, penaltiz. JON URBE / FOKU
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 22a
23:23
Entzun

Bost partida zeramatzan Realak Ligan irabazi ezinda, bi berdinketa eskasekin, eta garaipena behar zuen Celtaren aurka, Europarako bidean kolpea jotzeko. Baita lortu ere.

Partidak nolakoak izango diren asma daiteke kasu batzuetan, aldagai batzuen arabera: bi taldeen jokatzeko modua, hamaikakoak eta abar. Gaurkoak bazuen ero samarra izango zen traza jokatzen hasi aurretik. Batez ere, Celtak erasoan jokatzeko duen moldeagatik, jokalari askorekin jotzen baitu gora, atzealdean zuloak utziz. Realak atera duen hamaikakoak sua harrotzeko bidea ireki besterik ez du egin, Imanolek batera jarri baititu Januzaj, Portu, Isak eta Carlos Fernandez, euskarriak Gebara eta Guridi zirela. Eta bai, ero hasi da partida. Horrelakoa izan da lehen zatia.

Paseak elkarri kateatu ezinda aritu dira bi taldeak. Normala ere bai, hain bizi jokatuta. Kontua da Celtak sartu duela lehen gola, 22. minutuan, Hugo Mallok, buruz korner batean. Berehala erantzun dio Realak, Portuk eraso bizi batean berdindu egin baitu. 25. minutuan gertatu da. Handik lau minutura, penaltia hutsegin du Isakek, gero Januzajk egin ez duena hamar minutu geroago. Irauli egin du emaitza Realak, Celtak utzitako zuloak baliatuz, Carlos Fernandez punta-erdi lanetan dotore ari zela, eta aldea handitzeko moduan ere izan da. Baina 2-1ekoarekin joan dira atsedenaldira.

Realak ikusi du partidak kontrol handiagoa behar zuela, eta lehen zatian baino gorago sakatzen hasi zaio Celtari. Galiziarrak Remiroren atetik urrun ziren, eta etxekoak, aldiz, gertu Ivan Villarren atetik. Portuk zutoinera bota du, eta horixe izan da aukera garbiena. Baina emaitza ez da aldatu, eta, pixkanaka, galiziarrak baloiaren jabe eginez gorantz hasi dira. Aukera garbirik sortu gabe.

Bosgarren lekuaren jabe egin da berriz ere Reala, eta bere esku du Europa ligan aritzea. Azkeneko sei partidetan kale ez egitea nahikoa du. Aukera ederra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.