Itzuliko hemeroteka. Duela 28 urte

Romingerren bigarrena, bideratuta

Itzuliko laugarren etapa 'Euskaldunon Egunkaria'-n (1993-IV-8). BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 7a
23:40
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko azken-aurreko etapa korritu zuten, 1993ko apirilaren 8an. Gasteiz eta Lemoiz (Bizkaia) arteko ibilbide gorabeheratsuan lasterketako liderra bera izan zen bizkorrena, Tony Rominger aseezina. Jokatu zituen lau etapetatik bigarrena irabazi zuen horrela, eta haren taldeak, Clas-Cajasturrek, hirugarrena. Argi utzi zuen lasterketako txirrindularirik azkarrena zela, eta bideratua zuen Itzuliko garaipena. Hala ere, azken etapa falta zelarik, sailkapen nagusian zuen aldea ez zen erabakigarria.

Horrek esperantzarako tarte bat uzten zien suitzarraren aurkari nagusiei: Alex Zulle herrikideari, eta Rolf Sorensen danimarkarrari —biak sei segundora zeuden—. Hain zuzen, Romingerrek bi horiei irabazi zien esprintean Lemoizko helmugan. Etapako protagonistak, ordea, bi anaia izan ziren: Abadiñoko zarrabeitiatarrak. Juan Antoniok, zaharrenak, eguneko lehenbiziko ihesaldia antolatu zuen, eta kilometro dezenteren ondoren tropelak harrapatu eta gero, gazteenak, Mikelek, jo zuen erasora. Garaipena gertu zuela, helmugarako bi kilometro falta zirela harrapatu zuten faboritoek.

Faborito horiek biharamuneko etapako bi sektoreetan erabaki zuten Itzulia. «Taldea oso indartsu dago, eta gu lasterketa kontrolatzen saiatuko gara bihar goizeko sektorean», adierazi zuen Jon Unzaga Claseko txirrindulariak Lemoizko helmugan, Euskaldunon Egunkaria-k hurrengo eguneko zenbakian bildu zuenez. «Arratsaldean, ostera, Tony bakarrik geratuko da, eta berak erantzun beharko du».

Hain zuzen, Romingerrek ez zuen arazorik izan goizeko sektorean eusteko, eta arratsaldean denborarik onena egin zuen Zumarragatik Santa Barbararako kronoigoeran. Suitzarrak bigarren urtez jarraian irabazi zuen Euskal Herriko Itzulia, eta hori lortu zuen historiako laugarren ziklista izan zen —Mario De Waelek (1928 eta 1929), Jose Antonio Gonzalez Linaresek (1977 eta 1978) eta Sean Kellyk (1986 eta 1987) lortu zuten aitzinetik—.

Hemerotekek, ordea, ez zuten hori bildu, Ortziral Santuan bukatu baitzen 1993ko Itzulia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.