Realaren milaka jarraitzaile bilduko dira Sevillan gaur eta bihar. Horien artean daude Idoia Serna, Iñigo Susperregi, Iñaki Etxeberria eta Leire Garcia. Batzuk dagoeneko bertan dira. Beste batzuk, berriz, gaur bertan abiatuko dira. Askok inoiz ikusi gabea dute Reala zuzenean final batean, eta ilusioz gainezka daude. Baikortasunik ere ez zaie falta Atletico Madril garaitzeko.

Idoia Serna (realzalea): «Aitaren eta anaiaren omenez izango naiz Sevillan»
Odolean daramatza kolore txuri-urdinak Idoia Sernak (Aizarna, Zestoa, Gipuzkoa, 1973). «Txikitatik naiz Realaren jarraitzaile amorratua. Nire lehen oroitzapenak Iñaki de Mujika kazetariarekin lotuta daude. Realari buruz irratian ematen zuen informazioa sakratua izaten zen gure etxean, isil-isilik entzuten baikenuen familiako kide guztiok». Familia aipatzean, emozioz mintzo da Serna. «Nire aita eta anaia ere Realaren jarraitzaile sutsuak ziren, eta bi haien omenez izango naiz Sevillan. 1987an Zaragozan jokatu zen Espainiako Kopako final hartan nire aita izan zen, baina ni ez. Nik 14 urte nituen, eta Azkoitian ikusi nuen partida, lagunekin. Izugarria izan zen bizi izan genuena. Bada, ez dut imajinatu ere egin nahi zuzenean titulu bat irabazteak zer izan behar duen».
Besteak beste, Realaren final batean lehen aldiz izango da Serna. «Pandemiak final batean egotea eragotzi zigun, eta orain orduko arantza atera ahal izango dugu. Merezi genuen halako aukera bat». Pandemiak final hura kendu zion Sernari, baina beste hainbat gauza eman dizkio Realak. «Oraindik ezin dut sinetsi Realeko zenbait jokalari ohirekin bazkaltzen dudala urtero: Periko Alonsorekin, Agustin Gajaterekin, Jesus Mari Satrustegirekin, Alberto Gorrizekin, Gonzalo Arkonadarekin… Ohitura zuten urtean behin biltzea, eta ni neu beso zabalik hartu ninduten. Pentsa, Aizarnan bazkide naizen elkartera ere etorri ziren, eta nik prestatutako bazkari legea egin genuen. Urtero elkartzen gara, eta haien istorioak, anekdotak eta beste kontatzen dizkigute. Haiekin biltzea sekulako oparia da».
Finalari begira, atzerako kontua luze egiten ari zaio. «Etxea atondu dugu bufanda eta banderekin, eta autokarabanaz iritsiko gara Sevillara. Oraindik ez dakit Realeko zer elastiko eramango dudan soinean: Darko Kovacevicena, Aihen Muñozena edo besteren bat». Ongi dakiena zera da: dena emango duela Realak finala irabaz dezan. «Ederki kostata lortu dugu sarrera senarrak, semeak eta nik, eta baliatu nahi dugu aukera. Pellegrino Matarazzok Realari ekarri dion energia ez dago hitzez azaltzerik, eta konfiantza osoa dugu jokalariengan. Ospakizunetan murgildu nahi dugu!».

Iñigo Susperregi (realzalea): «1987ko finalera ez nintzen joan, ikasketa bidaia neukalako»
Zerbaitegatik bada ezaguna, Realeko elastikoen bilduma zabalagatik da ezagun Iñigo Susperregi (Errenteria, Gipuzkoa, 1970). «Betidanik izan dut afizioa Realeko gauzak gordetzeko: kromoak, egunkarietako ebakinak eta abar. Eta elastikoen bilduma egiten duela hamar urte inguru hasi nintzen serioski. Oraintxe, Realeko hirurehun elastikotik gora ditut». Horien artean bat baino gehiago dira bereziak. «Kuttunak ditut 1982ko Arkonadaren eta Jesus Mari Zamorarenak. Baita Inaxio Kortabarria eta Satrustegirenak ere. Ondorengo jokalariak kontuan hartuta, Nihat, Javi De Pedro eta Agustin Aranzabalenak maiteak ditut. Xabi Prietok, bestalde, bere bat eman zidan eskura. Detailea izan zen».
Hirurehun elastiko horietatik gutxi batzuk izan dira eskura eman izan dizkiotenak. «Jendeak badaki bilduma egiten dudala, eta erosi egiten ditut. Diruak ez dit axola. Berdin jarraitu nahi dut. Hori bai, bildumako elastikoak ez ditut janzten; altxor baten moduan gordetzen ditut». Eta bada gustura hartuko lukeen bat, nahiz eta iruditu ezinezkoa izango dela. «Beti izan dut ilusioa Zamorak Gijonen sartu zuen gol hartako elastikoa lortzea. Gutxienez, ukitu ahal izan nuen, Zamorak berak nire berri izan eta ikusteko ekarri baitzidan. Errespetuz, ez nuen jantzi ere egin, soilik ukitu».
Hots, altxorrik ederrena Kopa irabaztea litzateke, Susperregiren esanetan. Inoiz ez du halakorik bizi izan zuzenean. «1987ko finalera ez nintzen joan, ikasketa bidaia neukalako. Sekulako pena izan nuen barruan. Hurrengo urtean bai, Madrilen jokatu zen finalera joan nintzen, baina galdu egin genuen Bartzelonaren aurka: 1-0». Hortaz, bazkide gisa 43 urte daramatzan honetan, uste du badela garaia zuzenean titulu batekin gozatzeko. «Atletico Madril oso ondo dago, baina izan gaitezen baikorrak».

Iñaki Etxeberria (realzalea): «1987ko finaleko oroitzapenak hil arte gordeko ditut nirekin»
Realaren final batean baino gehiagotan egon dena Iñaki Etxeberria da (Andoain, Gipuzkoa, 1969). Jaiotzerako bilakatu zen Realaren jarraitzaile, eta 14 bat urterekin egin zen bazkide, Atotxa zaharrean. «Hura bai zela futbola! Jokalariak gainean izaten genituen, lokatz artean jokatzen zuten, eta Atotxaren sekulako oroitzapenak ditut». Pareko oroitzapenak ditu 1987ko Kopako finalarenak. «18 urte nituen, eta gogoan dut gure lehengusu batek taberna bat zuela, eta bertan autobusa antolatu zutela Zaragozara joateko. Joaneko bidaia sekulakoa izan zen, eta itzulerakoa, zer esanik ez».
Finalari buruz zera gogoratzen du: esatari lanak egin behar izan zizkiola osaba bati. «Penaltiak heldu zirenean, osabak ez zuen begiratu ere egin nahi, eta nik kontatzen nion guztia: nork jaurti behar zuen, ze aldetara bota zuen baloia eta abar. Arkonadaren azken geldiketa historiko horrekin batera eserlekutik altxatu zen osaba, eta elkar besarkatu genuen. Besarkada horretan betaurrekoak ere galdu zituen; pentsa nolako ospakizuna izan genuen gure artean. Oroitzapen haiek nirekin gordeko ditut hil arte».
1987an ez ezik, hurrengo urtean ere Kopako finalera bidaiatu zuen Etxeberriak. «Jendeak ez du sinetsiko, baina final hartan faborito ginen Bartzelonaren aurka, Santiago Bernabeu zelaian. Giroa nahastu samar geneukan, jakina baitzen Joxemari Bakero eta Txiki Begiristain Bartzelonara joatekoak zirela datorren denboraldian. Hori guztia garesti atera zitzaigun, eta galdu egin genuen. Gainera, gol erabakigarria gu geunden aldean sartu zuen Bartzelonak, Alexankok hain zuzen ere, eta oso mingarria izan zen».
Bada, itxaropenez josita dago Sevillan titulua lortu ahal izateko. «Lagun artean etxe bat alokatu dugu Sevillatik gertu, eta asteburupasa ederra egingo dugu. Futbolak lortzen duen fenomeno hori sekulakoa da, eta ondo pasatzea da gure helburua. Hori bai, irabazi egin nahi dugu, eta Matarazzok ematen duen konfiantza sekulakoa da. Miraria egin du, eta mirariak bizirik jarraitu behar du». Ospakizunak, hori bai, nahiago ditu herrian bertan egin. «Errespetua ematen du Sevillan ibiltzeak, Atletico Madrileko zale batzuen aurrean ezin daitekeelako jakin zer gertatuko den. Hortaz, gure artean hitz egin dugu ospakizunak Euskal Herrirako gordeko ditugula».

Leire Garcia (realzalea): «Titulua lortzea litzateke Aitor Zabaleta omentzeko erarik onena»
Adin guztietako jarraitzaileak bilduko ditu Realak Sevillan, baita gazteak ere. Horietako bat izango da Leire Garcia (Errenteria, Gipuzkoa, 2001). Anaiarekin eta kuadrillarekin batera, autoz bidaiatuko du azken orduan, eta ilusioz gainezka dago. «Duela lau urte egin nintzen Realeko bazkide, Aitor Zabaleta harmailan, eta nire bizitzan hartutako erabakirik onenetako bat izan zen. Hor bizitzen dugun giroa sekulakoa da; golak ospatzeko ere era berezia daukagu, eta ezin genuen faltatu Sevillako finalean». Gurasoen baimena lortzeko ez du arazorik izan. «Anaia eta biok elkarrekin goaz, eta etxean esan dugu tentuz ibiliko garela. Gure asmoa zaleen gunean ibiltzea da. Egitarau bikaina prestatu dute, eta finalera arteko orduak bertan egingo ditugu. Ez dut uste Sevilla inguruan askorik ibiliko garenik, badaezpada ere».
Urduritasuna aspaldi hasi zen sumatzen Garcia, baina egunak pasatu ahala, gero eta ezinegon handiagoa sumatzen du. «Goizean esnatzean beti gogoratzen naiz finalarekin, eta egunean bertan kirioak dantzan egongo naiz. Lehen aldiz biziko dut Realaren final bat, eta, ez dakidanez berriz halako aukerarik izango dudan, daukadan guztia ematea da asmoa». Jokalariek denaren beharra izango dute. «Oilo ipurdia jartzen zait pentsatze hutsarekin harmailetan egongo naizela. Imanol Alguacilen aldekoa nintzen, baina onartu behar dut Matarazzok lortu duena sekulakoa izan dela. Begirada hutsarekin konfiantza transmititzen du, eta guk itsu-itsuan animatuko dugu taldea. Aitor Zabaleta omentzeko, titulua eskuratzea litzateke gauzarik ederrena».