Reala 2-3 Vila-real

Realak galdu egin du Vila-realen aurka, aurkariak azken orduan gola sartuta

Txuri-urdinak 0-2 galtzen hasi dira, bi gol ikusgarriri esker berdintzea lortu dute, baina Moleirok, 94. minutuan gola sartu, eta saririk gabe utzi ditu.

Vila-realeko jokalariak Moleiroren bigarren gola ospatzen, gaur, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Vila-realeko jokalariak Moleiroren bigarren gola ospatzen, gaur, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko azaroaren 30a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Emaitzei dagokienez, amaitu da Realaren bolada ona. Jokoari eta aldarteari dagokienez, ordea, begi bistakoa da Sergio Franciscoren taldea ez dela denboraldi hasierako bera. Gaur 2-3 galdu du Anoetan, Vila-realen aurka, baina erakutsi du gai dela ligako talderik indartsuenekin parez pare lehiatzeko, eta, batez ere, argi utzi ez duela amore ematen bidea maldan gora egin behar izanda ere. Txuri-urdinak 0-2 galtzen hasi dira, Solerren eta Barrenetxearen bi gol ikusgarriri esker berdintzea lortu dute, baina 94. minutuan heldu da kolpea: Moleirok Vila-realen hirugarrena sartu du, eta etxeko taldea saririk gabe utzi.

Bi taldeak bolada bikainean iritsi dira gaurko lehiara: bosna partida zeramatzaten galdu gabe. Vila-real, gainera, lehen postuetan dabil, Real Madrilen, Bartzelonaren eta Atletico Madrilen artean toki bat egin nahian.

Mikel Oiartzabalek ezin jokatu, eta Franciscok Umar Sadiq zelairatu du kapitainaren postuan. Aritz Elustondo izan da hamaikakoko beste nobedadea.

Realeko jokalariak Barrenetxearen gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Realeko jokalariak Barrenetxearen gola ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Ondo zelairatu da Reala, baloia izan du lehen minutuetan, eta estu hartu du Vila-real, presioan lan ona eginda. Hori bai, aukerak sortzea kosta egin zaio, eta Marcelino Garciaren taldea lehenengo abaguneaz baliatu da gola sartzeko: 30. minutuan, ezker hegaletik egin dute jokaldia: Pedrazak baloia erdiratu, eta Ayozek sartu du gola, gerrialdearekin.

Golaren ostean moteldu egin da partida, eta Realak geldikako jokaldietan soilik lortu du arrisku apur bat sortzea. Vila-realek falta ugari egin ditu txuri-urdinen jokaldiak mozteko, baina epaileak ez du txartel horirik atera; hala, haserrea piztu da Realeko jokalarien eta zaleen artean.

Haizea alde

Antzekoa izan da bigarren zatiaren hasiera ere, eta Solerrek galdutako baloi bat baliatu dute bisitariek bigarrena sartzeko, 56. minutuan. Moleiroren gola bikaina izan da, eta beste hainbeste hiru minutu geroago Solerrek area ertzetik sartu duena. Valentziarrak horrela konpondu du aurrez egindako hutsa, eta golak, gainera, modua eman du zaleak eta taldea esnarazteko.

Realak orduan jokatu du hobekien, haizea alde zuela. Guedes area ertzetik saiatu da, Brais Mendez ere bai pare bat aldiz, eta aldaketek are freskotasun handiagoa eman diote Donostiako taldeari —debuta egin du Gorka Karrera harrobiko aurrelariak—. 85. minutuan, Gotik baloia berreskuratu du, Turrientesek area ertzean falta bat lortu, eta Barrenetxeak maisuki jaurti; horrela, markagailua berdintzea lortu dute.

Sekulakoa izan da gola, eta bazirudien Realak irabazi ere egin zezakeela zaleen babesean. Kontraeraso batean, ordea, gauzak aldatu dira: Turrientesek eragotzi du Vila-realek gola sar zezan, baina korner horretan bertan sareratu du Moleirok baloia, area kanpotik; jokalari horren bigarren gola izan da, eta valentziarren hirugarrena. Futbolzaleentzat gozagarria izan da norgehiagoka, baina amaiera garratza izan du Realaren zaleentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.