Espainiako Ligako lehen neurketa izan zuen atzo Realak Betisen aurka Cartuja estadioan, Sevillan (Espainia), baina ez zuen garaipena lortu.
Berdinduta hasi zen neurketaren lehen zatia: bi taldeetako jokalariek baloia atean sartzeko aukera gutxi izan zituzten. Betisek izan zuen baloiaren jabetza gehiago, baina, momentu batean, aukera baliatu eta Oskarssonek gora bidali ahal izan zuen baloia.
Bigarren zatian, Sevillako taldea hobeto hasi zen, eta 62. minutuan Rodrigo Riquelme Betiseko jokalariak gola sartu zuen, Cuchoren pase bati esker. Eta bolada onari segika, Iscok beste aukera bat izan zuen gola sartzeko, baina Remirok baloia gelditu zuen.
Ondoren, Realak Betisi txanda hartu nahi izan zion eta bolada ona eskuratu: aukera bikoitza izan zuten gola sartzeko. Halere, Sucicek zutoina jo zuen, eta Sergio Gomezek kanpora bidali zuen.
Reala berdinketaren bila joan zen, gosez, eta aukerarik garbiena Oskarssonek izan zuen beste behin, baina Alvaro Valles atezainak geratu egin zuen gola. Gauzak horrela, 1-0 izan zen partidaren bukaerako emaitza, eta Reala esku hutsik itzuli zen etxera ligako lehen partidaren ondoren.