Rossi, min eta guzti

Valentino Rossik lortu du MotoGP mailako 'pole'-a Frantziako Sari Nagusian, Le Manseko zirkuituan

jakes goikoetxea
2010eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lepauztaia minberatua izan arren, Valentino Rossik (Yamaha) Frantziako Sari Nagusiko pole-a lortu zuen atzo MotoGP mailako entrenamendu ofizialetan. Ohi duen moduan egin zuen, azken momentuan, azken minutuan. Ez da alferrik izan munduko txapeldun bederatzi aldiz. Rossiren atzetik sailkatu ziren Jorge Lorenzo (Yamaha) taldekidea, Dani Pedrosa (Honda) eta Casey Stoner (Ducati).

Hasieran Stonerrek egin zuen aintzat hartzeko moduko itzulirik azkarrena. Rossik gero. Lorenzok ondoren. Pedrosak entrenamenduak bukatzeko denbora gutxi falta zela. Eta Rossik azken momentuan.

Aurtengo lehen pole-a du atzokoa, baina atzodanik Rossi da munduko txapelketen historian gehien duen gidaria: 59 ditu, Mick Doohanek baino bat gehiago. Itzuli oso azkarra egin zuen, iazko entrenamendu ofizialetako onena baino segundo erdi azkarragoa. Hala ere, Rossik berak onartu du zenbat eta itzuli gehiago korritu, orduan eta ahultasun gehiago sentitzen duela sorbaldan, eta ikusteko dago onenekin lehiatu ahal izango den gaurko lasterketako 28 itzulietan.

Motor gidariek motokrosa egin ohi dute entrenatzeko. Motokrosean gurpilek etengabe irristatzen dute, eta horrek txapelketako motorren irristatzeak kontrolatzen laguntzen die, asko balaztatzen dutenean. Rossi motorretik erori zen, motokrosa egiten ari zela, apirilean. Lepauztaia minberatuta du.

Ez da bakarra. Alvaro Bautista (Suzuki) espainiarrak lepauztaia hautsi zuen duela astebete inguru motokrosa egiten ari zela. MotoGPko atzoko bigarren entrenamendu libreetan erori egin zen, eta horrek okertu egin zion lepauztaiaren haustura. Gaur ez da lehiatuko.

Minak min, Rossik herenegungo entrenamendu libreetan ere erakutsi zuen Le Manseko zirkuituan oso azkar gidatzeko gai dela. Bera izan zen azkarrena lehen entrenamendu libreetan, Casey Stonerren aurretik.

Moto2 eta 125 cc mailetan pole-a estreinako aldiz lortu duten bi gidari izan ziren Le Mansen: Moto2n Kenny Noyes estatubatuarra (Promoharris) eta 125 cc-n Nico Terol valentziarra (Aprilia). Noyesek aurtengoa du lehen denboraldia munduko txapelketan, hau da, Le Mansekoa izango da bere hirugarren lasterketa.

Vazquez, hamabigarren

Efren Vazquez 125 cc-ko gidari bilbotarrak Frantziako Sari Nagusia hasi aurretik esan zuen gustuko zuela zirkuitua, elkarlotutako bihurguneak eta asko balaztatu beharreko lekuak baititu, eta mesede egiten diote bere gidatzeko erari: «Zirkuitua egokia da nire estilorako, eta lan ona egin dezakedala uste dut».

Atzoko entrenamendu ofizialetan, ordea, Efren Vazquez hamabigarren izan zen, Nico Terolengandik segundo eta erdira. Aurreko lasterketan, Xerezen jokatutako Espainiako Sari Nagusian, Vazquez erori egin zen, hirugarren zihoala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.