Futbola

Realaren eta Benficaren partidaren aurretik atxilotutako lau zaleak komisarian daude oraindik

Ehun kaputxadun inguru Armerien plazara joan ziren; bengalak eta aulkiak jaurti zituzten. Realak talde aurkariaren zaleen jarrera gaitzetsi du.

Ertzaintza Anoeta parean, arratsalde honetan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko azaroaren 8a
19:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realak Benfica hartu zuen atzo Anoetan. Benficari 3-1 gailenduta, txuri urdinak Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako sailkatu dira. Emaitzak eragindako poztasuna, hala ere, partida aurreko istiluek baldintzatu zuten. Hain zuzen, partida hasi baino lehen, istiluak izan ziren estadio inguruan, eta Ertzaintzak lau lagun atxilotu zituen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Atxilotuak komisarian daude oraindik ere. Aurreikusi dutenez, goizean utziko dituzte epailearen esku.

Ertzaintzak ez du zehaztu zein talderen zaleak diren lau horiek –21, 26, 32 eta 42 urte dituzte–. Hala ere, partida osteko agerraldian, Jokin Aperribai Realeko presidenteak ohartarazi zuen atxilotuetako bat bazkide ez den gipuzkoar bat dela. Are, Realak X sare sozialean zehaztu zuen beste hainbat zale identifikatu zituztela, partidaren bigarren zatian Benficakoek zazpi bengala piztu eta Realeko jarraitzaileen artera bota zituztelako. Benficaren zaleen jarrera «lotsagarritzat» jo zuten. Mikel Oiartzabal Realeko kapitainak ere babesa adierazi zien bengalak bota zizkieten zaleei: «Gertatu behar ez diren kontuak dira».

Armerien plazan hasi zen liskarra. Arratsaldean, han zeuden realzaleak, ohi bezala. Ehun kaputxadun inguru joan ziren hara, 17:30 aldera, eta bengalak eta aulkiak jaurtitzen hasi ziren, baita makilakadak ematen ere. Olaeta kalera eta Madril hiribidera zabaldu zen iskanbila gero. Hainbat lagun artatu behar izan zituzten.

Sare sozialetan zenbait bideo zabaldu zituzten:

Aperribaik Portugalgo zenbait zaleren jarrera gaitzetsi zuen, eta Realaren zaleei barkamena adierazi: «Min ematen dit gau zoragarri honetan agertzeak, baina barkamena eskatu nahi diet Realaren zaleei. Benficaren zaleei material asko kendu diegu, miaketak ezin konta ahala izan dira, baina ezin izan da dena kendu». Presidentearen arabera, bengalak jaurti dituzten horien aurka egingo du Realak. «Arazo honek ez du konponbide errazik, baina ahalik eta baliabide gehienekin joango gara pertsona horien aurka», zehaztu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA