Apustu etxeekin babesletza akordioak sinatu, bai ala ez. Gaia kontsultara eramango dute Realeko zuzendaritzak. Galdeketa jarri du abian klub zuri-urdinak: gaur hasita, ostegun gauerdira bitartean eman dezakete botoa hamasei urtetik gorako bazkideek, Realaren web orriaren bidez. Jokin Aperreibai presidenteak sinatutako gutun batean eman dituzte azalpenak: "Mugitzen garen ingurunean, marka horien babesletzak diru sarrera iturri garrantzitsua dira klubentzat. Aitzitik, zalantzak ditugu, ekintza horren abusuak gero eta kezka handiagoa eragiten duelako gizartean, nahiz eta guztiz legezkoa izan".
Aperribaik adierazi du "komunikatzeko gaitasun kalkulaezina" duela Realak: "Gipuzkoa ordezkatzeaz gain, gure erantzukizunaren parte bat da transmititzen ditugun mezuak zaintzea". Horregatik, "ohiz kanpokoa" izan arren, gaia bazkideekin kontsultatzea erabaki dute.
Espainiako Ligan, lehen mailako 20 klubetatik 19k dute babesle gisa apustu etxeren bat. Euskal Herrian ere, ia talde guztiek dute akordioren bat era horretako enpresekin. KirolBet enpresa da nagusi; Osasunaren eta Baskoniaren babesle nagusia da, eta akordioak egin izan ditu, esaterako, Athleticekin eta Eibarrekin. Alavesek ere apustu etxe bat du babesle nagusi: BetWay.
Iazko denboraldia, Euskaltelekin izan zuen akordioa, baina une honetan, Realak ez du babesle nagusirik.