Beste bi domina irabazi dituzte euskal kirolariek Pekingo Paralinpiar Jokoetan gaur: Richard Oribe (34 urte, Donostia) eta Sara Carracelas (27 urte; Errenteria, Gipuzkoa) igerilariek. Oribek S4 kategorian 50 metro estiloetan eta Carracelasek S2an 50 metroetako bizkar estiloan.
Joko hauetako laugarren domina du Oribek; aurretik 200 libreetan urrea lortu zuen, eta zilarra 100 libreetan eta taldekako 4x50ean.
Gaurko finalean David Smetanine frantziarrak aurrea hartu dio, 37.89ko denbora egin du. Donostiarrak 38.69 egin du. Jan Povysil txekiarra izan da hirugarren (39.65).
"Oso ondo irten dut baina, agian, erritmoa aldatu behar nuen frantziarra harrapatzeko", esan du Oribek. 1996an Atenasko Paralinpiar Jokoetan eta 2000an Sydneykoetan urrea irabazi zuen 50 metroetan. Gaurkoarekin, orain arteko Jokoetako 11. domina du.
Carracelasek, berriz, hamargarren domina du, aurtengo lehena. Oso proba ona egin du; izan ere, aurten berak egindako munduko errekorra hautsi egin du. 1.17.09 marka zeukan, eta 1.16.33 egin du. Ganna Ielisavetska (1.13.64) eta Irina Sotska (1.15.53) ukrainarrak, baina, hobeak izan dira.
"Oso proba gogorra izan da. Zaila zegoen, baina pozik nago, oso pozik", esan du euskal igerilariak. Gaur bertan bete ditu, hain zuzen, 27 urte. Bere entrenatzaile Juliari eskaini dio brontzezko domina.
Paralinpiar Jokoak
Richard Oribek zilarra irabazi du eta Sara Carracelasek brontzea
Aurrenak S4 kategoriako 50 metro estiloetan lortu du domina eta bigarrenak S2ko 50 metroetako bizkar estiloan, biek igeriketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu