REALA 2-0 LEVANTE

Realak Levanteri irabazi dio, eta bete-betean sartu da Europarako sailkatzeko lehian

Txuri-urdinek etxeko bolada onari eutsi diote, eta Anoetan ez dute galdu Pellegrino Matarazzo taldeko entrenatzailea denetik. Jon Martinek sartu du lehen gola, eta Brais Mendezek bigarrena.

Jon Martin. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Mikel Oiartzabal Jon Martin zoriontzen, erdiko atzelariak gola sartu eta gero. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2026ko apirilaren 4a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europarako sailkatzeko lehian bete-betean sartzeko funtsezko norgehiagoka zuen Realak gaurkoa Anoetan, Levanteren aurka, eta Pellegrino Matarazzok entrenatutako taldeak ez du hutsik egin: 2-0 irabazi du. Txuri-urdinek kolpe gogorra jaso zuten Vila-realen zelaian, ligako etenaldiaren aurretik, baina, gaur, hasieratik ikusi da Matarazzok ez ziola muzin egin nahi erasoko jokoari. Hori aski ez, eta Realeko jokalariak Vila-realen baino askoz hobeto aritu dira.

Norgehiagoka hasi eta berehala, Mikel Oiartzabalek partidako lehen aukera izan du, baina Matthew Ryan Realeko atezain izandakoak erantzun bikaina eman dio, eta ondorioz markagailuak hutsean jarraitu du. Eibarko jokalaria konfiantzaz iritsi da gaurko norgehiagokara, eta hasieratik erakutsi du hori: berebiziko parte hartzea izan du jokoaren alor guztietan, eta beste behin hartu du bizkarrean taldearen lidergoa. 

Hasieran, Realak area zapaltzeko beta eduki du; izan ere, Levantek zulo ugari utzi ditu atzean, eta hasieratik ikusi dira Luis Castrok zuzentzen duen taldearen gabeziak. Hala, hamargarren minutuan, Oiartzabalek zutoinera bidali du baloia Guedesen pase bikain baten ostean. Ordurako ikusten zen Realaren gola gertu zegoela. Baina Levante ere jokatzera joan da Anoetara. Nolanahi ere, tarteka Realaren zelaian baloia eduki badu ere, ez du aparteko arriskurik sortu, eta Reala eroso ibili da atzealdean. Hogeigarren minutuan, Ander Barrenetxeak jaurtitako baloia ate azpitik atera du Jeremy Toljanek, eta enegarrenez arnasa eman dio Valentziako taldeari. 

30. minutuan, baina, Carlos Solerrek erdiratutako baloia bikain errematatu du Jon Martinek, eta 1-0ekoa sartu du. Horren ostean, Realak bereari eutsi dio, baloia eduki nahian eta area ahalik eta azkarren bilatzeko asmotan. Lehen zatia horrela amaitu bada ere, Gipuzkoako taldeak aldea handitzeko aukerak izan ditu, baina zutoinak eta zehaztasun faltak eragotzi die hori lortzea.

Bigarren zatian, lehen zatia bezain bizi irten da Matarazzok zuzendutako taldea, eta 49. minutuan Guedesek aukera garbia izan du. Lehen zatiaren antz handia eduki du bigarrenaren hasierak: itxura zuen Realak markagailuan aldea handituko zuela. 54. minutuan, area barrutik kanpora egindako mugimendu eder baten bidez, Luka Sucicek baloia langara bidali du. Realak zutoinari zeozer zor ziola zirudien. 

Realaren arratsaldea eguna bezain argitsua izango zela zirudienean, Barrenetxeak min hartu du. Hori nahikoa ez, eta 67. minutuan Duje Caleta-Carrek hartu du min, eta zelaia utzi behar izan du. Hala ere, partida amaieran Matarazzok esan du erdilaria nekeak jota zegoela, eta, atzelariak karranpak izan zituela. Beraz, itxuraz, ez dute ezer larririk. Minutu horiek kritikoak izan dira Realarentzat, Levantek ere estutzeko eta markagailua berdintzeko aukerak izan baititu.

Ibai Agirreren debuta

Txuri-urdinen zorionerako, 82. minutuan Brais Mendezek bigarren gola sartu du, Pablo Marinek egindako pase zehatza errematatuta. Arnasa sakon hartu dute Anoetara bildutakoek, eta horrek debuta egiteko aukera eman dio Ibai Agirre harrobiko jokalariari. Gola sartu eta berehala irten da erdilari mutrikuarra, eta, minutu asko egin ez baditu ere, bete egin du entrenatzaileak eskatutakoa. Aulkitik irten da Orri Oskarsson, eta pare bat aukera izan ditu buruz buru, baina bietan jokoz kanpo zegoen, eta epaileak jokaldiak baliogabetu ditu.

Gaur irabazi eta gero, sailkapeneko seigarren postuan dago Reala: 41 puntu ditu, Celtak, zazpigarren sailkatuak bezainbeste. Galiziako taldeak bihar jokatuko du, Valentziaren zelaian. Borrokatzeko dago Reala.

REALA-LEVANTE
Reala. 
Remiro; Aramburu, Jon Martin, Caleta-Car (Aritz Elustondo, 69. min), Sergio Gomez; Turrientes (Agirre, 85. min), Soler, Sucic (Brais, 63. min); Barrenetxea (Marin, 63. min), Oiartzabal eta Guedes (Oskarsson, 85. min.)
Levante. Ryan; Toljan, Dela, Moreno (Matturro, 46. min), Manu Sanchez; Olasagasti, Oriol Rey (Raghouber, 59. min.), Iker Losada (Pablo Martinez, 46. min.), Victor Garcia (Tay, 81. min.), Tunde (Ivan Romero, 59. min.); eta Espi.
Golak. 1-0: Jon Martinek (30. min); 2-0: Brais Mendezek (83. min).

ALAVESEK ETA OSASUNAK DERBIA JOKATUKO DUTE BIHAR, MENDIZORROTZAN

Alavesek eta Osasunak derbia jokatuko dute bihar, Mendizorrotzan, 21:00etan (Movistar). Nafarrek 37 puntu dituzte sailkapenean, eta arabarrek 31. Horren ondorioz, ez dute helburu bera: Osasunak ia ziurtatuta dauka mailari eustea, eta Europarako sailkatzeko lehiari eutsi nahi dio; Alavesek, berriz, mailari eustea du helburu bakarra.

Bi taldeetako entrenatzaileek, Quique Sanchez Floresek eta Alessio Liscik, azpimarratu dute «oso partida garrantzitsua» dela eta, derbia izanda, «neurketa gogorra eta lehiatua» izango dela.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, Sanchez Floresek hutsune garrantzitsua du, Lucas Boye min hartuta baitago. Liscik, ordea, ez du horrelako buruhausterik.

Athleticek, berriz, Getaferi egingo dio bisita bihar (14:00, Movistar). Zuri-gorriek ez dute atzean geratu nahi Europarako sailkatzeko lehian. Ernesto Valverdek berri oso onak izan ditu, jokatzeko moduan baitaude Unai Egiluz, Yeray Alvarez, Nico Williams eta Maroan Sannadi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA