final-zortzirenak

Robbenek egiten du dena

Herbehereak final-laurdenetara sailkatu dira, aurrelariaren gol batean eta jokoan oinarrituta. 2-1 irabazi diote Eslovakiari. Honek, bere lehen parte-hartzean, oso mundial itxurosoa egin du.

2010eko ekainaren 28a
00:02
Entzun
Aipatu 'Hegoafrika', eta Nelson Mandela datorkizu burura. Eta 'Mandela' aipatu, eta haren 27 urteko kartzelaldia-eta. Eta haren 'kartzelaldia' aipatu, eta isolamendua-eta. 27 urte haietatik 18an eduki zuten Robben uharteko espetxean, Lurmutur Hirian, bakarrik ziega txiki batean.

Bada beste Robbenik Hegoafrikan: Arjen Robben Herbehereetako selekzioko jokalari mundial hori. Harengan oinarrituta egin dute final-laurdenetara Herbehereek, Eslovakiari 2-1 irabazita. Gol bat sartu du eta arrisku handia sortu. Eman baloia Robbeni, eta berak egiten dizu dena. Bayern Munichen hori bera gertatu da denboraldi honetan. Ba ote halako kasu garbirik gaur egun futbolean? Aipatu 'Bayern Munich', eta Robben burura. Aipatu 'Herbehereak', eta Robben burura.

Aipatu 'Robben', eta bera bakarrik futbolean. Isolatuta bezala jokatzen du, aurrean eskubian, ezker-ezkerra izan arren. Taldekideak bere bila joaten dira, nabarmen. Erantzuten egiten baitu. 18. minutuko jokaldia horren seinale: kontraeraso batean hartu du -eman diote- baloia eskubialdean, sartu da, ohi bezala, erdialdera, ezkerrez bere ohiko jaurtiketa horietakoa egin, eta barrura. 51. minutuan oso antzeko jokaldia, eta ia egin du 2-0ekoa. 44.ean Van Persiek ia baliatu du haren jokaldi on bat, 52.ean Mathijsenek.

Hautatzaileak Robben kendu egin du 71. minutuan, fisikoki babesteko, ez baita ahaztu behar jokalariak mundialaren atarian min hartu zuela giharretan. Gaur jokatu du lehen partida titular gisa. Aurrekoan aritu zen lehen aldiz minutu batzuetan, eta antzeman zen.

Herbehereek badute beste futbolista onik, jakina: Sneijder, Kuyt, Van Persie, Van der Vaart... Aurrealdean gehienak. 84.ean 2-0eko gola heldu da: Kuytek jokaldi ona -Mucha atezain eslovakiarrak akatsa-, Sneijderri pasea eta honek gola.

Luzapenean sartu du Eslovakiak gola, 2-1ekoa, penaltiz. Vittek-ek egin du. Lau golekin, Higuain argentinarra eta biak dira Munduko Kopa honetako golegile nagusiak.

Mundialetik kanpo geratu arren, oso itxura ona eman du Eslovakiak. Aurreneko mundiala izan du eta, Vittekek lehengoan zioenez, aurreko asterako hartua zuten bueltako hegazkineko txartela. Sailkatu egin ziren, baina. Herbehereen aurka ere ondo aritu dira. 1-0 zirela minutu batean bi gol aukera on galdu ditu: 67.ean Stochek, 68.ean Vittekek -ongi Stekelenburg atezaina-. Banakoa ia bukaera aldera. Herrialde txiki bateko selekzioa mundial batean ondo ibil daitekeela ikusi da -5,4 milioi biztanle ditu Eslovakiak; Euskal Herriak 3 milioi...-.

Brasil-Txileko garailearen aurka ariko dira final-laurdenetan Herbeheretakoak. Gaur gauean jakingo da nor izango duten kontrario.

Herbehereak 2. Stekelenburg, Van der Wiel, Heitinga, Mathijsen, Van Bronckhorst, Van Bommel, De Jong, Robben (Elia, 71m), Sneijder (Afellay, 91m), Kuyt, Van Persie (Huntelaar, 77m).

Eslovakia 1. Mucha, Pekarik, Skrtel, Durica, Zabavnik (Jakubko, 86m), Kukca, Stoch, Weiss (Sapara, 86m), Jendresik (Kopunek, 71m), Hamsik, Vittek.

1-0: Robben (18m). 2-0: Sneijder (84m). 2-1: Vittek, penaltiz (93m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.