'Rubiales auzia'

Rubialesek inputatu gisa deklaratuko du

Espainiako Auzitegi Nazionalak deitu du heldu den ostiralean deklaratzera. Fiskaltzaren kereila onartu zuen atzo; horretan, sexu erasoa egitea, eta Hermosori eta haren inguruari jazotakoa justifikatzea behartzea leporatzen dio.

Luis Rubiales, artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS HIDALGO, EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko irailaren 12a
13:12
Entzun

Herenegun gauean dimisioa aurkeztu zuen Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidenteak, baina Rubiales auzia ez da amaitu erabaki horrekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak epailearen aurrean deklaratzera deitu du, datorren ostiraleko 12:00etan. Inputatu gisa egingo du.

Munduko Koparen finalean, Rubialesek Jennifer Hermoso Espainiako selekzioko futbolariari haren borondatearen aurka ezpainetan musu eman zion; duela hiru aste gertatu zen hori. Hermosok presidentearen kontrako salaketa formalizatu eta gero, joan den ostiralean Fiskaltzak kereila jarri zuen Rubialesen aurka. Bi leporatzen dizkio: bata, sexu erasoa egin izana; bestea, jokalariari eta haren ingurukoei behartu izana gertakaria justifikatzea. Francisco de Jorge epaileak nahikoa proba ikusi ditu kereila onartzeko, presidente izandakoaren kontrako auzibidea irekiz. Eskatu du hedabideetan zabaldu ziren bideoak eta irudiak batzeko.

Soilik baietz da baietz legeak zigortzeko modukoak jasotzen ditu baimenik gabe ahoan emandako musuak, Fiskaltzaren arabera. Auzibideari ekiteko erasoa jasan duenaren edo haren ordezkari legalaren salaketa edo fiskaltzaren kereila bat behar da. Hori jakinarazi zion fiskaltzak Hermosori, eta hala egin zuen futbolariak joan den astean. «Zaurgarri eta eraso baten biktima» sentitu zela salatu zuen. Ondoren heldu zen Fiskaltzaren kereila.

Oraingoa ez da hiru asteotan Rubialesen aurka hartu den erabaki bakarra: FIFAk 90 egunez kargugabetu zuen, eta Espainiako TAD Kirol Auzitegi Administratiboak «larritzat» jo zuen finalean egindakoa. Dena dela, behin dimisioa emanda argitu beharko da zer egiten duen TADek.

Rubialesen auziak Espainiako Federazioko beste kide bat zipriztindu du: Jorge Vilda selekzioko hautatzailea. Ez zuen dimisioa eman; joan den astean kargugabetu zuen federazioak. Rubialesekin batera iritsi zen kargura, eta hari txaloka aritu zen federazioko presidente gisa dimisioa emango ez zuela iragarri zuen agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.