Realak bi garaipen kateatu ditu lehen aldiz denboraldi honetan. Txuri-urdinek aurreneko partida irabazi dute Anoetatik urrun. Valentziaren aurka izan da, 0-1. Imanolek, Getaferen aurka 4-3 irabazi ostean, esan zuen atzean ezin zutela hainbeste erraztasun eman, eta gogoratu zuen aurreko sasoian garaipen gehienak 1-0ekoarekin izan zirela. Oraingoan ere hala izan da, baina, orduan ez bezala, txuri-urdinek neurketa grisa egin dute. Lehen zatiaren amaieratik jokalari bat gehiagorekin jokatu du Realak, baina ez du nagusitasun hori baliatu ahal izan aurretik lortutako aldea handitzeko, eta neurketako azken minutuetan hortzak estutu behar izan ditu. Txuri-urdinen golegilea Carlos Fernandez izan da, 32. minutuan. Hori eta garaipena izan dira albisterik onena, aurrelariak behar baitzuen gola sartzea. Larunbatean hirugarren garaipena segidan kateatzen ahalegindu dira Athleticen aurkako derbian.
Imanolek iragarri zuen aukera zegoela txandakatzeak egiteko, eta hala egin du, aurretik taldeak duen egutegi betea kontuan hartuta. Getaferen aurkako partidarekin alderatuz, hasieratik aritu dira Pacheco, Elustondo, Tierney, Merino Oiartzabal, Carlos Fernandez eta Cho. Realak bosgarren minutuan izan du lehen gerturatze arriskutsua Valentziaren areara. Chok buruz buruko jokaldi on bat egin du, baina haren erdiraketa ez du errematatzerik izan Carlos Fernandezek. Ondo aurkitu du hutsunea, baina hanka sartzea falta izan zaio.
Valentziak Realari utzi dio baloia, kontraerasoa baliatu nahian, eta 11. minutuan aurretik jartzeko abagunea izan du, Javi Gerraren erremate on bati esker. Baina ez du lortu. Hurrengo minutuak parekatuak izan dira. Ez talde batek, ez besteak ere ez du partidaren aginte makila lortzerik izan. Baina Valentzia erosoago zegoen, eta beste gol aukera argi bat izan du. Hugo Durok errematea egin du buruz, eta eskua aterata modu ikusgarrian gelditu du baloia Remirok.
Valentziak izan du baloia hortik aurrera, eta jabetza gabe Realak sufritu egin du, ezin baitzuen bere ohiko joko bizia egin. Partida grisa egin du. Baina zer den futbola: handik gutxira iritsi da txuri-urdinen gola. Carlos Fernandezek sartu du, 32. minutuan. Chori falta egin diote, Tierney bizkor ibili da baloia ateratzen, eta sakon eman dio aurrelariari. Hark atzean utzi du Diakhaby, eta erremate on batekin sarera bidali du baloia.
Hortik aurrera Valentziak arazo gehiago izan ditu. Jokoa nahastu egin da, etxekoek pare bat sarrera itsusi egin baitituzte. Azkenean epaileak gorria atera dio Amallahri 45. minutuan, Oiartzabali ukondoarekin aurpegian eman ostean. Nabarmenago jarri da norgehiagoka Realaren alde.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Imanolek Odriozola eta Zubimendi zelairatu ditu Traoreren eta Urko Gonzalez de Zarateren ordez. Bat gehiagorekin Realak partidaren bila joan behar zuen, baina ez du abantaila hori baliatzen jakin. Ia ez da Valentziaren atera gerturatu bigarren zati horretan. Eta 0-1ekoa beti da emaitza arriskutsua, edozein unetan aurkariak berdindu egin baitezake partida. Arriskua egiteko ahaleginak eskuinetik egin ditu batez ere, Odriozolaren eta Merinoren bidez. Valentzia, berriz, minutuak aurrera joan ahala geldikako jokaldien bidez ahalegindu da min egiten. Partidako berririk txarrena Tierneyk min hartu izana izan da. Aihen Muñozek ordezkatu du, eta litekeena da ezker hegalekoak giharretako hausturaren bat izatea.
Partidako azken zatian, Valentziak atzean sartu du Reala, eta txuri-urdinek hortzak estutu behar izan dituzte. Etxekoek gertu izan dute gola, baloi irteeran Remirok egindako akats baten ostean. Baloia oinean utzi dio Javi Gerrari, eta haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Azken minutuetan buruarekin baino gehiago bihotzarekin ahalegindu da Valentzia gola sartzen, indarrak agortu egin baitzaizkio. Azkenerako, txuri-urdinak hiru punturekin itzuli dira etxera.