Rigaudeauren oinordekoa

Baskoniak gertutik zaindu beharko du gaur Nando de Colo joko antolatzailea. CSKAko jokalariak 20 puntu, hiru errebote eta hiru asistentzia lortzen ditu batez besteko.

ainara arratibel gascon
2017ko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
CSKA Mosku taldeko izar Nando de Colok (Sainte Catherine, Frantzia, 1987) beti miretsi izan du Antoine Rigaudeau. Frantziako saskibaloi jokalari onenetakoa izandakoa beti izan da haren ispilua. Aditu askok, gainera, Rigaudeauren oinordekotzat jo dute De Colo. Ez da harritzekoa, bi jokalarien artean antzekotasun handiak daudelako. Biak dira frantziarrak; biak hasi ziren saskibaloian jokatzen Cholet taldearen harrobian, eta ondoren Valentzian aritu ziren; antolatzaile gisa jokatzeko garaiak izan arren—Rigaudeau bi metro luze da, eta De Colo, 1,95— jokoa ikusteko duten gaitasunari esker, gidari apartak dira; gainera, biek ala biek dute saskiratzeko erraztasun handia.

Lehen itzuliko neurketan ez bezala, gaur Baskoniaren aurka ariko da De Colo. Sito Alonsoren jokalariek gertutik zaindu beharko dute joko antolatzaile frantziarra. Denboraldi honetan, Euroligan, dagoeneko bost aldiz jaso baitu jardunaldiko jokalari baliotsuenaren saria. Balio horren isla, hura da Europan gehien irabazten duen jokalaria: hiru milioi euro denboraldiko.

Aurreko jardunaldian jaso zuen azken aldiz izendapena. Galatasarayren aurkako partidan 22 puntu, hiru errebote, bi asistentzia eta lau baloi lapurtu zituen, eta 26ko balorazioa erdietsi zuen. Iazko urte amaieran lesionatuta egon zen arren —horregatik ez zuen jokatu Baskoniaren aurka lehen itzulian— berriro ere sasoiko dago antolatzaile frantziarra, eta, iaz bezala, txapelketako jokalaririk onena izateko bidean da. Aurtengo Euroligan 20,2 puntu, hiru asistentzia eta hiru errebote erdietsi ditu neurketako. Milos Teodosicekin batera —jokalari serbiarrak 34 puntu sartu zizkion lehen itzuliko partidan Baskoniari— Dimitris Itudisek zuzentzen duen taldearen zama darama erasoan De Colok.

De Colo pozik dago Moskun. «Azken urteetako jokorik onena egiten ari naiz. Niretzat garrantzitsuena jokatzea da, eta hemen ditudan ardurak edukitzea. Taldeko liderra izaten jarraitu nahi dut», esan zuen duela egun batzuk. Hala, ahaztuak ditu iazko udan berriro ere NBAra itzultzeko jaso zituen eskaintzak. Are gehiago Moskuko taldearekin zuen kontratua hiru urtez luzatu zuenetik. «Europako talderik onenean nago», errepikatu du behin eta berriz.

Denbora gutxi NBAn

Valentzian nabarmendu ostean egin zuen NBArako urratsa De Colok, 2012an. Baina San Antonio Spursen Tony Parker herrikidean itzalean egon zen, eta Toronto Raptorsen ere ez zuen denbora asko izan. Bi denboralditan 119 partida jokatu zituen, batez beste 11,9 minutuz norgehiagokako. NBAn ez zuen haren eskumutur fina erakusteko modurik izan. 3,8 puntu baino ez zituen saskiratu partidako.

Bere maila berreskuratzeko asmoz itzuli zen 2014an Europara, baita lortu ere. Iaz, zortzi urte pasatu eta gero, De Coloren saskiratzeei esker, besteak beste, CSKAk Euroliga irabazi zuen. Saskiratzeak ez ezik, tituluak pilatzen jarraitu nahi du De Colok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA