Ez dira fio Donostia aldean. Malagan eskuratutako garaipen garrantzitsuaren ostean, Realak bi partida jokatuko ditu jarraian Anoetan, eta sailkapenean gora egiteko aukera paregabea du. Mikel Gonzalez, halere, argi utzi zuen atzo jokalariek asteleheneko partida bakarrik pentsatzen dutela: «Etxean ongi ari gara, konfiantza handiarekin. Nahiz eta aukera dugun lehen postuetara gerturatzeko, Rayori irabaztea besterik ez dugu buruan».Malagan taldeak eginiko partida «borobila», eta «lehenengo minututik, eta baita 1-2koarekin ere partidaren bila» joan zirela nabarmendu zuen.
Carlos Velak ere garaipenaren garrantziari buruz hitz egin zuen: «Garrantzi handia izan zuten Malagako hiru puntuek. Hala ere, etxetik urrun lortutako garaipenak Rayori irabazita izango du benetako balioa». Mexikarraren sasoia denen ahotan ibili izan da azken asteotan. Rosaledan sarturiko golaren ostean, aldiz, lasai agertu zen. «Gola garrantzitsua da bai, baina ni lasai nago; esan nuen golak iritsiko zirela, eta halaxe izan zen».
Bestalde, Realak gaur egingo du akziodunen Batzar Nagusia, Donostiako Belodromoan (19:00). Talde txuri-urdinak 43,5 milioi euroko aurrekontua aurkeztuko du.
Iraola: «Konfiantzaz gaude»
Donostian bezala, Bilbon ere lasaiago, eta «konfiantzaz» daude Real Madrilen aurkako partida jokatzeko. Andoni Iraolak argi utzi nahi izan zuen atzo, Real Madril «akatsik txikienaz ere» baliatzen etxean partidak irabazteko. «Zaragozaren aurka ez zuten partida onik egin, eta irabazi egin zuten; gola egiten badigute, beraien meritua izan dadila eta ez gure akatsa».
Epaileek Athleticekin Real Madrilen aurkako partidetan zer nolako jarrera izan ohi duten inguruan ere hitz egin zuen: «Bernabeun jokatzen dugun bakoitzean, kaleratzek garestiegi ordaintzen ditugu; hala ere, ez dut uste horrelako arazorik izango dugunik».
Realeko jokalariek Rayoren aurkako partida dute «soilik» buruan
Mikel Gonzalezek eta Velak asteleheneko partidari eman diote garrantzia, eta ez sailkapenean gora egiteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu