Herritarren artean heldu dira Realeko jokalariak Donostiako udaletxera aurretik zehaztutako orduan. Barruan txistulariek egin diete lehen harrera. Ondoren, 18:40 inguruan, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek hartu du hitza: "Egia da ez duzuela Liga irabazi, baina denboraldia bikaina izan da. Omenaldi hau merezi zenutela uste dugu". Hasierako asmoak "apalagoak" zirela, eta horrelakoetan "ilusioa" handiagoa izaten dela nabarmendu du. Donostiarrak "ilusionatuta" daudela esan du. Desio bat du datorren denboraldirako "hobeto edo okerrago joan txalo egin diezaiogun beti gure Realari". Zaleek izan duten garrantzia ere nabarmendu du alkateak.
Jokin Aperribai presidenteak jokalariak zoriondu ditu eta egindakoa goraipatu du, "jendeak espero zuena baino askoz ere gehiago eman duzue". Denboraldi ona egin izanaren oinarrian beraien "balioak" daudela esan du. Xabi Prieto kapitainak ere eskerrak eman dizkie zaleei.
Realeko hamabost jokalarik hartu dute parte gaurko omenaldian. Alkateak, presidenteak eta kapitainak udaletxeko areto nagusian hitz egin dute. Bitartean kanpoan egon dira zaleak, euripean, aterkiz beteta zegoen udaletxe inguruan zain.
Esker hitzak jokalariek
18:50 inguruan irten dira balkoira Realeko jokalariak. Aterkipean zain egon diren zaleek txalo artean hartu dituzte. Realaren doinua entzuten zen txalo zaparrandaren artean. Jokalari guztiek esker hitzak izan dituzte Donostiako udaletxeko balkoira irtetean. Zaleek denboraldi osoan eman dien babesa "ikaragarria" izan dela nabarmendu dute. Eta datorren urtea ere aurtengoaren antzekoa izatea gustatuko litzaiekela jakinarazi dute. "Eskerrak eman nahi dizkizuet etorri zaretenoi, eguraldi honekin merito izugarria du eta. Ea datorren urtean aurtengo denboraldian bezala gozatzeko aukera izaten duzuen. Aupa Reala!, adierazi du Xabi Prietok.
Ondoren, banaka irten dira jokalariak balkoira. Giro aparta zegoen udaletxe kanpo aldean. Jokalarien izenak mikrofonotik eta zaleen artean entzuten ziren. David Zurutuzak, esaterako, "besarkada bat" bidali die.