Futbola

Realak sendo eutsi nahi dio etxean

Talde txuri-urdinak Levanteren aurka jokatuko du bihar, Anoetan. Realak ez du etxean galdu Pellegrino Matarazzo taldeko entrenatzailea denetik. Irabaziz gero, beste urrats bat egingo luke Europarako sailkatzeko bidean.

Mikel Oiartzabal, Osasunari sartutako gola ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Oiartzabal, Osasunari sartutako gola ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko apirilaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realeko zaleen artean Espainiako Kopako finalak bereganatu du arreta osoa, asko eta asko hura ikusteko sarrerak erosi nahian baitabiltza. Talde txuri-urdinean, ordea, egunerokoan dute arreta osoa. Pellegrino Matarazzok argi utzi du finalera aise iristeko modurik onena Ligan «ahalik eta ondoen» aritzea dela. Horretan ari dira jokalariak, bete-betean.

Bihar, beste urrats bat egin nahi dute zeregin horretan. Levanteren aurka jokatuko dute Anoetan (14:00, DAZN). Realak etxean daraman bolada onari eutsi nahi dio, ez baitu galdu Matarazzo taldeko entrenatzailea denetik: liga eta kopa kontuan hartuta, zortzi partida jokatu ditu, eta bost irabazi ditu, eta hiru berdindu.

Entrenatzaile estatubatuarraren esanetara egin duen gorakadari esker, txuri-urdinak bete-betean sartu dira Europarako sailkatzeko lehian: zazpigarren postuan dira, eta hiru puntura baino ez dute seigarren sailkatua, Celta. Bihar, aukera ona dute helburu horretan beste pauso bat emateko, Levante azken-aurrena baita. Hala ere, suspertu egin da, eta ez du galdu azken lau partidetan: bi irabazi ditu, eta beste bi berdindu.

Ezusterik ezean, Barrenetxea ez da ariko, min hartuta baitago. Aldiz, Kubo osatu egin da, eta baliteke deialdian egotea. Bi hilabete pasatxo egon da min hartuta. 

Alavesek bihar bertan igo nahi du

Alavesek, berriz, bigarren ahaleginean ziurtatu nahi du datorren denboraldian Espainiako Lehen Mailan jokatzea. Horretarako, Andrea Estebanek entrenatutako taldeak puntu bat lortu behar du gaur, Bartzelonan, Europaren zelaian (12:00). Badirudi erraz izango zaiela hori lortzea, Alaves bigarren baita sailkapenean, eta Europa, azken-aurrena. Kataluniako taldeak sei jardunaldi daramatza irabazi gabe. Aukera aproposa du hiru urteren ostean berriro maila nagusian aritzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA