Reala 3-2 Athletic

Realak luzapenean sartutako gol bati esker irabazi du Athleticen aurka

Gorrotxategik sartu du derbiko gol erabakigarria, hirugarrena, 92. minutuan. Parez pare aritu dira bi taldeak.

Guedes Realeko jokalaria 2-1eko gola sartzen, Athleticen aurka. JON URBE / FOKU
Guedes Realeko jokalaria 2-1eko gola sartzen, Athleticen aurka. JON URBE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko azaroaren 1a
21:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urduritasuna, lehia, presioa... Derbiek izaten dute halako kutsu berezi bat, eta partidetako gidoia ere askotan antzekoa izaten da. Lan asko, eta joko gutxi. Eta, ondorioz, apenas aukerarik eta golik. Bada, derbietan ohikoa den erritmo biziarekin jokatu dute partida gaur Realak eta Athleticek, baina izan dira aukerak, baita golak ere. Ez da inor aspertu, bazen-eta zer ikusia zelaian. Azkenean, txuri-urdinek bukatu dute irribarretsu, eta serio zuri-gorriek. Gorrotxategik 92. minutuan sartu du lehiako gol erabakigarria, eta festa lehertu da Anoetan. Ezin denak etxera gustura joan. Hustuta amaitu dute bi taldeetako jokariek, baina zuri-gorriek ordaindu dituzte despisteak garestien. Azkar osatu beharko dute, asteazkenean partida inportantea baitute Txapeldunen Ligan, Newcastleren aurka. 

Esan liteke Bizkaiko taldeak zertxobait hobeto hasi duela neurketa, baina pixkanaka Reala izan da partidari neurria ondoen hartu diona. Gogor zelairatu dira bi taldeak, aurkaria estu hartu nahian. Aldiz, baloia hanketan, ez oso fin. Garrantzitsua izaten da halakoetan huts larririk ez egitea eta geldikako jokaldiak aprobetxatzea. Halaxe izan du partidako lehen aukera Realak, hogeigarren minutua betetzear zela. Arbeleko jokaldia agindu bezala egin dute, baina Solerrek ez du erdiraketa nahi bezala errematatu, eta Unai Simonek urrundu du. Oiartzabalek ere izan du aukera on samar bat handik gutxira.

Athletic saiatu da berriro partidaren kontrola izaten, eta orduantxe Realak notizia txar bat eta on bat jaso ditu. Txarra: Barrenetxeak min hartu duela. Ona: talde txuri-urdinak gola sartu duela. Medikuek artatu eta gero, zelaira itzuli eta probatzea erabaki du Barrenetxeak, herrenka sartu bada ere, eta erabakigarria izan da. Hari iritsi zaio baloia, eta, hara non, goleko pasea eman dio Brais Mendezi, 38. minutuan. Lehen errematea Unai Simonek gelditu du, baina aldaratzean ezin izan du ezer egin. Eta, segidan, aldaketa: Barrenetxeak zelaia utzi du, eta Zakharian sartu da haren ordez.

Gustura zeuden realzaleak, baina gutxi iraun die pozak, azkar erantzun baitu Athleticek: 42. minutuan berdinketaren gola sartu du. Bizkaitarrek azkar atera dute falta bat, txuri-urdinak despistatuta zeudela. Gorosabel azti ibili da, eta, ahal bezala, Guruzetari utzi dio baloia. Aurrelariak ez du barkatu. Aldageletatik bueltan, ordea, zuri-gorriak lo atera dira. 47. minutuan Guedesek kontrol bikaina egin du, bigun defenditu dute Athleticeko atzelariek, eta portugaldarrak ederki bukatu du. Berriro ere, aurretik zen Reala, 2-1.

Konfiantza hartu, eta erasora jo dute txuri-urdinek. Orduantxe, aulkia mugitzea erabaki du Ernesto Valverdek. Talde zuri-gorriko izarra zelairatu du: Nico Williams —Sanceten ordez sartu da—. Eta nabaritu da Williams anaietan gazteenaren freskura. Behar zuen taldeak. Sergio Franciscok ere 63. minutuan egin ditu aldaketak: Marin eta Kubo sartu dira Brais Mendezen eta Guedesen ordez.

Erasoan segitu du Athleticek, berdinketa helburu, baina Reala ere lehiakor aritu da, edozein abagune aprobetxatzeko prest. Eta halaxe, 67. minutuan, eman du abisua. Zakharianek gola sartu du, baina epaileak, VAR sistema erabilita, jokoz kanpokoa adierazi du azkenean.

Hurrengo minutuetan ere bi taldeak aritu dira nor baino nor gehiago, erritmoa jaitsi gabe. Athleticek izan du nagusiki baloia, eta talde zuri-gorria saiatu da gehien. Hala ere, ez da defendatzera mugatu Reala. Aukera izan duenean, aurrera jo du. Azkenerako, esfortzuaren saria jaso du Athleticek. Vivianek buruz atzeraka jo du baloia; Remirok gelditu du, baina aldaratzea Robert Navarrori iritsi zaio, eta ez du barkatu, 79. minutuan (2-2). Gainera, jarraian, Zakharianek min hartuta utzi behar izan du zelaia.

Azken hitza, Realak

Kolpea hartu dute realzaleek, hoztu egin da Anoeta, eta haserretzen hasiak izango ziren zale asko. Bazirudien puntu banarekin konforme geratu beharko zutela bi taldeek. Baina epaileak azken txistua jo arte edozer gerta daiteke, eta azken hitza esan gabe zuen oraindik Realak.

Luzapenean sartutako golak gozoagoak edo mingarriagoak izaten dira, eta are gehiago derbietan. Bada, Gorrotxategi izan da realzaleei karamelua oparitu diena. Baloiari sekulako zartatekoa emanda sartu du partidako azken gola, 92. minutuan. Lehen Mailan sartutako lehena du, berehalakoan ahaztuko ez duena. Neurketa amaitutakoan, halaxe esan du: «Egundokoa izan da, egoeragatik, momentuagatik... Hirugarren gol hori zaleena ere bada». Yuri Athleticeko jokalariak, berriz, aitortu du azken golak min egin diela: «Gogorra da. Hobeto ari ginen, baina futbolean detaileek erabakitzen dute, eta ez ditugu zaindu. Azkenean, etxera esku hutsik goaz. Norabide berean egin behar dugu arraun».

Partida hasi aurretik, Realeko zaleek harrera beroa egin diote talde txuri-urdinari, jokalariei bultzada eta hauspoa emateko asmoz. Harmailak eta taldeak bat eginda hasi dute neurketa, eta halaxe bukatu dute. Hoztuta eta burumakur, berriz, zuri-gorriek. 

Reala-Athletic

Reala. Remiro; Aramburu, Jon Martin, Zubeldia, Sergio Gomez; Gorrotxategi, Soler, (Goti, 82. min) Brais Mendez (Marin, 63. min) ; Guedes (Take Kubo, 63. min), Barrenetxea (Zakharian, 41. min. Aihen, 82. min.) eta Oiartzabal.
Athletic. Unai Simon; Gorosabel (Areso, 82. min), Vivian, Laporte, Yuri; Galarreta (Rego, 68. min), Jauregizar; Berenger, Sancet (Nico Williams, 53. min), Navarro; eta Guruzeta.
Golak. 1-0: Brais Mendezek (38. min); 1-1: Guruzetak (42. min); 2-1 Guedesek (47. min); 2-2: Navarrok (79. min). 3-2: Gorrotxategik (92. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.