Bi albiste txar euskal taldeentzat. Bat: Realak oso partida kaxkarra jokatu du Sanchez Pizjuanen, eta 1-0 galdu du Sevillaren aurka. Bi: emaitza horren ondorioz, Alaves jaitsiera postuetan sartu da.
Lau jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta lau final jokatuko dituzte gasteiztarrek. Puntu batera dute orain Espainiako taldea, bira dituzte Girona, Mallorca eta Elx, eta hirura Espanyol eta Valentzia.
Bestalde, Realak agur esan dio bosgarren postua borrokatzeko lehiari. Oso pattal aritu dira Pellegrino Matarazzok zuzendutakoak, eta ezer asko egin gabe irabazi dio Sevillak.
Goian presio estua eginez hasi du Realak partida, erasokor. Lehen minutuetan donostiarrek izan dute ekimena, baina jokoan erabat nagusitu gabe. Lehian aritu dira bi taldeak, eta kostatu zaie jokaldiak harilkatzea. Txuri-urdinek, batez ere, eskuin hegaletik jo dute erasora, Barreneren bidez. Baina apenas sortu dute arriskurik.
Sevillak izan du lehen aukera garbia, ordu laurdena betea zela. Ejukek bizi-bizi egin du korri area barruraino, eta haren jaurtiketa Remirok urrundu du. Hain zuzen, Ejuke izan da Realeko defentsari buruhauste gehien sortu dizkion jokalaria.
Baloia jokoan atera nahian pare bat huts egin dituzte gero txuri-urdinek. Sevilllak ez ditu aukerak aprobetxatu, baina pixkanaka aurrera egin du etxeko taldeak. Esnatu egin da Sevilla, eta lo hartu du Realak.
Area kanpotik hainbat jaurtiketa egin dituzte etxekoek, txuri-urdinen atezaina larritzea lortu ez duten arren. Hala ere, zelaian ez zeuden eroso Matarazzok zuzendutakoak.
Ejukek gertu izan du gola lehen zatiaren amaieran. Ez du asmatu, eta markagailua hutsean zela joan dira aldageletara.
Hori ikusita, aldaketa egin du Matarazzok atsedenaldian: Oskarsson sartu du Gorrotxategiren ordez. Mugitu du aulkia Sevillak ere: Alexis Sanchez zelairatu da Romeroren partez.
Eta aldaketek izan dute eragina. Bigarren zatiko lehen minutuan aukera bikoitza izan dute txuri-urdinek. Oskarssonen erdiraketa ez du inork errematatu, eta, jarraian, Barreneren jaurtiketa kanpora joan da.
Eta, segidan, kolpea: 50. minutuan area barruan hartu du baloia Alexisek, eta zuzenean sarera bota du baloia.
Ez du erantzun
Golak min egin dio Realari, eta nahi eta ezinean aritu da.Txuri-urdinek ez dute lortu suspertzea, eta Sevillak lanean segitu du.
79. minutuan gola sartu du Agoumek. Epaileak, baina, baliogabetu egin du. Ez da oso argi geratu zergatik.
Reala saiatu da azken minutuetan estutzen, baina alperrik. Azkenekoz Sevillan jokatu zutenean koparekin itzuli ziren etxera gipuzkoarrak. Oraingoan, baina, esku hutsik itzuliko dira Donostiara.
Sevilla-Reala
Sevilla. Vlachodimos; Carmona, Castrin, Kike Salas, Suazo; Gudelj (Mendy, 82. min.), Agoume, Vargas (Juanlu, 75. min.), Ejuke (Oso, 91. min.); Maupay (Peque, 91. min.) eta Isaac Romero (Alexis Sanchez, 46. min.).
Reala. Remiro; Aramburu (Sucic, 82. min.), Caleta-Car, Jon Martin, Sergio Gomez; Gorrotxategi (Oskarsson, 46. min.), Turrientes (Herrera, 70. min.); Soler, Marin (Take Kubo, 58. min.), Barrenetxea (Wesley, 82. min.); eta Oiartzabal.
Golak. 1-0: Alexisek (50. min.).