Reala 0 - 0 Celta

Realak puntu bat eskuratu du Celtaren kontra, golik gabeko norgehiagoka batean

Pellegrino Matarazzoren taldeak denboraldiko lehen berdinketa eskuratu du. Kubok aukera garbi bat huts egin du.

Goncalo Guedes, baloiarekin, atzoko norgehiagokan. JUAN HERRERO / EFE
Goncalo Guedes, baloiarekin, atzoko norgehiagokan. JUAN HERRERO / EFE
2026ko irailaren 4a
10:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak 0-0 berdindu du Celtaren aurka. Espanyolen aurka 2-1 irabazi ostean, Pellegrino Matarazzok zuzendutako taldeak bolada onari jarraipena eman nahi zion. Aurrean, baina, aurkari arriskutsua eduki du, eta puntu batekin konformatu behar izan du. Entrenatzaileak ez du norgehiagoka aulkitik zuzendu, txartel gorria atera baitzioten larunbateko norgehiagokan. Haren ordez, John Maisano izan da aulkian, Omer Toprak beste entrenatzaile laguntzailea ere zigortuta baitzegoen.

Seigarren jardunaldiko norgehiagoka izan da. Realak eta Celtak Europa Ligako partidak izango dituzte aurki, eta Ligak aurreratzea erabaki zuen.

Celtak baino hobeto ekin dio Realak lehiari, eta Jon Martinek Aramburuk egindako erdiraketa bikain bat errematatu du; Raduk tamaina bereko erantzuna eman dio. Reala askotan heldu da Celtaren area ingurura, baina badirudi joan den denboraldiko arazoek bere horretan jarraitzen dutela, eta azken kolpea eman ezinik aritu da.

Realak beste aukera garbi bat izan du 21. minutuan. Celtako atzealdea ez da fin ibili baloi luze bat defendatzeko garaian, eta Realak bi abagune garbi izan ditu. Lehena Oiarzabalen jaurtiketa izan da: kapitainak ezkerraldetik egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman dio berriro Raduk; ondoren, Kubok zeruetara bidali du baloia, gola sartzeko dena alde zuenean. 30. minutuan, berriz, Yangel Herrera area kanpotik ahalegindu da, baina Celtako atezaina orduan ere erne ibili da, eta kornerrera bidali du baloia. 

Guedes, penalti eske

Celtak bizirik iraun du. Ez du aukera garbirik izan, eta atzean ere zuloak utzi ditu behin baino gehiagotan. Momentu horietako batean, 74. minutuan, Alvaro Nuñezek baloia galdu du area barruan, eta Guedesek lapurtu du; zangotrabatu egin dute, baina epaileak ez du penaltia adierazi. Pellegrino Matarazzok prentsaurrekoan esan du berak ere jokaldi horretan penaltia ikusi duela.

Realak Elxen aurka jokatuko du hurrengo partida, etxetik kanpo. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA