Realak penaltietan utzi du kanpoan Osasuna Espainiako Kopako final-zortzirenetan

2-2 amaitu dira bai arauzko denbora, bai luzapena. Penaltietan, Marrerok bi jaurtiketa gelditu ditu, eta Aitor Fernandezek bat. Hala, txuri-urdinak izango dira final-laurdenetan.

Unai Marrero Catenaren penaltia geratzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Unai Marrero Catenaren penaltia geratzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko urtarrilaren 14a
00:01
Entzun 00:00:00 00:00:00

Penaltietan. Halaxe ebatzi da Realaren eta Osasunaren arteko Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketa, eta hor Reala hobea izan da. Marrerok gelditu egin ditu Moncayolaren eta Catenaren jaurtiketak; Aitor Fernandezek, berriz, bakarra geratu du: Zakharianena. Hala, talde txuri-urdina izango da final-laurdenetan. 

Gorritxoak 0-2 aurerratu dira partidako lehen zatian, Moncayolaren gol bati eta Oiartzabalek bere atean sartutako beste bati esker, baina, bigarren zatian, txuri-urdinek berdindu egin dute kanporaketa. Aurrena Turrientesek aldea txikitu, eta, ondoren, Zubeldiak berdinketaren gola sartu du, 93. minutuan. Luzapenean, Oiartzabalek penalti bat huts egin du, eta.  Realak azken txanpan asko estutu duen arren, ez da golik izan, eta 11 metroetatik egindako jaurtiketek Realari eman diote garaipena.

Ligako azken jardunaldian ateratako hasierako hamaikakoekin alderatuz, bi entrenatzaileek egin dituzte aldaketak. Realean, Marrero, Zubeldia, Gorrotxategi, Sucic eta Barrenetxea hasieratik aritu dira; Osasunan, berriz, Aitor Fernandez, Boyomo, Argibide, Iker Muñoz, Bretones, Barja eta Raul Garcia de Haro. Talde txuri-urdina pare bat aldiz gerturatua zen Aitor Fernandezen atera lehen bi minutuetan. Baina, laugarrenean, gorritxoek hartu dute aurrea. Area ertzean aldaratze bat jaso du Moncayolak, eta boleaz gol ikusgarria sartu. Golak min egin dio Realari, eta hurrengo minutuetan Osasuna izan da nagusi, batez ere zelai erdian. Baloiren izan du, eta etxekoek sufritu egin dute. Izan ere, baloia berreskuratu bezain laster galdu dute. 

Kaskar aritu da Reala, eta Osasunak 18. minutuan sartu du bigarrena. Korner batean izan da. Oiartzabal lehen zutoinean zegoen; baloia  ondo aldendu ez, eta bere atean sartu du gola. Poza izan da nagusi Anoetan egon diren zale gorritxoen artean: Realekoak, berriz, gertatukoa sinetsi ezinda zeuden. 

Alde hori lortuta, Osasunak atzerapauso bat eman du, eta Realak izan du hortik aurrera baloia. Txuri-urdinak hegaletik saiatu dira min egiten, Kuboren eta Barrenetxearen bidez. Baina lortu ez. 30. minutuan izan dute gol aukerarik argiena. Sergio Gomezek erdiraketa ona egin, baina Sucic ez da iritsi baloia errematatzera. Kontrakarrean aritu dira etxekoak, eta azken pasean asmatu ezinik, presaren ondorioz. Osasunak, berriz, aparteko arazorik gabe eutsi dio. Bigarren jokaldietan nagusi izan da, baita buruz buruko jokaldietan ere. Ondo kokatuta egon da zelaian, eta bi golen aldearekin joan da atsedenaldira, kanporaketa oso alde zuela.

Zubeldiak, azken orduan

Bigarren zatia hasi eta berehala, Raul Garcia de Harok buruz buruko jokaldi ona egin du, eta gola sartzear egon da area kanpotik. Marrerok, ordea, ondo gelditu du baloia. Ondoren, Kubok izan du eskura gola, buruz buruko beste jokaldia batean, baina baloia kanpora joan zaio gutxigatik.

Partidan zerbait aldatzeko asmoz, Matarazzok Zakharian eta Turrientes zelairatu ditu Barrenetxearen eta Gorrotxategiren ordez. Baina, lehen zatian bezala, txuri-urdinak nahi eta ezin aritu dira bigarren zatiaren hasieran ere. Osasuna, berriz,  zain egon da, kontraeraso batean hirugarren gola sartzeko asmoz. Lisccik ere egin ditu aldaketak, eta, horrekin batera, marrazkia aldatu. Galan eta Rossier zelairatu, eta bost atzelarirekin hasi da jokatzen.

Minutuak aurrera joan ahala, partidaren intentsitatea nabarmen apaldu da. Dena den, 72. minutuan, Aramburuk gol bat sartu du ia, buruz. Errematea, ordea, langaren gainetik joan zaio. Talde txuri-urdinak, halere, asmatu egin du hurrengo jokaldian. Turrientesek sartu du gola, jaurtiketa urrutitik eginda (75. min)

Osasuna hirugarrena sartzear egon da segidan, baina Marrerok ondo gelditu du Raul Garcia de Harok jaurtitako baloia. Realak estutu egin du hurrengo minutuetan, bihotzarekin gehiago buruarekin baino. Caleta-Carrek gola sartu, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako. Ondoren, Zakharianek eta Odriozolak izan dituzten aukerak, baina ez dute asmatu. Arauzko denboraren luzapenean, ordea, ostiralean Getafen bezala, gola sartu du Realak; oraingoan ere defentsa batek, zehazki: Zubeldiak (93. min). Arean aldaratze bat jaso, eta sareetara bidali du baloia. Hala, luzapena jokatu behar izan dute. Kolpea Osasunarentzat, eta hauspoa txuri-urdinentzat.

Luzapenari hobeto ekin dio Realak. Matarazzok ezusteko aldaketa bat egin du horren harira, Oskarsson kendu baitu, zelairatu berria, eta Jon Martin atera. Izan ere, Caleta-Carrek min hartu du. Lisccik, berriz, Budimir atera du, Raul Garcia de Haro oso nekatuta baitzegoen. Hain zuzen ere, 102. minutuan aurrelari kroaziarrak langara bidali du baloia, buruz egindako erremate batean. Hurrengo jokaldian Realaren aldeko penaltia adierazi du Soto Grado epaileak. Odriozolaren eta Galanen arteko buruz buruko jokaldi batean, baloiak gorritxoen atzelariaren eskua jo du. Baina Oiartzabalek huts egin du. Aitor Fernandezek ondo gelditu du txuri-urdinen kapitainaren jaurtiketa.

Luzapenaren bigarren zatiaren hasieran, jokoa geldoagoa izan da. Ez talde batek, ez besteak ez dute arrisku handirik hartu nahi izan. Gainera, jokalariek nekea antzeman dute. Baina, gero, Realak estu hartu du Osasuna. Oso nagusi izan da. Odriozolak eta Kubok bi aukera bikain izan dituzte, baina Aitor Fernandez azaldu da berriro ere. Arrasateko atezainak salbatu du Osasuna luzapenean. Azken jokaldian, Guedes Aitor Fernandezen aurrez aurre geratu da, baina, errematatzeko tokirik ez, eta kanpora errematatu du. Hor iritsi dira penaltiak, eta Realaren garaipena. 

Reala-Osasuna

Reala: Marrero; Aramburu (Odriozola, 73. min), Zubeldia, Caleta-Car (Oskarsson, 89. min) (Jon Martin, 91. min), Sergio Gomez; Barrenetxea (Zakharian, 53. min), Gorrotxategi (Turrientes,  53. min), Soler, Kubo; Sucic (Guedes, 73. min) eta OIartzabal.

Osasuna: Aitor Fernandez; Jun Cruz (Catena, 82. min), Herrando, Boyomo, Argibide (Rosier, 62. min); Barja (Javi Galan, 62. min), Moncayola, Muñoz (Torro, 82. min), Bretones; Moi Gomez (Ruben Garcia, 71. min), Raul Garcia (Budimir, 98. min).

Golak: 0-1: Moncayolak (4. min). 0-2: Oiartzabalek (18. min, bere atean). 1-2: Turrientesek (76. min). 2-2:  Zubeldiak (93. min)

Penaltiak: (4-3):

Realean, Oiartzabalek, Guedesek, Solerrek eta Sergio Gomezek sartu dituzte; Zakharianek huts egin du. 

Osasunan Budimirrek, Torrok eta Galenek sartu dituzte; Moncayolak eta Catenak huts egin dituzte. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.