Futbolari ohia

Joseba Zaldua: «Realeko jokalarientzat pizgarria izango da finala zaleen aurrean jokatzea, eta baliteke horrek abantaila txiki bat ematea»

33 urterekin futbola utzi du Joseba Zaldua Realeko jokalari ohiak, azken hiru denboraldiak Cadizen «nahiko gorabeheratsuak izan ondotik». Sevillan izango da Reala hauspotzen, Atletico Madrilen aurkako Kopako finalean.

Joseba Zaldua. REALA
Joseba Zaldua. REALA
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko apirilaren 8a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den irailean utzi zuen futbola Joseba Zalduak (Donostia, 1992). Jokalari askok ez bezala, isilean utzi zuen: agur ekitaldirik gabe, sare sozialetan mezurik idatzi gabe... «Lagun eta taldekide askok esaten zidaten ea ez ote nuen agur mezurik idatziko. Ingurukoek jakitea nahikoa zen niretzat». Berriki jakin da albistea. Reala utzi, eta azken hiru denboraldietan Cadizen aritu da jokatzen. Hasieran, asmoa beste herrialde batean jokatzea zen, baina, ikusita ez zuela eskaintza interesgarririk, erretiroa hartzea erabaki zuen. Orain Cadizen bizi da, baina berandu baino lehen Donostiara bueltatuko dira, ez baitu nahi haurrek «euskara galtzerik». Hamabi denboraldiko ibilbidea osatu du gorenean donostiarrak, eta «pribilegiatua» sentitzen da. Larunbatean Anoetan izan zen, taldekide ohietako batzuk agurtzen. 

Zergatik utzi duzu futbola?

Hasierako asmoa kanpoko herrialde batera joatea zen, eta bizitzeko beste modu bat ezagutzea. Baina ez zenez gure gustuko aukerarik iritsi, futbola uztea erabaki nuen. Azkenerako, hemen [Cadizen] geratu gara bizitzen beste urtebete. Orain ez dakigu zer egin, beste urtebete igaro, edo Donostiara bueltatu.

Luzera begira, beraz, Donostiara bueltatzeko asmoa duzue... 

Bai. Familia eta lagun guztiak han ditugu, eta haurrak ikastolara joan daitezen nahi dugu. Ez dugu nahi euskara galtzea. Etxean euskaraz egiten diegu, baina ikusten dugu gutxinaka-gutxinaka gehiago kostatzen zaiela. Oraindik txikiak dira, baina gure asmoa bueltatzea da. Gehienez bi urte gehiago egongo gara hemen. Dena ulertzen dute, batez ere handienak, 6 urtekoak. Hitz egiten badaki, gainera. Txikiak dena ulertzen du, baina hitz egitea pixka bat kostatzen zaio. Badakigu bueltatzen direnean eta inguruan euskara entzuten hasten direnean segituan hartuko dutela. Kuadrilla izateak ere arduratzen gaitu. Gure kuadrillan hamabost gara, eta horietatik ia denak 3 urteko gelatik gaude elkarrekin. Nire emazteari ere gauza bera gertatzen zaio. Ez dugu nahi hori galtzea. Helduagoak egiten badira, desberdina izango da.

Erretiroa hartu zenuenean, ez zenuen adierazpen publikorik egin. 

Ez, ez zait fokupean egotea gustatzen. Lagun eta taldekide askok esaten zidaten ea ez ote nuen agur mezurik idatziko. Nire ingurukoek jakitea nahikoa da niretzat, berdin zait jendeak jakitea futbola utzi dudan edo ez.

Beraz, aurrez ez zenuen pentsatua erretiroa hartzea; kanpora joateko aukeren bila aritu zara.

Bai, asmoa zen AEBetan, Australian edo Japonian beste urte bat egitea. Hortik aukeraren bat etortzen bazen, segituko nuen, ziurrenik. Baina ez zenez sortu ezer interesgarririk guretzako, futbola uztea erabaki genuen. Futbolaz pixka bat nazkatuta bukatu nuen, eta Bigarren Mailan alde batetik bestera ibiltzeko... Hemen oso gustura gaude. 

Nazkatuta, zer dela eta?

Hemen oso ondo bizi gara, baina, futbol arloari erreparatuta, pixka bat gorabeheratsua izan da. Etorri eta belauna puskatu nuen, gero Bigarren Mailara jaitsi ginen; ez nuen lortu nahi bezainbeste jokatzea, zortzi orduko bidaia luzeak egiten genituen autobusean kanpoan jokatzen genuenean... Futbola beti gustatu izan zait, baina, urteak pasatu ahala, ilusioa galduz joan naiz. Ez nituen neure burua eta gorputza engainatu nahi. Erraza izan zen erabakia hartzea. Oraingoz gustura nago; ez dut haren hutsunerik [barrez]. Goizetan kirol asko egiten dut, eta arratsaldean familiarekin egoten naiz. 

«Futbola beti gustatu izan zait, baina, urteak pasatu ahala, ilusioa galduz joan naiz. Ez nituen neure burua eta gorputza engainatu nahi. Erraza izan zen erabakia hartzea. Oraingoz gustura nago; ez dut haren hutsunerik»

Ibilbideari dagokionez, Reala utzi zenuenean, denboraldi bat gehiagorako kontratua zenuen, baina Cadizera joan zinen. Atzeko atetik joan zinela uste duzu?

Edozein tokitan sinatuko nuen ibilbide osoa Realean egitea. Nire ametsa Realean jokatzea zen, eta lortu dut. Urte asko egon naiz, espero baino gehiago. Zorionekoa naiz. Dena den, azken denboraldi horretan Olabe [Roberto, kirol zuzendaria] etorri zitzaidan eta esan zidan nire azken denboraldia izango zela, nahiz eta aurrekoan asko jokatu nuen. Hori hain itxita eta erabakita edukitzea... Orduan pentsatu nuen zerbait interesgarria iritsiz gero kanpora joango nintzela, eta bestela hemen geldituko nintzen. Ondoren, ikusi zer gertatzen den. Lehen Mailako talde batzuk nituen atzetik, ordea, eta hiru denboraldi eskaintzen zizkidaten. Azkenean nork bereari begiratzen dio. Garai horretan jokatzen jarraitzeko gogo handia nuen. Eta Realean esan zidatenean azken denboraldia izango zela, nik pentsatzen nuen beharbada ez nuela hainbeste jokatuko, eta ondoren, beste klub bat bilatzeko aukera erakargarriak gutxiago izango zirela.

Harritu egin zintuen Realaren erabakiak? 

Bai, Realean ikusi da azken urteetan jende gaztearen alde apustu egiten dela, eta nik ere horregatik eduki dut zorte hori Realean egoteko. Ez dut kexarik. Hala ere, buruari buelta asko eman nizkion. Imanol Alguacilekin ere hitz egin nuen Olabek esan zidanaz, eta galdetu nion nire azken denboraldia izanda jokatzeko aukera izango ote nuen. Hark zera esan zidan: geldituz gero beste jokalari bat gehiago izango nintzela. Haren aldetik ez zegoen arazorik, baina klubak hori esaten dizunean joateko gonbidapen bat bezalakoa da. Orduan, ez nuen zama izan nahi, ezta gaizki amaitzea ere. Reala nire bihotzean eramango dut beti.

Hamabi denboraldi osatu dituzu futbolari profesional gisara. Zer oroitzapen dituzu?

Donostiar batentzat, txikitatik Anoetara joaten zen ume batentzat, Realarekin debutatzea sekulakoa da. Beti gogoratuko dut. Denboraldi oso politak bizi izan genituen: Europako sasoiak, Kopako finala irabaztea, nahiz eta zalerik gabe izan zen... Beti saiatu naiz ahal dudan guztia ematen, eta alde horretatik asebeteta nago. Kontzientzia lasai dut. Lagun asko egin ditut, eta maitatua sentitu naiz. Gauza onak hartu ditut gogoan.

Azken finaleko txapeldunetako bat izanda, joango al zara Sevillara?

Bai, horretan gabiltza, sarrerekin borrokan. Zorionez, sarrera batzuk lortu ditut, eta familiarekin eta lagunekin joango gara Sevillara. Lagun guztientzat, baina, ez dugu sarrerarik, eta orain horretan ari gara... Oraindik ez dakigu ostiralean joango ote garen edo larunbat goizean. Disfrutatzera joango gara, eta espero dugu irabaztea.

Nola ikusten duzu Atletico Madrilen aurkako neurketa?

Badakigu zaila izango dela, haiek esperientzia dute, baita jokalari oso onak ere. Baina Realeko jokalariek pizgarri bat izango dute: zaleen aurrean jokatzea, aurrekoan ezinezkoa izan zelako. Pizgarri horrek, beharbada, abantaila txiki bat emango digu. Atletico Madrilek ez du hori izango, ez baitu finalik jokatu zalerik gabe. Ziurrenik, xehetasun txikiek markatuko dute partidaren norabidea. Espero dugu, beraz, xehetasun txiki horiek gure aldekoak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA